Litioaren sukarra

'Litioaren triangelua' esaten diote, eta Txile, Bolivia eta Argentinako lurrak hartzen ditu. Munduko litio hobirik handienetakoa da Argentinako zatia, eta haren ustiapenei buruz egindako aurreikuspenak izugarriak dira. Macriren gobernuak meatzaritzaren alde egin duen politikak gune erakargarriena bihurtu du.

Litioaren triangeluan kokatutako ustiategi bat. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gailu elektrikoen baterietan oinarrizko gaia da litioa; sakela- koen eta auto elektrikoen industriek eskatzen dute gehien. Argentinan, herri natiboen gatzagetatik ateratzen ari dira muturreko teknologiaren industriak hain beharrezkoa duen gai hori, eta ustiapen hori ingurumenari eta natiboen bizimoduari egiten ari zaien kaltea salatzen ari dira aspaldian.

2016ko otsailean, Mauricio Macri presidente izendatu berriak meatzaritzan aritzen direnentzat onura handia ekarriko zuen erabaki bat hartu zuen; Macriren kudeaketaren ildoa finkatuko zuen, era berean, hartutako neurri horrek: 349/2016 dekretua sinatu zuen presidenteak, meatzaritzaren esportazioei zergak kentzeko. Estatuak 170 milioi euro biltzen zituen zerga horien bidez, 2007ko abenduaz geroztik; sektoreak egiten zituen esportazioei atxikipen berezi batzuk egiten zitzaizkien, meatzaritza enpresek irabazi handiak zituztelako mineralen salneurri garestiengatik.

Baina, ulertuko bada, Argentinako litioaren sukarra testuinguru baten barruan azaldu behar da. Bolivian, enpresa pribatuek ezin dute litioa ustiatu; Evo Morales presidentearen politika nazionalistak eta Salar de Uyuniko komunitateen aurkako jarrerak debekua ekarri dute. Halaber, oraingoz, Txile ez da baimen asko ematen ari urre zuria ustiatzeko. Prezioa gero eta garestiagoa da, munduko merkatuetan gero eta eskaera handiagoa dagoelako. Aldagai horiek guztiek azaltzen dute litioaren sukarra Argentinan.

Erreserba handienetakoa

Argentinaren litio meategiak laugarren dira munduko erreserba handienetan, eta horregatik da Orocobre Limited (Australia-Japonia), Posco (Hego Korea), Mitsubishi (Japonia) eta Lithium America's Corp. (Kanada) multinazionalen jomuga. Enpresek ez ezik, munduko hainbat gobernuk ere interesa erakutsi dute Argentinako litioa ustiatzeko negoziazioen inguruan. François Hollande, Frantziako presidente zela, 2016ko otsailean iritsi zen Argentinara, Macriren dekretua onartu eta gutxira. Eramet meatzaritza taldeko buruzagiekin joan zen Buenos Airesera. Bada, talde horrek, Argentinako Remsa enpresa publikoarekin batera, 220 milioi euroko inbertsioa egingo du litio meategi batean. Halaber, Txinako enbaxadore Yang Wanming Argentinako hainbat enpresarirekin mintzatu zen iaz, meatzaritza proiektu handi bat martxan jartzeko.

Gaur egun, 29.000 tona litio ekoizten dituzte Argentinan urtero: munduko ekoizpen osoaren %15. Litio karbonatoaren prezioa tonako 8.500 eta 10.200 euroren artekoa da, kalitatearen arabera. Gaur egun, 30 proiektu baino gehiago daude abian Argentinan, batzuk besteak baino aurreratuago; alabaina, bakarrik bi ari dira ekoizten. Horrez gain, beste sei proiektu daude ustiapen baimenen eta inbertitzaileen zain. Badira beste hainbat, baina are atzeratuagoak, eta oraindik beste hiruzpalau urte beharko dituzte meategi bihurtzeko. 1.530 milioi euroren inbertsioak aurreikusten dituzte litioaren sektorean.

Kalteak ere bai

Litioaren ustiapenari egiten zaion kritika nagusia da oinarrizko ekonomia sustatzen duen inbertsioak besterik ez duela erakartzen; lehengaia atzerrian saltzeko jarduera baino ez dela, alegia. Presidente zela, Nestor Kirchnerrek negozioaren balio kate osoan parte hartzeko asmoa adierazi zuen, baina egungo gobernuak ez du neurririk ezarri litioaren inguruan industrializazio bat sor dadin. Kirchnerren politika Evo Moralesek Bolivian eginikoa baino eskuzabalagoa izan zen, baina, hala ere, baldintza batzuk jarri zizkien enpresei.

Horrez gain, ingurumenaren aldeko aktibistek diote enpresek ur asko baliatzen dutela lurrentze teknikaren bidez litioa lortzeko, eta horrek kalte handiak eragiten dituela inguruko herrietan. Litioa, XXI. mendeko urre zuria liburuaren koordinatzaile Pia Marchegianik azaldu duenez, kezka handia eragiten du gatz gutxiko akuifero sakonen egoerak, eta litioa eskuratzeko zulatzeek epe luzera ekar dezaketenak. Han bizi diren komunitateak orekan bizi dira bitarteko naturalekin, eta litio bila doazenen jarduerak ekosistema hautsi dezake; komunikabideetan ikusi zuten hango herritarrek zer zetorkien, iturri ofizialetatik baino lehenago; hala dio Marchegianiren txostenak.

Ingurumenari egin ahal zaion kaltea, eta komunitateei ez zaiela ezer galdetu: bi argudio horiek oinarri hartuta, 33 komunitate natiboren mahaia eratu zuten Saltan eta Jujuy eremuetan, eta 2010. urtean Argentinako Gorte Gorenera iritsi zen haien demanda. Erakunde hark atzera bota zuen natiboen ekinaldia, eta orain Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrera jotzeko prestatzen ari dira abokatuak.

Baina benetako paradoxa da litioak gero eta eskaera handiagoa edukitzeko atzean dagoen arrazoia: berotegi efektuko isuriak murrizteko behar globala. Deigarria da ingurumenarekin lotutako arazoak konpontzeko saio bat bihur daitekeela ingurumenaren beste desoreka bat, eta ez edozein lekutan: bitarteko naturalen arpilatzearekin aspaldian ohitutako munduko eremuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.