Euskal taldeak, liga hasierari begira. Eibar. Marko Dmitrovic. Eibarreko jokalaria

«Eibarretik irteteko, eskaintzak oso ona izan beharko luke »

Marko Dmitrovicek aitortu du inoiz baino talde gehiagok jo dutela beregana udan, baina bakar batek ere ez diola eskaintza zehatzik egin. Horregatik jarraituko du taldean, eta Eibarren «oso gustura» dagoelako.

Jone Bastida Alzuru.
Arrasate
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Eibarrek larunbatean hasiko du liga, Mallorcaren zelaian. Lehiari ekiteko prest dago Marco Dmitrovic (Subotica, Serbia, 1992). Ziur da «sasoi betean» iritsiko direla, eta argi du mailari eustea dela helburua. Joan Jordanen eta Ruben Peñaren hutsuneak nabarmendu ditu, baina azpimarratu du iritsi direnak oso azkar egokitu direla.

Mallorca igo berriaren aurka duzue ligako lehen partida. Gogotsu zaudete lehiari ekiteko?

Bai, gogotsu gaude. Denboraldi-aurreak gogorrak izaten dira, baina horrek ematen digu sasoi osorako indarra. Garrantzitsua izaten da. Mallorcaren aurkako partida zaila izango da. Talde igo berria da, eta motibatuta egongo da. Urte batzuetan arazoekin ibili ondoren, Lehen Mailara igo da. Estadioa beteta egongo da, eta ez da erraza izango han irabaztea. Hala ere, dinamika onean gaude, eta ziur nago asteburura sasoi betean iritsiko garela.

Nola joan da sasoi-aurrea?

Ondo joan da. Lehen asteak gogorrak izan ziren, karga fisiko handikoak. Orain, ordea, fresko gaude, lehiarako prest. Gure mailarik onenean ekin diogu Mallorcaren aurkako partida prestatzeari.

Entrenatzaile gogorra da Jose Luis Mendilibar. Asko estutu zaituzte?

Bai, baina badaki noiz izan behar duen gogorra. Ondo neurtzen ditu egoerak. Jendeak lasaitzea behar duenen, berak laguntzen du erlaxatzen ere. Entrenamendu gogorrak egin ditugu, baina liga hasierara ahalik eta ondoen iristeko plangintzaren barruan sartzen da hori. Niretzat, zalantzarik gabe, inoiz izan dudan entrenatzailerik onena da. Azken urteetan Eibar lortzen ari denaren zati handi bat Mendilibarri esker da. Taldeko jokalari guztiekin ondo moldatzen da, eta hori ez da erraza. Taldekide guztien arteko batasuna lortzen du. Oso gustura nago. Ondo sentitzen naiz, eta gozatzen ari naiz. Oraintxe bertan zaila iruditzen zait toki hau baino hobeagorik topatzea.

Mendilibarrek konfiantza osoa izan du zugan hasieratik.

Bai, baina hori nire meritua izan dela uste dut. Lan handia egin dut. Nire onena ematen saiatzen naiz beti. Gero, entrenatzaileak erabakiko du nork jokatu behar duen. Ni beti nago taldeari laguntzeko prest. Ahal dudan guztia emango dut.

Zer eskatzen dizue?

Eskatu? Entrenatzaile guztiek eskatzen dutena, partida guztiak irabaztea [barrez]. Esaten digu bere joko estiloko ideiak zelaian erakusteko. Ligako talderik erasokorrenetako bat garela uste dut. Datu batzuen arabera, aurkarien zelaian minutu gehien pasatzen dituzten taldeetako bat gara. Intentsitate handia eskatzen digu. Entrenamendu guztietan lantzen dugu hori. Gero, partidetan gure erritmoa jartzen dugunean, talde askok ezin izaten diote eutsi. Intentsitate horrekin hausten ditugu.

Nola ikusten duzu taldea?

Oso ondo. Sentipen onak ditut, uste dut bide onetik goazela. Halere, liga hastean ikusiko da nola gauden. Ezberdina izaten da. Puntuak daude jokoan, eta presioa handiagoa da.

Helburua mailari eustea da?

Bai, hasierako helburu nagusia beti da mailari eustea. Denboraldian zehar ikusiko dugu ea beste helburu batzuk ezarri ahal ditugun. Baina, matematikoki mailari eutsi arte, gure asmoa mantentzea izango da.

Eibarrek fitxaketa ugari egin ditu. Ondo ari dira egokitzen? Zer emango diote taldeari?

Bai, oso ondo ari dira egokitzen. Harritu egin naiz zein azkar bereganatu dituzten entrenatzailearen ideiak. Mendilibarrek oso garbi daki zer nahi duen, eta batzuetan jokalari berriei kostatu egiten zaie harrapatzea. Fitxaketa guztiek taldeari asko emango diotela uste dut. Oso onak dira. Asko Bigarren Mailatik datoz, baina, Eibarren, maila horretatik fitxatuta arrakasta izatea lortu duten jokalari askoren adibideak daude. Ziur nago etorri diren guztiek denboraldi ona egingo dutela.

Baten batek harritu zaitu?

Tira, egia esan, ez nituen asko ezagutzen, eta ia guztiek harritu naute. Ez nuke bat nabarmenduko. Maila ederra dute denek.

Jokalari berri asko dira. Horrenbeste aldaketarekin, kostatu egiten da hasieran martxa hartzea?

Azkarrak dira guztiak, kalitate handia dute, eta hainbat postutan jokatzeko gaitasuna. Horrek erraztu egiten du egokitzapena. Gogor ari dira lanean, eta gustura gaude denok. Gainera, Eibar azkar ibili zen merkatuan, eta denboraldi-aurre hasieratik ia guztiok batera ari gara entrenatzen. Hori oso garrantzitsua da. Fitxatu berriek denbora gehiago dute entrenatzailearen ideiak bereganatzeko, eta hobeto ezagutzen dugu elkar.

Joan Jordanek eta Ruben Peñak taldea utzi dute. Nabarituko duzue haien hutsunea?

Bai, maila oneko bi jokalari dira. Urte ikusgarriak egin zituzten Eibarren. Taldean jarraitzea nahi genuen, baina bagenekien klub asko zebiltzala beraien atzetik. Kalitatezko jauzi bat eman dute, eta, nahiz etahaien hutsunea nabarituko dugun, zorterik onena opa diegu.

Jokalari garrantzitsua zara Eibarren; asko hazi zara etorri zinenetik. Bide berari jarraitu nahi diozu?

Bai. Asko gozatzen ari naiz hemen. Gustura nagoenean, errendimendu handiagoa daukat. Hobetzen eta hazten jarraitzeko baldintza guztiak ditut Eibarren. Fisikoki, gainera, inoiz baino hobeto sentitzen naiz. Bi sasoi daramatzat hemen jokatzen; esperientzia dut Lehen Mailan, eta oso gustura nago. Hobetzen jarraitzeko ilusioa dut, eta taldeari lagundu nahi diot helburuak betetzen.

Zaleen gustukoa zara. Haien gertutasuna sentitzen duzu?

Bai, oso gauza polita da. Saiatzen naiz haien hurbiltasuna eta begirunea zelai barruan irabazten. Gogor jarraituko dut lanean. Hori da biderik onena zaleen gertutasuna lortzeko.

Denboraldi honetan aurkari indartsua izango duzu atepean: bueltan da Yoel Rodriguez. Nola ikusten duzu?

Ondo. Yoel atezain eta pertsona bikaina da, aurrera jarraitzera bultzatzen nau. Gogor entrenatzen dugu biok, eta horrek hazten laguntzen digu. Oso harreman ona dugu. Txarrena da biotako batek bakarrik jokatu ahal duela; entrenatzaileak erabakiko du nor izango den.

Lehiakortasuna positiboa da, beraz.

Bai, beti da ona lehiakortasuna. Ez baduzu, erlaxatu egin zaitezke, eta errendimendua jaitsi. Lehiakortasunak dena ematera bultzatzen zaitu; aukerak baliatu behar dituzu. Lehiakortasun positiboa eta osasuntsua dugu. Oso gustura nago berarekin lanean.

Udan zure etorkizuna airean egon da. Jaso duzu eskaintzarik?

Dei gehien jaso ditudan uda izan da. Talde askorekin egon naiz harremanetan, baina ez zait eskaintza zehatzik iritsi. Nire asmoa Eibarren jarraitzea zen. Eibarretik irteteko, eskaintzak oso ona izan beharko luke, niretzat eta klubarentzat. Tituluengatik borrokan dabilen edo Europan jokatzen duen talde batera bakarrik joango nintzateke. Zurrumurru asko egon dira, baina ni oso gustura nago hemen. Eibarren gelditzeko erabakia onena izan dela uste dut.

Eibarrera etortzeko erabakian asmatu zenuela erakutsi duzu denborarekin.

Bai, nire bizitzako erabakirik onena izan zen. Ez nuen espero horren ondo egokitzea. Lehen Mailan jokatzeko eskaintza asko nituen, baina Eibar aukeratu nuen. Oso klub serioa da, ondo egiten du lan. Hazten jarraitu nahi nuen, eta Eibarrek asko lagundu dit horretan. Espero nuen baino maila altuagoan aurkitu nuen kluba.

Zer nabarmenduko zenuke?

Klubeko giroa nabarmenduko nuke. Familia bat osatzen dugu. Nire ustez, hor dago Eibarren indargunea. Hemengo giroarekin, erraza da lan egitea. Gustura etortzen gara, eta erosi ezin den zerbait da hori. Jokalariok asko baloratzen dugu. Klub berezia da.

Zer moduz bizi zara Euskal Herrian?

Oso ondo. Etxean egongo banintz bezala sentitzen naiz. Futboletik kanpo ere gozatu egiten dut. Nire errendimenduan eragin zuzena du horrek. Oso gustura nago.

Gaztelera guztiz menderatzen duzu. Zer moduz moldatzen zara euskararekin?

Nahiko gaizki. Entrenamenduetan, eta handik kanpo, gazteleraz hitz egiten dugu. Gustatuko litzaidake euskara ikastea, baina oso zaila da. Asko gustatzen zaizkit hizkuntzak, ahalik eta gehien jakin nahiko nituzke. Hainbat hizkuntza menderatzea gauza polita dela iruditzen zait. Ea egunen batean hasten naizen euskara ikasten.

Baduzu zure kirol ibilbidean bete nahiko zenukeen ametsen bat?

Ez dakit. Anbizio handiko jokalaria naiz. Guztia irabaztea gustatuko litzaidake: liga, Kopa, Txapeldunen Liga, Munduko Kopa eta Eurokopa. Badakit ia ezinezkoa dela. Ez dut bete nahiko nukeen amets zehatz bat. Hala ere, ilusio handia egingo lidake selekzioarekin tituluren bat irabazteak; oso berezia izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.