Kutxabank auziko erantzule politikoak argitzeko eskatu du akusazio partikularrak

Pozik agertu da Alkorta eta Fernandezen helegiteak onartu ez dituztelako, baina «erantzule politikoak» falta direla nabarmendu du

Akusazio partikularra osatzen duten taldeetako ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Kutxabank auzian akusazio partikularra osatzen duten sindikatu eta erakundeak —LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, Hiru, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma eta EKA— pozik agertu dira Bilboko instrukzioko laugarren auzitegiak hartutako erabakiarekin. Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak eta Rafael Alkorta abokatuak jarritako helegiteak atzera bota ditu auzitegiak, eta akusazio partikularrak pentsatzen du horrek arrazoia ematen diela. Baina, era berean, ohartarazi dute epaiketan «erantzule politikoak» ez direla egongo akusatuen aulkian.

Akusazio partikularraren bozeramaile Ana Perezek eta Urtzi Ostolozagak azaldu dute epaileak berretsi duela akusazioak orain arte esandako guztia, eta autoan agertzen denaren arabera hainbat delituren zantzuak aurkitu dituela: dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta diruaz bidegabeki jabetzea, hain zuzen. Horren ondorioz, ahozko epaiketa egiteko agindu du.

Berriro gogora ekarri nahi izan dute zein den auziaren muina: Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoa, kargua utzi zuenean, hasi zen 6.000 euroko soldata jasotzen Kutxabanketik, ustez «lan hori egiteko prestaturik egon gabe», eta, gainera, «lan hori inoiz bete gabe». Gogorarazi dute Fernandezek adierazi zuela «arlo politikotik» eskatu ziotela neurri hori hartzeko, eta horrelakoak «ohikoak» izaten zirela.

Horregatik, akusazio partikularrak uste du epaituko dituzten akusatuak ez direla erantzule bakarrak: «Ez daukagu inolako zalantzarik Kutxabanken pribatizazio eta bankarizazio prozesuak bide eman diena horrelako egoerei», esan dute, eta prozesu horretan EAJk, PPk eta PSE-EEk izandako esku hartzea nabarmendu dute. «Alderdi horien artean izandako akordioek horrelako mesedeak zekartzaten. Inbestitzaile eta espekulatzaile pribatuen esku utzi dute euskal aurrezkien kudeaketa, alderdi horiek prozesu horretan modu maltzurrean irabaziak lortzeko», erantsi dute.

Beraz, akusazio partikularra osatzen duten taldeek uste dute auzipetuen zerrendan «egon beharko luketen guztiak» ez daudela, eta «erantzule politikoak» falta direla, «bultzatzaileak, harria jaurtiki eta eskua ezkutatu dutenak». Horiei «pauso bat aurrera eman, erantzukizun politikoa beren gain hartu» eta «gutxi batzuen mesedetan»egindako pribatizazio prozesuan «atzera» egin dezatela eskatu diete.

Akusazio partikularrak pentsatzen du orain arte egin duen lana «oso eraginkorra» suertatu dela, «horrelako azpijokoetan dabiltzanak akusatuen aulkian esertzea» ekarri duelako, eta iragarri due «lanean» jarraituko duela. Oraindik ez du zehaztu nolako zigor eskaerak egingo dituen epaiketa iristen denean, baina aurreratu du «legeak aurreikusten duen zigorrik handiena» eskatzeko asmoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.