Mendia. Maider Gaztañaga. Neguko triatloilaria

«Triatloi zuriek xarma handia dute, oso gogorrak direlako»

Maider Gaztañaga bikain moldatzen da igerian, bizikletan, korrika eta iraupen eskian. Punta-puntan dabil udako triatloietan, eta, azkenaldian, baita negukoetan ere: Espainiako Txapelketa irabazi berri du otsailean.

PHOTODEPORTE.
Ordizia
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Maider Gaztañaga (Ordizia, 1974) txikitatik izan da kirolaria. 24 urtera arte buru-belarri aritu zen igerian lehian. Gaztaroan, ordea, beste kirol batzuetan hasi zen, eta azken urteetan triatloian egin da ezagun, udan nahiz neguan. Makina bat lasterketa irabazi du, eta otsailetik Espainiako Neguko Triatloiko txapelduna da.

Otsailaren hasieran Espainiako Neguko Triatloiko Txapelketa irabazi zenuen Reinosan (Kantabria). Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia handia izan da. Orain bi urte ere irabazi nuen Espainiako Txapelketa, Jakan (Huesca, Espainia). Orduan, ordea, nahaste izugarria gertatu zen korrikako saioan, eta emakume asko lasterketatik kanpo utzi gintuzten. Urte berean, azaroan ebakuntza egin zidaten, eta 2013a osatzen eman dut. Horregatik, aurtengo garaipena handia izan da niretzat.

Egungo triatloilari onenak bildu zineten proban: Inma Pereiro, Ana Casares... Nola joan zen lasterketa?

Korrika Anarekin egin nahi nuen. Donostiako maratoian oso denbora ona egin zuen, eta harekin sartu nahi nuen lehen aldaketara. 2012an Izabako triatloi zurian hipotermiak jo ninduen, eta aurten bi termiko jantzi nituen. Hasieratik nahiko itota joan nintzen horregatik, baina Anaren erritmoari eustea lortu nuen, eta batera sartu ginen bizikletaren bila. Aldaketa Anak baino azkarrago egin nuen, eta aurretik atera nintzen bizikletan, baina berriz ere gelditu egin behar izan nuen kaskoa ez neukalako ondo lotuta. Anak harrapatu egin ninduen orduan, baina mendatea igotzen hasi, eta atzean utzi nuen berriro. Egia esan, bizikleta saio ona egin nuen. Azken zatian hiru bira egin behar genituen alpinoko eski pistetan. Bizikletako nekea asko nabaritu nuen, eta lehen bira oso gogorra egin zitzaidan. Hurrengoetan, erritmo bati eutsi, eta hobeto ibili nintzen. Poz handia eman zidan helmugara lehenengo iristeak, maila polita zegoelako aurten.

Iraupen eskiko tartea bereziki gogorra izan omen zen.

Bai, oso ibilbide gogorra izan zen. Aurreko eguneko bilera teknikoan korrikalari askok kritikatu zuten ibilbidea, baina antolatzaileek ez zuten aldatu. Eskiak jantzi bezain laster aldapa handiak igo behar genituen, eta eguraldi kaskarrak are gogorrago egin zuen. Askok bizikletako kaskoa kendu ere ez zuten egin badaezpada. Eskiatzaile trebeentzat ez zen ibilbide egokia izan; gainerakoontzat, bai, teknika onik ezean indarraren eraginez egiten dugulako aurrera. Aldapa gogorrak zirenez, zaila zen irrist egitea, eta makilei gogor eraginez joan behar genuen aurrera. Ni neu nekatuta nengoen, baina banekien gogor ekin behar niola maldan gora atzean ez geratzeko. Jaitsierak ere pikoak ziren, eta jende asko erori zen. Ni neu ere erori nintzen azken biran, baina, oro har, nahiko ondo jaitsi nituen aldapak. Hala ere, nekearen ondorioz, asko kostatu zitzaidan frenatzea, bira egitea eta abiadura hartzea.

Noiz eta nola hasi zinen neguko triatloietan?

2000. urtean egin nuen lehen triatloi zuria, Jacan. Eskiak janzten nituen bigarren aldia zen. Ama izan aurretik ia astebururo joaten ginen eskiatzera senarra eta biok. Oso burugogorrak gara, eta nola edo hala zerbait ikasi genuen, lagunekin eta gainerako eskiatzaileei begira. Hortik aurrera autodidaktak izan ginen, eta astebururo astinaldi izugarriak hartzen genituen. Nire kirol bizitzako txakalaldi handienak Somporten izan ditut [barrez].

Neguko triatloia ez da oso kirol ezaguna oraindik, baina gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Zertan datza zehazki?

Neguko triatloiak formatu hau izaten du gehienetan: 10 kilometro korrika asfaltoan, 25-30 kilometro errepideko bizikletan eta, azkenik, 10 kilometro iraupen eskian pistetan. Formatua asko gustatzen zait, baina oso gogorra da, distantziarengatik, hankak oraindik ez ditudalako zeharo eginda eta eguraldi zakarrak are gogorrago egiten duelako.

Nolakoak izaten dira modalitate batetik besterako aldaketak?

Neguko triatloiko aldaketak gogorragoak dira udakoak baino. Korrika asko erabiltzen ditugu hankak, eta, ondorioz, bizikletako lehen kilometroak oso gogorrak izaten dira. Bizikleta utzi eta eski gaineko lehen pausoek ere min ematen dute. Muskulu berri asko deskubritzen ditut aldaketa horretan! [barrez]. Komeni da aldaketak entrenatzea, giharrak ohitzeko eta gorputzak lasterketan aldaketak gogoratzeko.

Eguraldiak ere erabat baldintzatuko ditu lasterketak, ezta?

Bai, eguraldiak eragin handia du. Nik neuk korrika egiteko nahiago dut hotza, hankak beti doazelako pausoka eta ez dagoelako atsedenik. Bizikletan, berriz, eguraldia oso kaskarra bada, hotzak kalte egiten die muskuluei. Bestalde, elurraren egoerak ere erabat baldintzatzen du eskiko zatia.

Posible da hiru kiroletan ondo aritzea?

Bai, posible da. Are gehiago, punta-puntan ibiltzeko ezinbestekoa da hiru kiroletan ongi moldatzea. Ni neu bizikletan eta korrika antzera ibiltzen naiz; eskiatzen, berriz, ez horren ondo.

Udako triatloietan ere ibiltzen zara. Zein dituzu nahiago?

Oso ezberdinak dira. Neguko triatloiek xarma berezia dute, oso gogorrak direlako. Eskiko zatia borroka pertsonala izaten da niretzat, eta sufritu arren gozatu ere egiten dut. Gainera, eskiatzeko modua ere bada niretzat. Udako triatloietan, berriz, eguraldia hobea izaten da. Ni neu igerilaria izan nintzen gaztetan, eta itsasoa izugarri gustatzen zait, eta, horregatik, udako triatloiak ere asko gustatzen zaizkit.

Igerilaria izan zinela esan duzu. Noiz eta nola hasi zinen kirolean?

Txikitan igeriketan ibili nintzen Ordizian. Beka bat lortu nuen, eta 13 urterekin errendimendu handiko zentro batean egon nintzen Gasteizen. Beste beka bat lortu, eta Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen gero, 16 urtetik 24 urtera arte izan nintzen han, igerian trebatzen.

Nola uztartzen dituzu lana, familia eta kirola?

Gurasoei esker moldatzen naiz, haiek gabe ezinezkoa izango litzateke! [barrez]. Egun batzuetan haserre bukatzen dut, ezin naizelako nahi beste entrenatu. Gogorra da nekatuta egon eta 21:00etan arrabolean jarri behar izatea, baina zerbait lortu nahi duenak… Dena den, libreki sartu naiz honetan, eta libre naiz nahi dudanean uzteko ere. Jon Aranburu laguna daukat entrenatzaile, eta asko laguntzen dit prestaketan.

Bizikletan, korrika eta igerian entrenatzeko, denbora behar da. Iraupen eskian entrenatzeko, ordea, baita elurra ere. Nola moldatzen zara?

Bi seme-alaba dauzkat, eta, tamalez, ezin naiz eskiatzera nahi beste joan. Reinosako txapelketa baino lehen, esaterako, egun bakar batean eskiatu ahal izan nuen. Orain dela zenbait urte hobeto eskiatzen nuen, baina azken zazpi-zortzi urteetan ez dugu elurretan fundamentuz entrenatu. Bestela ere nahiko denbora joaten zait bizikletan, igerian eta korrika entrenatzen.

Noraino iritsi nahiko zenuke kirolean? Ametsik baduzu?

Kirola zaletasuna da niretzat, eta ez, ez daukat amets berezirik. Dena den, mendia ikaragarri gustatzen zait neguan, eta mendiko eskia, esaterako, ikasi nahiko nuke.

Zaletasuna izanagatik, punta-puntan zabiltza azkenaldian. Inoiz pentsatu duzu kiroletik bizitzea?

Ez, inolaz ere ez. Bi ume, hipoteka bat eta lan finko bat ditut, eta nahiago dut platereko babarrunak lanetik ateratako diruari esker lortzea. Kirolean ez dakizu zer gerta daitekeen; urte onak eta txarrak daude, lesioak…

Horrenbeste lasterketa eginda, bitxikeriaren bat edo beste gertatuko zitzaizun inoiz...

Lehenengo neguko triatloia oso berezia izan zen. Neskak mutilak baino lehenago atera ginen,eta korrikako zatia lehenengogizonezkoarekin amaitu nuen. Bizikleta hartu eta hizketan hasi zitzaidan. Elkarri erreleboak emanez joateko esan zidan. 'Erreleboka? Zer da hori?', esan nion [barrez]. Ni oso gutxi nenbilen orduan bizikletan, eta ziztuan egin zidan alde. Eskiko zatiari ekin nionean ere beste pasadizo bat izan nuen: Candanchuko ibilbidean ahal nuen bezala bueltaka nenbilela, senarra lurrean etzanda ikusi nuen [hura ere lasterketan parte hartzen ari zen]. Masajea ematen ari zitzaizkion hankak goraka jarrita. Kezkatu egin nintzen, eta eski pistak alderik alde zeharkatu, eta harengana joan nintzen ondo zegoen ikustera. Apustua joa genion elkarri, eta ondo zegoela ikusi nuenean, berriz ere eskiak jantzi eta ziztu bizian egin nuen alde, lasterketa amaitu eta hari apustua irabazteko! [barrez].

Emakumea vs kirola. Nola ikusten duzu binomio hori?

Egun geroz eta emakume gehiagok egiten dute kirola, baina, egia esan, ez diot asko erreparatzen horri. Nik txikitatik egin dut kirola, eta ama izan ondoren ere bai. Egia da hasieran zailagoa dela, baina haurrak 4 urte betetzen dituenetik ez dut uste aitaren eta amaren artean alde handirik dagoenik haiek hazteko. Azken finean, kirola maitatzea da kontua, izan emakumea izan gizonezkoa.

Igandean jokatuko da Izabako neguko triatloia. Han izango zara?

Ez, tamalez ez. Asko gustatzen zait lasterketa hori, baina aurten ezingo naiz joan. Bi aste barru Oñatin hasiko dut duatloi denboraldia, eta Arrigorriagako eta Arbizuko duatloiak ere egin nahi ditut gero. Ondoren triatloiei ekingo diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.