Arrauna. Kontxako Bandera

Galiziako zipriztinak Kontxan

Santurtzik irabazi du Kontxako Banderako sailkatze estropadan, eta Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares ere sartu dira. Ondarroa kanpoan geratu da, bigarren urtez jarraian

Cabo da Cruzeko eta Areseko arraunlariak elkarri bostekoa emanez, altxerrian, atzo, Kontxako Banderako saikapen estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Donostiako Kontxako Banderako sailkatze estropadaren historian hamaika ezuste eta usteak erdi ustel gertatu izan dira, talde bati baino gehiagori zerua infernua bilakatzeraino, edota alderantziz. Herenegun jokatu zen emakumezkoen sailkatze estropadan, inor gutxik espero zuen Chapelak lortutakoa. Biharamun gozoa igarotzen ari ziren atzo Pasealeku Berrian, euren taldeko elastiko laranja soinean zeramatela, ageri-agerian. Urgull mendiari so zeuden, atzean hainbat traineru itsasoan atzera eta aurrera zebiltzala, bakoitza bere erritmoan. Iaz bezala, bi egunetan banatu daKontxako Banderako sailkatze estropada, eta gizonezkoen txanda izan zen atzo. Hori bai, 24 talde lehiatu beharrean, 23 aritu ziren; Castroko arraunlari batek positibo eman zuen koronabirusean.

Irabazteko gutxi eta galtzeko asko dagoen urteko zitarik garrantzitsuena izan ohi da sailkapen estropada. Eta itsaso petrala badago, are gehiago jarri dezake arriskuan talde baten edo bestearen jarduna. Zehazki, Santa Klara uhartetik kanporantz ez zen giro; itsaso berdea eta narrasa zegoen, ipar-ekialdeko haize zakarrak eragindako trapailaren ondorioz. Baldintza benetan traketsak arraunerako.

Patroien dohaina eta abilezia erakusteko estropada zen arren, arazorik gabe sailkatu ziren kiniela guztietan zeuden bost traineruak: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Orio eta Urdaibai. Cabo ere aurreikuspen gehienetan zegoen, eta, sekulako estropada eginda, laugarrena izan zen. Ares izan zen zazpigarren sailkatua, eta hura izan zen ur gehien mugitu zituen taldea. Aurten, Galiziak bi ordezkari soilik zituen. Bada, gorengo mailako bi taldeek jaso dute saria. Azkenekoz, 2012an aritu ziren Galiziako bi ontzi Kontxako Banderan: Tiran eta Chapela. Atzo ere Galiziako zipriztinek estali zuten badia eta ingurumaria.

Ondarroa loria dastatu ezinik geratu zen; Iñaki Errastiren taldeari egokitu zitzaion zortzigarren postu petrala, azken lau urteetan hirugarrenez; azken bietan jarraian. Madarikazioak ez du etenik Antiguako Ama ontzian.

Gorka Aranberri Santurtziko patroia izan zen estatxa askatu zuen lehena. Gainerako taldeen erreferentziarik gabe ekin zioten lanari, baina inondik ere ez zen oztopoa izan Eusko Label ligako egungo liderrarentzat, «mesedegarri» baizik, Aranberriren ustez. Bai horixe; ziabogan denborarik onena markatzeaz gain, atzoko azkarrena izan zen Sotera. «Alboko haizearengatik, arraun egiteko zaila zegoen, baina lan txukuna egin dugu», zioen zarauztarrak altxerrira heldu eta berehala.

Santurtziren ondoren, Hondarribia sartu zen, ligako talderik indartsuenetan bigarrena, bost segundora. Egindako lanarekin «gustura» zegoen Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko patroia. Tentuz hartu zuen atzoko lehia. «Zure arraunketa ez baduzu hartzen eta despistatzen bazara, segundoak erraz eror daitezke. Izan dugun errendimenduarekin pozik gaude». Berdeen atzetik, Zierbena izan zen hirugarrena. Ligako azken estropadetan gozakaitz aritu dira Juan Zunzunegirenak, eta atzo, behintzat, itxura ona eman zuten. Ontzia lehorreratu orduko, Zunzunegik igandeko estropadan zuen burua jarrita. «Guri irabazteko lan asko egin beharko dute besteek».

Lau ontzi lau segundoan

Cabok estropada ezin hobea egin zuen, ia perfektua. Laugarren postuan sailkatu ziren. «Arraunlariek egindako lanarekin oso gustura nago», esan zuen Oscar Hermo Caboko patroiak, irribarrez. Gorriengandik segundo batera helmugaratu zen Orio. Brankaz «gozatu» egin zuten, Ugaitz Mendizabal lemazainaren arabera. «Ziabogan gauzak aldrebestu egin zaizkigu, baina helburua bete dugu». Urdaibaik ere igaro zuen galbahe gaizto hura, seigarren eginda. «Ez gara batere ondo sentitu, baina ongi bete dugu gure lana. Igandean kosk egiteko prest gaude». Horra Jon Unanue arraunlariaren azalpena.

Aresekoek bazekiten euren lana ondo baino hobeto eginez gero aukera izango zutela saria jasotzeko. Ziabogan zortzigarrenak ziren, Ondarroarengandik bi segundora; poparerako jardunean, ordea, bikain moldatu zen Jose Manuel Pelaezek prestatutako taldea. Ondarroari bederatzi segundo atera zizkion Aresek, eta egoera beltzetik zurira irauli zuen. Zazpigarrenak izan zirela jakitean, Santa Olalla trainerua negar malkoz isuri zen. Luis Pazos beteranoak uretara egin zuen salto, pozaren pozez. Egindako lan handiaren saria jaso zuen Areseko arraun elkarte apalak. «Txikitatik Kontxan aritzea nuen amets, eta bete dut. Lorpen hau ikaragarria da, eta, hemendik aurrera, gozatzea dugu xede, agian ez baitugu inoiz horrelako momenturik biziko», zioen Hugo Rascado patroiak, hunkituta.

Udako topaketarik garrantzitsuenean, beti izaten da kolpea hartzen duen norbait. Ondarroa izan zen, iaz bezala. Aresengandik ia zortzi segundora amaitu zuten bizkaitarrek. Lur jota zegoen Iñaki Errasti entrenatzailea. «Penarik handiena nire mutilek ematen didate. Hau kirola da,eta horrelaxe hartu beharko dugu».

Behin galbahea igarota, igandeko txanden zozketa egin zen, eta honela banatu dira: lehendabizikoan, Hondarribia, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra ariko dira; bigarrengoan, Santurtzi, Cabo da Cruz, Orio eta Ares.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.