Joseba Asiron Saez.
1978ko sanferminen 40. urteurrena. German Rodriguezen hilketa. IRITZIA

Irribarre baten garrantzia

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Larunbata zen, 1978ko uztailaren 8a, sanferminetako larunbata, eta mundu guztiak daki horrek zer esan nahi duen. Sekulako jendetza kaleetan, eta bisitari asko Iruñean. Aurreko eguneko prozesioa nahiko lasaia izan zen, baina 6ko txupinazoa udaletxeko lehen pisuko balkoietatik jaurti behar izan zuten, bigarren solairua gazte batzuek okupatua zegoelako, amnistia aldarrikatuz.

Garai hartan, 16 urte nituen, eta zezenketaren orduan kalean nengoen lagun batzuekin, peñen irteeraren zain. Sarasate pasealekutik entzun genituen lehen tiroak eta anbulantzien soinua, baina, egia esateko, ez ginen gehiegi izutu. 70eko hamarkadako nerabeak ohituta geunden, neurri batetan behintzat, gure aisia pilotakaden eta poliziaren erasoen artean garatzera.

Hala ere, momentu hartan zezen plazan gertatzen ari zena ezagutu izan banu, zeharo larrituko nintzatekeen. Zezenketen amaieran gazte gutxi batzuk hondarretara jaitsi ziren amnistia eta askatasuna aldarrikatzen zuen pankarta batekin, haien artean Koldo, nire anaia nagusia, zegoela. Eta pankarta hura aitzakiatzat hartuz polizia tiroka sartu zen zezen plazan, mundu guztiak dakien bezala. Anaia zezenen haragia garraiatzeko erabiltzen zen kamioiean ezkutaturik atera behar izan zen zezen plazatik, nire aitak, ordea, ez zuen zorte bera izan. Pankartako gazteetako bat bere semea zela ikusirik, poliziei oihuka hasi zen (modu zakarrean, segur aski...) gelditzeko eta handik alde egiteko, eta ausardia larrutik ordaindu zuen, hantxe bertan sekulako jipoia eman ziotelako. Aitak lurrean amaitu zuen, konortea galduta, eta nire ama bere gainean botata aitaren gorputza kolpeetatik babestu nahian. Ikaragarria.

Orreaga etorbidean German erail zuten ordu bertsuan iritsi nintzen ni etxera, eta orduan jabetu nintzen familia-panorama guztiaz. Aita, ama eta anai-arreba gazteenak etxean ziren ordurako, baina Koldo ez, eta ardurak hartuta zeuden guztiak. Koldo dexente beranduago iritsi zen etxera, zezen plazatik atera ondoren mobilizazioetara joan zelako. Germanek egin zuen bezalaxe. Garai hartako gazte askok eta askok bezalaxe.

Ia 40 urte geroago, 2018ko ekainaren 8an, Iruñeko Udalak martxan jarritako Egiaren Batzordeak gertaera haien inguruko txostena aurkeztu zuen Gaiarre antzokian. Eta guztiok aldez aurretik jakin genekiena berretsi zuten. 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa muntaia bat izan zela, estatuak Iruñeko gizartearen aurka burututako mendeku planifikatua.

Gaiarreko ekitaldian Iruñeko alkate gisa hitz labur batzuk esatea egokitu zitzaidan, eta hemen idatzitakoak emozio handiz kontatu nituen. Koldo anaiaren aipamena ere egin nuen, 70eko eta 80ko hamarkadetako gazteria borrokalariaren omenaldi gisa, txalo zaparrada artean.

Amaitutakoan, anaiaren etxera abiatu nintzen, lasterka, berarekin hitzordua nuelako. Koldo ohean etzanda aurkitu nuen, ordurako oso gaixorik baitzegoen. Eskutik heldu nion, eta Gaiarren berari buruz esandakoak aipatu nizkion, baita hura entzutean antzoki osoa txaloka hasi zela ere. Begiak ireki gabe entzun zidan, eta, bukatutakoan, «mila esker» esan zidan, baita niretzako gordeko ditudan beste hitz goxo batzuk ere. Gero, nire aurrean lokartu zen, berriro, neka-neka eginda, eskua askatu gabe eta aurpegian irribarre bat marraztua zuelarik.

Koldo anaia sei egun geroago hil zen, ekainaren 14an, minbiziak jota, eta berarekin eraman zituen orain dela 40 urte bizi izaniko sentimendu guztiak, beldurrak, ausardiak eta amorruak. Horregatik, artikulu hau idaztea proposatu zidatenean haren bizitzako pasarte hau kontatzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Gaiarre antzokian egin nuen bezala, Trantsizioa bizi izan zuen gazteria konprometitu, ausart eta borrokalari guztiari besarkada bero bat bidaltzeko aitzakia polita delako. Izan ere, askatasuna, amnistia, diktadurarekiko haustura eta benetako demokrazia aldarrikatzen zuten gazte haiek oso garrantzitsuak izan ziren gaur egun Iruñeak eta Nafarroak bizi duten aldaketa politikoaren gauzatzean.

Koldoren azken irrifarra niretzat izan zen bezain garrantzitsua, gutxienetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.