Sosa Blanco

Javier Arzuaga frantziskotarra Jesus Sosa Blancori sostengu ematen, epaiketan bertan. JAVIER ARZUAGA.
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Kirol Jauregian epaitu zuten eguna arte ez nuen ezagutu Jesus Sosa Blanco. Egia esan, Fidel Castrok kondenatuta zegoen ordurako, Pedro Mojeron eta Luisi Cardo Graurekin batera, Santiagon lehen hitzaldi hura egin zuenetik: 'Hiru horiek fusilatu egingo ditugu!', esan zuenetik. Hala ere, epaiketa itxura hura egin zuen… Goiz hartan, epaitegiko buruak berak esan zidan arratsaldean Sosa Blanco epaituko zutela, eta, goizean, presoen artean [La Cabañan] nenbilela Sosa Blancorekin egin nuen topo. Erromako zirkoan kristauak lehoietara eramaten zituzten bezala eramango zutela bera epaiketara ari zen esaten.

»—Gaur arratsaldean zurekin izango naiz epaiketan esan nion.

»Horixe Sosa Blancorekin izan nuen lehen elkartzea.

»Arratsaldean, epaiketan, goizean esaten aditu niona esan zuen berriz.

»—Hau da, hau, Erromako zirkoa! Bai, jendea hil nuen, baina borrokan hil nituen. Tiroka ari zitzaizkidan, eta tiroka eraso nion neuk ere. Bata bestea hiltzen ari ginen!

»Hala ere, ikaragarriena, lekukoak epaiketan parte hartzen ikustea izan zen. 1957ko urriaren 12ko gauean ikusia konta zezaten, hainbat guajiro Sierra Maestran hartu eta Habanaraino eraman zituzten... Sosa Blanco delako urriaren egun hartan heldu zen Sierrara, gerrilariek segada egin zioten, eta, jakina, bere burua defenditu zuen. Epaiketaren aurreko egunetan, La Cabañan izan zituzten guajiro haietarik batzuk, eta lazgarria zen ikustea nola diktatzen zizkieten epailearen aurrean esan behar zituzten esaldiak. Baina epaiketan ez ziren gauza izan Dacosta abokatuaren galdera zorrotzak erantzuteko. Abokatuak, izan ere, guajiroek ulertzen ez zuten hizkera teknikoa baliatu zuen, eta, esaldiak buruz ikasiagatik ere, lekuko haiei ezinezkoa zitzaien Dacostaren mailara heltzea. Gainera, Dacostak estu hartu zituen, estu galdekatu zituen: 'Esan berriz!… Esan ozen!… Esan garbiago!...' Eta fiskalak urduri, eta guajiroak izu-ikaratan. Tristea eta iluna izan zen, abokatuak garbi agerian erakutsi zuen lekukoak zenbait hitz esatera prestatu zituztela, baina, azkenean, ez zeuden prestatuta defendatzaile haren berritsukeriari kontra egiteko.

»Eta halaxe amaitu zen gauza. Pedro Morejon eta Luisi Cardo Grauren txanda baino lehen, eten egin zuten epaiketa. Kirol Jauregian Fidel Castroren deia jaso zuten, eta bertan behera utzi zuten hura dena.

»—Fusilamendurik izango da? galdetu nuenean, ez zekitela erantzun zidaten.

»Epaiketa burutu gabe ere, La Cabañara eraman zituzten hiru kondenatuak. Gau hartan estreinatu zen heriotza ziega».

(Javier Arzuagari elkarrizketa, elveraz.com-en)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.