Nola kalkulatu infektatu guztiak, heriotzetatik abiatuta

Gaixo bat eta fisioterapeuta bat, maiatzean, Gurutzetako ZIUan. ANDONI LUBAKI / FOKU.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun

Martxoan eta apirilean, detektatutako kasu positiboak baino askoz gehiago infektatu ziren. Nola jakin zenbat? Posible da heriotzen estatistiketatik abiatuta estimazio matematiko bat egitea. Hori egiteko modua esplikatzen da segidan, eta kalkulu horrek dituen mugak aurkezten:

Datu ofizialen eskasa. Pandemia hasi eta aste gutxira, begien bistan gelditu zen orduan agertzen ziren kasu positiboen datuek ez zutela errealitatearekin zerikusi handirik. Euskal Herriko osasun sistemak ez zeuden prestatuak horrelako izurrite baterako, ez baliabideetan, ezta datuen tratamenduan ere. Gaur egun agerikoa da ez zirela kasu guztiak detektatzen. Hortaz, benetan kutsatu direnen kopurua ezagutu nahi bada, beste erreferentzia bat bilatu behar da, ezin delako benetan kutsatu zirenen datua atera orduan zabaltzen ziren positiboen datuekin.

Azterketa serologikoak. Espainiako Gobernuaren ekimenez apiril bukaeratik aurrera egin ziren test serologikoen arabera, maiatzaren 11ren bueltan baziren gutxienez 127.000 pertsona inguru antigorputzak garatuak zituztenak. Hala ere, azterketa serologiko harekin ere ez zituzten kasu guztiak atzeman ahal izan, test horiek ere akats tarte bat badutelako, eta zientzialariek ere ez dutelako argi infektatu guztiek antigorputzak garatzen ote dituzten, ezta antigorputz horien iraupena zenbatekoa den ere.

Heriotzak abiapuntu. Udaberrian kutsatu ziren guztiak, asintomatikoak barne, kuantifikatu nahi izanez gero, beste adierazleren bat behar da, beraz, eta heriotzen estatistika da horretarako helduleku bakanetakoa. BERRIAk, Eneko Axpe zientzialariaren laguntzarekin, heriotzen estatistiketatik inferitu ditu izurritean kutsatu direnen kopuruak. Nola egiten da hori?

Aurrena, heriotzen estatistikak. Hasteko, heriotzen datuak behar dira. Izan ere, koronabirusaren eraginez zenbat pertsona hil diren jakinez gero, posible da kalkulatzea zenbat kutsatu diren guztira, IFR infection fatality ratio (kutsatuen hilgarritasun tasa) erabiliz. Heriotzen estatistika ofizialak erabili ditu BERRIAk kalkulu hori egiteko, eta aintzat hartu behar da heriotzen estatistika horiek ez direla zehatzak. Hildako batzuen kasuan, koronabirusa zutela egiaztatzen da, baina ez dago zehaztua koronabirusak zenbat heriotzatan izan zuen zuzeneko eragina. Administrazioak uztailean hasi ziren bereizten zenbat ziren koronabirusarekin hiltzen ari zirenak, eta horietatik zenbat ziren koronabirusarengatik hildakoak. Ordutik eman dituzten datuen arabera, koronabirusarekin hiltzen ari diren eri guztien %75 baino gehiago hiltzen dira, zuzenean, birusaren eraginez. Beste aldera, aintzat hartu behar da heriotzen estatistika horietan koronabirusaren eraginez hildako askoren datuak falta direla, testik egin gabe hil direlako asko. Osakidetzak esan zuen martxoan 400 bat gaixo hil zirela koronabirusaren eraginez, eta Eustatek berriki esplikatu du hilabete hartan %20 heriotza gehiago gertatu zirela birusaren eraginez: 500 edo gehiago. BERRIAk kalkulatu zuen koronabirusaren heriotzen estatistiketan agertzen zirenak baino 500-700 bat heriotza gehiago gertatu zirela udaberrian. Eta erregistro zibiletako heriotzen datuek erakusten dute martxoan eta apirilean espero zirenak baino 2.000 heriotza gehiago gertatu zirela gutxienez. Hain justu, garai hartan zifra horren parean zebilen COVID-19aren heriotzen estatistika ofiziala —egun, 2.600 baino gehiago dira hildakoak—. Alegia, batetik falta direnak kenduta eta bestetik falta direnak erantsita, gutxi gorabehera paretsu daudela erregistro zibiletan ageri diren gehiegizko heriotzen kopurua eta koronabirusak hildakoen estatistika ofiziala. Hortaz, estatistiken arazo horiek aintzat hartuta ere, kopuru ofizialak erabili ditu BERRIAk kalkulu hau egiteko.

IFRaren heldulekua. Gaitz batek zenbat heriotza eragin dituen jakinez gero, posible da jakitea zenbat pertsona kutsatu diren. IFR indizea erabiltzen da horretarako. Zer da? Gaitz batekin kutsatutakoetatik zenbat hiltzen diren horren ondorioz. IFRa kalkulu bat izan ohi da, inoiz ez delako erabat seguru jakiten zenbat pertsona kutsatu eta zenbat hil diren gaitz baten ondorioz. Adibidea emateko: gaitz batentzat %1eko IFRa kalkulatzen bada, eta gaixo bat hil bada, suposatzen da 100 bat infektatu badirela —ez eriak edo sintomak dituztenak: birusaren eramaileak—.

IFRa kalkulatzen. Arazoa da oraindik ez dagoela erabat zehaztuta COVID-19aren IFRa zenbatekoa den, ikertzen ari baitira. Kutsatutako guztien —ez detektatutako kasuen— %0,6 eta %1,6 artean hiltzen direla ari dira ikusten. Tarte horretan legoke COVID-19aren IFRa. Baina indizea aldatu egiten da herrialdearen eta, batez ere, adinaren arabera. IFRan, izan ere, eragina dute hainbat faktorek. Birus honen eraginez hiltzeko arrisku handiagoa dute adin handikoek, komorbilitateak dituztenek... Horregatik, biztanleria zaharragoa duten lekuetan, adineko jende gehiago kutsatu eta hiltzeko arriskua dagoenez, IFR tasa altuagoa izan ohi dute, eta alderantziz. Indize hori, gainera, denboran aldatu egin liteke: osasun sistema bat gainezka baldin badabil eta arnasgailuak falta baditu, adibidez, heriotza gehiago gertatzeko arriskua du, eta horrek ere IFRa igoarazi egingo luke epe jakin batean eta leku jakin batean; baina sistema horrek berak arta eta asistentzia hobetzen baditu, IFRa jaitsi egingo da.

Euskal Herriko IFRa. Zenbait ikertzailek kalkulatu dute Hego Euskal Herriko IFRa %1,1 edo %1,2koa izan litekeela —Marc Bevand informatikari eta ikertzaileak %1,12ko IFRa zehaztua du Espainiarentzat, baina alde handiak egiten ditu adinaren arabera: 90 urtez gorakoen artean %12,5ekoa litzateke IFRa, eta 10 urtez azpikoetan, %0,03koa—. Nazioarteko ikerketa talde batek %1,1 eta %1,3 artean zehaztu du IFRa Europako mendebaldearentzat. Karlos III.a Unibertsitateak esana du Espainian %0,83 eta %1,07 artekoa litzatekeela IFRa orain. Euskal Herrian, heriotzen %40 zahar etxeetako egoiliarren artean izan ziren udaberrian, eta horrek adierazten du kutsatuen portzentaje handi bat adinekoak zirela lehen olatuan; izurritearen hasieran IFRa altuagoa izan zela adieraziko luke horrek. Udan, berriz, gazte gehiago kutsatu dira udaberrian baino, eta horietatik gehienek sintomarik edo larritasunik gabe pasatu dute; horrek iradokiko luke IFRa %0,95 edo baxuagoa izan dela bigarren olatuan.

Kalkuluaren oinarriak. %1,2ko IFRa erabili du BERRIAk kalkulu hau egiteko, baina goiko aldetik eta azpiko aldetik doitu du, %0,9ko eta %1,5eko IFRak ere erabiliz. Zer gertatzen da? IFRa jaisten bada, infektatuen kopurua handiagoa izango dela; eta, alderantziz, zenbat eta IFRa handiagoa izan, orduan eta kutsatu gutxiago. Kalkuluaren emaitzei erreparatuta, sumatzen da lehen olatuan IFRa %1,5etik gertuago ibili zela, eta bigarren olatuan, %0,9tik hurbilago. Kutsatutako jendearen adinaren eta horiek izan ditzaketen patologien arabera edo osasun zerbitzuen prestakuntzaren arabera igo edo jaitsi daiteke IFRa, eta kalkuluak hori iradokitzen du: bigarren olatuan txikitu egin da birusa harrapatzen dutenetatik hiltzen direnen portzentajea.

Iturriak eta xehetasunak. Datuak normalizatzeko, astebeteko batez bestekoak erabili dira kalkulu honetan. Koronabirusaren inkubatze epeari buruzko datua ikerketa honetatik hartua da: The Incubation Period of Coronavirus Disease 2019 (COVID-19) From Publicly Reported Confirmed Cases: Estimation and Application. Eta sintomak garatzen direnetik heriotza gertatzen den artekoa, beste honetatik: Estimates of the severity of coronavirus disease 2019: a model-based analysis. Bestalde, eguneroko ospitaleratze berrien datuetatik ere ondorioztatu dira kutsatu guztien datuak, pentsatuz batez beste hamabi egun behar direla infektatzen denetik ospitaleratu arte, eta kutsatu guztien %5 inguru ospitaleratuak izan daitezkeela —ehuneko hori ez dago baieztatua, eta horregatik ezin da kalkulu fidagarriagorik egin ospitaleratzeetatik abiatuta; zenbait ikerketan aipatzen dute %10ek behar dutela ospitaleratzea, baina asintomatikoak aintzat hartuz gero jaitsi egingo litzateke portzentaje hori—. Hala ere, heriotzetatik inferitutako kalkulua kontrastatzeko erabili da ospitaleratuetatik inferitutako kutsatuen datua, eta emaitzak berretsi egiten ditu ondorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.