Igandeetako azal kutunena, katiluena

«Hoztu da 'denontzako kafea'» titulua zeraman azalak 389 boto jaso ditu. 798 lagunek parte hartu dute azal onena aukeratzeko bozketan

urtzi urkizu
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
BERRIAk iazko hogei azal hautatu ditu, eta azkeneko astean irakurleei gustukoenak bozkatzeko aukera eman die; igandeetako azalak horiek guztiak. 798 lagunek parte hartu dute bozketan, eta bakoitzak hiru azal aukeratu ditu. Bozkatuena 2017ko urriaren 8an argitaratu zen azala izan da: Hoztu da 'denontzako kafea' titulua darama, eta azpitituluak erreportajearen gaia kokatzen du:«Kataluniako prozesuak kinka larrian jarri du Espainiako autonomien sistema. 1978ko erregimenaren oinarriak txiki-txiki eginda geratu dira».

Azal horrek arrakasta handia izan zuen sare sozialetan, eta Katalunian ere harrera beroa izan zuen. BERRIAren larunbat gaueko txioak —azalaren aurrerapenak— 600 birtxio baino gehiago izan zituen, eta 800 txiolarik baino gehiagok atsegin izan zuten. Quim Monzo kazetari eta idazleak katalanezko txio bat idatzi zuen azala erakutsiz, eta 2.600 birtxio baino gehiago izan zituen. Gainera, erabiltzaile askok partekatu zuten azala sare sozialetan.

Katalunian askori gustatu zitzaien azal hura. Horren erakusgarri, L'Avenç aldizkariak 40. urteurreneko zenbakia ilustratzeko erabili zuen irudia —BERRIAri baimena eskatuta—. Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanari buruzkoa zen zenbaki horren gai nagusia.

Mikel P. Ansa BERRIAren azalen arduradunak bideo bat egin zuenazal hura nola egin zuten azalduz; bideo hori egunkariaren webgunean ikus daiteke.

Hiru irabazle zozketan

BERRIAk antolatu duen bozketan parte hartu duten irakurleen erdiek aukeratu dute katiluen azala: 389k. Bigarren geratu da emakumeen kontrako tratu txarren inguruko azala, azaroaren 26an argitaratua —211 boto—. Bozkatuenen artean hirugarrena, berriz, Elizaren pederastia kasuen ingurukoa izan da, urtarrilaren 29an argitaratua —140 boto—.

Botoa eman dutenen artean, BERRIAk hiru azalik bozkatuenen lamina eta urtebeterako asteburuko harpidetza zozkatu ditu. Irabazleak honako hauek dira: Itsaso Gangoitia Mazorriaga, Maite Garmendia eta Irati Majuelo Itoiz.

Aipatutako hiru azalik bozkatuenen ostean, Europako alderdi sozialdemokraten gainbeheraren ingurukoa gelditu da laugarren—arrosa bat zukutzen ageri da bertan, Ezin gehiago zukutu tituluarekin—. Bosgarren lekuan, berriz, urriaren 1eko Kataluniako erreferendumaren egunean argitaratu zena izan da: U-1: herri bat, erabaki bat titulua irakur zitekeen orduko hartan.

Azal bakoitzaren atzean, batetik, astebeteko talde lana dago gutxienez, eta, bestetik, kazetaritza eskaintza berri bat, azal horien ondotik. Maixa Olano BERRIAko diseinu arduradunak eta Mikel P. Ansa azalen arduradunak bideo batean kontatu dituzte azalen gaineko gorabeherak —webgunean ikus daiteke—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.