Koronabirusa

ELAk eta LABek lan erreforma berehala indargabetu dadila exijitu dute

Arantxa Tapiak eskatu die ituna sinatu duten alderdiei edukia zehaztu dezatela, «gauza bat idatzi baina PSOEk beste bat esan duelako»

Joxerra Senar-Xabier Martin
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Pandemiaren erdian, bat-batean, lan erreforma agenda politikoaren erdigunean jarri du akordioak. Ezinbestean, gizarte eragileek itunaren edukiari erreparatu diote. Sindikatu abertzaleek ontzat jo dute, eta 2012ko lan erreforma berehala eta osorik indargabetzeko eskatu dute. Hala ere, ñabardurak izan dira haien analisietan. ELAk, adibidez, azken lan erreformak indargabetzeko eskatu du, eta ez soilik Mariano Rajoyren agintaldian ezarri zena: 2010ean eta 2011n Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak bultzaturikoak ere kentzeko eskatu du. LABek, berriz, lan erreforma osorik baliogabetzeko eskatu du, lan baldintzak okertzeko «erreminta nagusia baita».

ELAk «albiste handitzat» joko luke akordioa hitzez hitz bete eta lan erreforma indargabetuko balitz. Dena den, zalantzak agertu ditu:«PSOEren berehalako erreakzioak eta egoera askotan duen sinesgarritasun faltak aurrerapen gutxi iragartzen ditu. Oso litekeena da testu hori ia puntu bakar batean ere ez aplikatzea», adierazi du, mesfidati. ELAren ustez, azken hiru erreformak kendu ezean, «krisi ekonomiko hau sarraski bat izan daiteke enplegu eta lan baldintzentzat».

Horregatik, garrantzitsutzat jo du akordioa gauzatzea, eta hitza betetzeko eskatu dio PSOEri; bestela, PSOErena izango da etorriko den horren erantzukizun politikoa, ELA sindikatuaren ustez. Premiazko deritzo bi auziri erreparatzeari: batetik, langileak banaka edo enplegua erregulatzeko espediente bidez kaleratzeko aukera berrikusteari; bestetik, lan baldintzak murrizteko neurriak kentzeari, batik bat negoziazio kolektiboaren egitura berrikusiz eta estatuko hitzarmenei lehentasuna emateko klausula ezabatuz.

LABen ustez, «garaipen bat da langileentzat», erreformak kalte handia egin baitie. «Lan prekaritatea amaitzeko hartu beharreko neurria zen, gainera». LABek nabarmendu du negoziazio horretan EH Bilduk langileen eskubideen aldeko defentsa egin duela eta EAJ, aldiz, «Confebasken alde» aritzen dela, «AHT aurrera ateratzeko eta bere interesen mesedetan».

LABen ustez, Madrilgo gobernua sostengatzen duten bi alderdien zeregina da akordioa gauzatzea. ELAren ildo beretik, Zapateroren 2010eko lan erreforma kentzeko ere eskatu du, hark ireki zuelako bidea estatuko hitzarmenek lehentasuna izan zezaten bertako hitzarmenen aldean. Halaber, sindikatuak nabarmendu du Hegoaldeko gobernuek, diputazioek eta udalek baliabide gehiago izatea aurrerapauso bat dela krisi honen ondorioei aurre egiteko.

Tapiak garrantzia kendu dio

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, ordea, garrantzia kendu nahi izan dio akordioari. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Tapiakhiru alderdiei eskatu die zehazteko edukia, «gauza bat idatzi dutelako eta PSOEk beste bat esan duelako». Hain zuzen ere, PSOEk herenegun gauean zehaztu zuen lan erreforma ez duela osorik aldatuko, hiru puntutan baizik: gaixo agiriak eragindako absentismoagatik kaleratzeko aukera kentzea, hitzarmen ekonomikoaren epeei ezarritako mugak kentzea eta enpresa hitzarmenek lehentasuna izatea sektore itunen gainetik.

Tapiaren arabera, lehen puntua «eginda» dago, eta beste biak «hainbat aldiz» negoziatu dira Kongresuan. Sailburuaren ustez, hiru alderdiek azaldu beharko lukete «besterik zer egin daitekeen, horrez gain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.