Munduko Futbol Kopa

Italiak 5-0 irabazi dio Jamaikari, eta Girellik hiru gol sartu ditu

Italiarrek nahikoa dute berdinketa bat Brasilen kontra final-zortzirenetarako lehen postuan sailkatzeko. Japonia 2-1 gailendu zaio Eskoziari

Italiako jokalariak atzo sartutako goletako bat ospatzen. TOLGA BOZOGLU / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Italiak itxura serioa eta ona ematen segitzen du Munduko Kopan. Atzo nagusitasunez gailendu zitzaion Jamaikari (5-0), eta, jokatutako bi partidak irabazita, nahikoa izango du azken jardunaldian Brasilekin berdintzea, final-zortzirenetarako multzoburu sailkatzeko.

Partidako protagonistak Cristiana Girelli aurrelaria eta Aurora Galli erdilaria izan ziren. Girellik hiru gol sartu zituen, eta Gallik, bi. Neurketako gakoetako bat hasi eta berehala egon zen. Izan ere, epaileak, VARa begiratu eta gero, penaltia adierazi zuen Italiaren alde. Sydney Schneider Jamaikako atezainak geratu egin zuen Girelliren jaurtiketa, baina epaileak errepikatzeko agindu zuen, atezaina behar baino gehiago aurreratu zelako. Bigarrenean Girellik beste aldera jaurti zion, eta ez zuen huts egin.

Kolpea izan zen hori Jamaikarentzat. Italiari, berriz, lasaitasuna eman zion, eta partida bere erara kontrolatu zuen. 24. minutuan Girellik berak bigarrena egin zuen, ezkerrez egindako jaurtiketa batekin. Ondo bideratua utzi zuen partida Italiak. Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen Girelliren hirugarrena, eta Galliren biek jarri zioten ginga. Jamaika ezinean aritu zen, eta bere estreinako parte hartzean erakutsi zuen koska bat beherago dagoela oraindik.

Lehen aldiz ari da Munduko Kopan ere Eskozia, eta, Jamaikak bezala, bigarren porrota pilatu zuen, Japoniaren kontra: 2-1. Lehen jardunaldian Argentinaren aurka 0-0 berdindu eta gero, japoniarrek ezin zuten huts egin, eta garaipenarekin urrats garrantzitsua egin dute final-zortzirenetan egoteko.

Lehen zatian sartu zituzten beren bi golak. Lehena Mana Iwabuchik 23. minutuan, eta bestea Yuika Sugasawak penaltiz, 37. minutuan. Hortik aurrera ondo eutsi zioten atzean, eta ahal zutenean kontraerasora atera ziren. Eskozia ahalegindu zen partida iraultzen, baina 88. minutura arte ez zuen 2-1ekoa sartu, Lana Clellanden bidez. Aurrelaria zelairatu berria zen. Beraz, apenas eman zion denborarik partida berdintzen ahalegintzeko.

Gaurko lehiak hauek izango dira: Herbehereak-Kamerun (15:00) eta Kanada-Zeelanda Berria (21:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.