Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Botoak, «bakea sendotzeko»

Rubalcaba Gasteizen eta Iruñean izan da, eta botoa PSOEri emateko eskatu die euskal herritarrei, «bakea egonkortzeko»Indarkeria amaituta «Euskadiren eredua Espainian zabaldu» behar dela esan du

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina hasi zenetik, ez dio gaiari heldu nahi izan agerraldi publikoetan. Atzo, ordea, aipatu egin zuen Gasteizen eta Iruñean eginiko mitinetan. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiak hizpide izan zuen ETAk armak uzteko hartutako erabakia, Euskal Herrira egindako bisitan. Bakegintza botoak eskatzeko baliatu zuen Rubalcabak Gasteizen emandako hitzaldian. Izan ere, botoa PSOEri emateko eskatu zien euskal herritarrei, «bakea egonkortzeko» eta, ondorioz, ekonomiaren hazkundea ere lortzeko. «Gaur, bakea. Bihar, hazkundea eta enpleguaren sorrera», adierazi zuen.

Hitza hartu zuenean, Rubalcabak aitortu zuen ETAren indarkeria amaitu denean Euskal Herrira etortzea «pozgarria eta hunkigarria» dela. Aurrean zituen, besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria eta Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroa. Haiei eta hoteleko aretoa lepo bete zuten ehunka militante sozialistei mintzatu zitzaien, esanez haiengan ere poztasun bera nabaritzen zuela, eta horregatik zoriontsu zegoela.

PSOEko hautagaiak aitortu zuen Euskal Herrira etorri den bakoitzean «beti eske eta eske» ibili dela, etaadierazi zien orain ere eskaera bat zekarrela: «Orain arte, terrorismoaren kontrako borrokan babesa emateko eskatzen nien euskal herritarrei; orain, eskatzen diet nire alderdia babes dezatela, bakea sendotu dadin eta hazkundea lor dadin». Izan ere, PSOEko hautagaia ziur da bakea egonkortuz gero «Euskadi hobeto» haziko dela. «Euskadik harago joan behar du, eta bere eredua Espainian zabaldu».

Publikoaren artean zegoen Natividad Rodriguez ETAk hildako Fernando Buesa PSEko buruzagiaren alarguna, eta harentzat esker oneko hitzak izan zituen Rubalcabak. Han egonda bere hautagaitzari ematen zion babesa bihotzez eskertu zion, txalo artean. «Terrorismoarenbiktimak beti izan behar ditugu gogoan, haiek sufritzen jarraitzen dutelako». Hasi den aro berrian «demokraten batasuna» eskatu zuen Rubalcabak, eta gogoratu PSOEk «asko pairatu» behar izan duela batasun hori aldarrikatzeagatik.

PPri egindako kritika horretan, zorrotzago mintzatu zen Patxi Lopez lehendakaria, aurretik: «Sozialistek bakearekin izan duten konpromisoaren aurka egon da beti PP,eta orain indarkeria ordainik eman gabe amaitu denean, ez du ausardiarik sozialistei barkamena eskatzeko». Hori horrela, azaroaren 20an hautua egin behar dela erantsi zuen: «Askatasun aroa egonkortuko duen gobernu bat behar du Euskadik».

Nafarroan, foruak

Rubalcaba Gasteiztik Iruñera joan zen, eguerdi partean, eta han ere ETAren erabakiaz hitz egin zuen. Nafarroan egonik, bestelako mezu bat eman nahi izan zuen: hain justu ere, ETAk bere jarduera «terroristarekin» ez duela lortu Nafarroa eta Hegoaldeko beste euskal lurraldeek bat egitea. «Gaur hemen erabat libre gaude. Eta zuek, zuen foruak eta eskubideak ukitu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.