4.0 industriara daramaten hainbat mugarri teknologiko

IK4 Aliantzako zentroek eta Tecnaliak beren diseinuak erakutsi dituzte Makina-erremintaren Biurtekoan, fabrikazio aurreratuaren atalean

Agustin Saenz Tecnaliako arduraduna bere diseinuak erakusten, atzo. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zentro teknologikoek ez dute hutsik egin makina-erremintaren aurtengo biurtekoan. 4.0 industria esaten dioten iraultzaren fabrikazio prozesuetan urrats gehiago egiteko aurrerapenak erakutsi zituzten atzo Idekok, Ikerlanek eta Teknikerrek, IK4 Aliantzako kideek. Digitalizazioa, fabrikazio aurreratua eta robotika kolaboratiboaren ataletan garatutako diseinuak plazaratu zituzten.

4.0 industria egia baita dagoeneko. Tecnaliako zuzendari Agustin Saenzek hala esan zuen. Tecnaliak ere bere diseinuak erakutsi zituen BECen, azken bi urteetan enpresa zehatzetan baliatzen ari diren hemeretzi asmakizun teknologiko. «Enpresen emaitzetan duten eragina» aipatu zuen, fabrikazioa eraginkorra eta kostuak merkatuz lortzen delako, batetik, eta produktu berriak ekoizten hasteko abagunea ematen dutelako, bestetik. Aurreko urtean 40 milioi euroren balioa duten proiektuak garatu ditu Tecnaliak, eta biurtekoan erakusgai duen katagokoek 30-35 milioi euroren fakturazioak eragingo dituzte. Horietako bat da, esaterako, sektore eolikoan, aeronautikoan eta beste batzuetan diseinatutako robot bat, kableak kudeatzeko. %50 hobetzen du produktibitatea, eta %20 jaisten du kostua, Tecnaliak dioenez. Horrez gain, Ibarmia enpresarekin eta EHUrekin batera sortutako 3D inpresioko makina bat erakutsi du, 1,6 metro luze diren piezak egiteko gai dena.

WORKinn enplegu azoka

IK4 Aliantzako kideei dagokienez, koordenadak baliatuz (MMC) neurri handiko makinak kalibratzeko sistema bat erakutsi du Teknikerrek. Astebete edo bi asteko lana egun bakar batean egin daiteke sistema berriari esker. Robot bat izan beharraren neurrira muntatzeko kit bat ere badauka erakusgai, eta baita nitrogeno likidoa eta CO2 baliatzen dituen hozteko sistema bat ere. Hotz horri esker, mozteko makina batek 20 aldiz gehiago iraun dezake.

Idekok Soralucerekin batera garatutako amortiguazio sistema bat dauka BECen. Mozteko makinen eta mandrinadoreen bibrazioak indargabetzen ditu, eta produktibitatea %300 handitu. Ikerlanek, berriz, eraldaketa digitala egiteko sistemak plazaratu ditu. Haien bidez makinak urrutiko kontrolaren bidez gobernatzen dira.

Biurtekoak ez du izan nahi makinen erakusketa soil bat bakarrik, eta sektorearekin lotutako beste arlo batzuetara ere zabaldu da. Aurten, lehen aldiz, enplegu azoka bat ere egin dute. WORKinn-en soslai teknikoa duten sei mila ikasletik gora bilduko dira enpresekin. Kualifikazio tekniko handia duten ehun lanpostu inguru eskainiko dituzte enpresek.

Lan azokaren barruan, hitzaldi sorta bat antolatu du biurtekoak, prestakuntza dualari, ekintzaletzari, atzerriko esperientziei eta tresna digitalei buruz.

Atzo ere fabrikazio gehigarriari buruzko jardunaldiak hasi zituzten 3. pabiloian. Bihar dira bukatzekoak. Makina-erremintako Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresak biltzen dituen AFM patronalak ADDIMAT batu berri du, fabrikazio gehigarrian diharduten enpresak biltzen dituen elkartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.