Genk 2. Athletic 0

Etxerako lanak dakartza

Athleticek asko sufritu du Genken oldarkortasunari aurre egiteko eta merezita galdu du b San Mamesen erreakzionatu beharko du Europan aurrera egiteko

Aritz Aduriz burumakur, atzoko partidako jokaldi batean huts egin ondoren. JULIEN WARNAND / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Brabecek (40. min.). 2-0: Ndidik (83. min). Epailea. Stefan Johannesson (Suedia). Txartel horiak: Genkeko Susici; eta Athleticeko Aduriz, Garcia, Lekue eta Muniaini. Bestelakoak. 9.000 ikusle inguru Luminus Arenan. 600 inguru athleticzale.

Ernesto Valverderen argazkia argigarria zen. Aulkiko eserian hondoratuta, hankak gurutzatuta, haserre aurpegiarekin eta zelaira begiratu gabe. Hala bukatu zuen atzoko partida, buru janean eta ageriko haserrearekin. Arrazoirik ez zitzaion falta, Athleticek oso irudi kaskarra emanda galdu baitzuen Genken. Eta, hori gutxi ez balitz, Yeray andan atera zuten zelaitik eta Adurizek herrenka bukatu zuen. Athletici asko zaildu zaio Europa Ligako bidea.

Bilboko taldeak San Mamesen jarri beharko du fede guztia Europan aurrera egiteko, orain multzoko azken postuan baitago. Genk —azaroaren 3an— eta Sassuolo hartuko ditu bigarren itzulian eta partida horietan izango du jokoan aurrera egitea. Hori bai, gol aldea ere kontuan hartu beharko du, Italian hiru gol hartu baitzituen eta atzo bi Flandrian.

Merezita galdu zuen Athleticek Genken, eta sasoi hasierako sentsazio txarretara itzuli zen. Etxekoak gehiago izan ziren, hala taktikoki nola izaeraren aldetik. Genkek askoz oldarkorrago jokatu zuen, jaberik gabeko baloietan hozka egin eta goian presionatuz. San Josek eta Iturraspek asko sufritu zuten, eta partida osoan ez zuten bat egin aurreko hiruko lerroarekin. Hor egon zen gakoetako bat, ordena falta. Partida irekia izan zen, area batetik bestera jokaturikoa eta anabasan etxekoen ahal fisikoa gailendu zen.

Hasi, halere, Athletic hobeto hasi zen. Genkek ez du kalitatea soberan eta zuri-gorriek partida kontrolpean izan zuten hasieran. Adurizek bi gol aukera on izan zituen lehen hogei minutuetan. Aurrenekoan gehiegi loratu zuen baloia (12. min.), eta bigarrenean epaileak ez zuen ontzat eman bere gola (21. min.). Gutxigatik baina aurrelaria jokoz kanpo zegoen.

Partidak aurrera egin ahala, baina, Athletic kontrola galtzen joan zen. Genkek ez zuen aukera garbirik izan, baina huts bat baliatuta sartu zuen lehen gola (40. min.). Lekuek aldaratze bat hartu zuen area ertzean eta oso bigun egon zen. Urrundu beharrean, kontrolatzen saiatu, eta Susicek lapurtu zion baloia. Baileyk hartu zuen area barruan eta bere jaurtiketa Herrerinek urrundu zuen. Area txikiko aldaratzera Genkeko hiru jokalari joan ziren eta Brabecek sartuz uen gola. Sari handiegia zen etxekoentzat.

Adurizen belaunkada

Bigarren zatia okerragoa izan zen, Genk atzean sartu zelako. Hasi gainera itsusi hasi zen, korner batean, eta baloia tartean egon gabe, Adurizek belaunkada bortitza eman ziolako Buffeli. Epaileak ikusi izan balu txartel gorria aterako zion. Aurreko jokaldian sestra izan zuten bi jokalariek eta Buffelek eskuarekin jo zion, aurpegian baina erreakzioa justifika ezina da. Handik gutxira Buffellek zelai utzi zuen kolpearengatik. Ikusi beharko zigorrik dagoen.

Gaizki hasi zen zatia eta ez zuen hobera egin. Athelticek zuen baloia baina bere gabeziak agerian gelditu ziren. Beñatekin oroitu zen bat baino gehiago. Baloia mugitu bai, baina sakontasunik gabe. Genkek, aldiz, kontraeraso pare bat josi zituen, eta bigarren gola lehenago iritsi ez bazen Herrerini, taldeko onena, esker izan zen. Golean, baina, ezer gutxi egin ahal izan zuen (83. min.), Ndidik baloia atetik hogeita hamar metrora hartu eta zartako harrigarriz bidali baitzuen sareetara. Bi euskarriak bigun aritu ziren.

Azken txanpan gauzek okerrera egin zuten, Yerayk orkatila mindu baitzuen86. minutuan. Ondo jokatu zuen,baina ezin izan zuen bukatu. Gaur jakingo da lesio larria den. Adurizek ere, atzokoan ilun, minez bukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.