EBren zigorra Googleren aurka. Bruselaren erabakia

Bruselak Google zigortu du, eta isun gehiago jartzeko oinarriak ezarri ditu

2.420 milioi euro ordaindu beharko ditu konpainiak, monopolioen aurkako legeak hautsi dituelako. Kasuak «aurrekaria» ezarri du, frogatutzat jo delako bilatzaileak merkatuan duen nagusitasuna

Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioa, Googleren isunaren nondik norakoak azaltzeko agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE.
Ivan Santamaria.
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak inoizko isun handiena jarri dio Google konpainiari. 2.420 milioi euro ordaindu beharko ditu AEBetako erraldoi teknologikoak, monopolioen aurkako legeak urratu eta lehia babesten duten arauak ez betetzeagatik. Bruselaren eta Googleren arteko borroka ez da hor geratuko. Kasuan frogatutzat jo dute Interneteko bilatzaileak merkatu nagusitasuna duela, eta enpresaren beste praktika batzuk ere horren arabera epaituko dituzte lehia arduradunek, zigor gehiagorako bidea zabalik utzita.

Orain dela zazpi urte hasi ziren ikerketak, Googleren lehiakideek aurkeztutako kexuei erantzuteko. Hasieran, salatutako praktika horiek akordio bidez zuzentzeko aukera eman zitzaion enpresari. Konpromisoak betetzen ez zituela ikusita, batzordeak berriro zabaldu zituen auziak, eta gaur egun hiru prozedura ditu martxan Googleren aurka: prezioak alderatzeko zerbitzua, Android sistema eragilea eta Adsense iragarki plataforma dituzte jopuntuan lehia arduradunek.

Kasu guztietan, antzeko argudioak ditu Bruselak Googleren aurka egiteko. Hau da, Internet bilaketan duen merkatu nagusitasuna baliatu duela konpainiak—%90 baino gehiago kontrolatzen du EBko herrialde gehienetan— bereak diren beste zerbitzuei eta produktuei abantaila emateko lehiakideen aurrean.

Lehen zigorra Google Shopping zerbitzuari dagokio; produktuen prezioak alderatzeko tresna bat da. Bruselak ondorioztatu du 2008. urtetik aurrera bilatzailearen algoritmoak aldatu zituela Googlek. Hala, konpainiaren zerbitzua beti agertzen zen bilaketetan lehentasunezko lekuan, eta antzeko zerbitzua eskaintzen zuten beste lehiakideen tresnak askoz atzerago bidaltzen zituen. «Googlek egin duena legez kanpokoa da. Merituen arabera lehiatzeko eta berritzeko aukera ukatu die lehiakideei. Eta garrantzitsuena, berrikuntzaren onurak ukatu dizkie Europako kontsumitzaileei», laburtu zuen Margrethe Vestager Lehia komisarioak, erabakiaren aurkezpenean.

Isun historikoa Europan

Lehia askea urratzeagatik inoiz jarritako isun handienari aurre egin beharko dio Googlek. Aurrekoa 2009. urtean Intel enpresari ezarritakoa zen: 1.060 milioi. Berez, Google Shoppingek izandako irabazien %30era bitarteko isun bat jartzeko aukera zuen Bruselak, arau hausteak iraun zuen urteekin biderkatuta. Zigorra, gehienez ere, konpainiak izandako urteko fakturazioaren %10 izan zitekeen: 8.000 milioi euro. Zigor handia da —Osakidetzaren urteko aurrekontua da, gutxi gorabehera—, baina Googleren jatorriko konpainiak, Alphabetek, daukan negozio eskergarekin alderatuta, gutxiago: joan den urtean konpainiak izandako irabazien %14 da. Kontuan hartu behar da, gainera, Googlek 43.000 milioi euro dituela gordeak AEBetatik kanpo, dirua sorterrira bueltatzean ordaindu beharko lituzkeen zergetatik libratzeko.

Googlek 90 egun ditu zigorra eragin duen praktika bertan behera uzteko. Ardura guztia enpresaren bizkarrean jarrita dago: argitu beharko du nola beteko duen agindutakoa, eta nola bermatuko duen lehiakideek aurrerantzean tratu bera izatea. Bruselak ikuskatuko du prozesua, eta, ez badu aldaketa nahikorik ikusten, beste isun bat jartzeko aukera luke. Eguneko 10,5 milioi euro arteko zigorra izan liteke. Alphabetek munduan duen eguneko fakturazioaren %5 da kopuru hori.

Zigortutako praktika horrek kalte egin diela uste duten enpresek eta pertsonek aukera izango dute auzitara jo eta kalte-ordain bat exijitzeko. «Erabaki honek eskatzen du Googlek lan egiten duen modua aldatzea eta egindakoen ondorioei aurre egitea», ohartarazi zuen Vestagerrek. Konpainia ez dago ados ondorioekin, eta aurreratu du erabakiaren aurkako helegitea jartzea aztertzen ari dela.

Aurrekaria ezarrita

Europako Batzordearen erabakiak ondorio zabalagoak izango ditu. Prozeduraren barruan, batzordeak frogatutzat jo du Googlek merkatu nagusitasuna duela Interneteko bilaketen merkatuan, gutxienez 2008. urtetik. Aurrekaria ezarri du ebazpenak, eta teknologia enpresa horrekin zerikusia duten beste auzi guztiak ikuspuntu horretatik epaituko dituzte aurrerantzean. Berez, Europan ez da legez kanpokoa nagusitasun egoera bat izatea, baina horren truke «arreta berezia» exijitzen dela gogoratu zuen Vestagerrek, merituen araberako lehia bermatzeko. Googlek beti borrokatu izan du definizio hori. Praktikan, nagusitasunari lotutako gehiegikeriak zorrotzago epaitzeko bidea hartu du Bruselak.

Ondorio politikoak ere ikusteko daude. Lehendik ere gaiztotuta zeuden EBren eta AEBen arteko harremanak. Bruselak zenbait fronte ditu irekiak teknologia enpresa amerikarren aurka —besteak beste, zergarik ez ordaintzeko erabiltzen dituzten trikimailuen ondorioz—, baina, Atlantikoaren beste aldean, aurreratuagoak diren enpresei trabak jartzeko eta euren irabazietatik profitatzeko modu gisa interpretatu izan dituzte saio horiek , baita Barack Obamaren presidente zenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.