Iragan arrazista izan duela aitortu du 'National Geographic'-ek

Aldizkariak arrazari eskaini dio azkeneko zenbakia, eta historialari bati eskatu dio ikertzeko nola tratatu diren beltzak artikuluetan

urtzi urkizu
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Hamarkada askoan, gure edukiak arrazistak izan ziren. Gure iragana gainditzeko, aitortu egin behar dugu». Modu horretan hasi du bere artikulua National Geographic aldizkariko editoreburu Susan Goldbergek. 1888. urtetik, sortu zenetik, aldizkariaren hamargarren editoreburua da; aurreneko emakumea eta aurreneko judua. «Aldizkariaren istorio beldurgarriak partekatzeak min ematen du, baina erabaki genuenean apirileko aldizkaria arrazari eskaintzea, pentsatu genuen gure historia aztertu behar genuela begirada besteengan jarri aurretik». Autokritikaren erakusgarri, historialari bati eskatu diote sakon ikertzeko nolakoa izan zen beltzen tratamendua iraganean.

The Race Issue zenbaki berezia prestatu du aldizkariak. Interneten ikusgai dago jada, eta paperean hilaren 27an argitaratuko dute. Azalean, bi neska biki agertzen dira, bata beltza eta bestea zuria. Halako biki gehiagoren argazkiak bildu dituzte. Irakurleei ere zuzendu zaie aldizkaria, eta eskatu die arrazarekin lotutako istorioak kontatzeko #IDefineMe traolaren bitartez (Nik neure burua definitzen dut). Sare sozialetan testuak, argazkiak eta bideoak argitaratzea nahi dute.

Historialariaren ondorioak

Aldizkariak John Edwin Mason Virginiako Unibertsitateko irakasleari eskatu dio artxiboan arakatzeko, ikusteko nolakoa izan zen iraganean pertsona beltzen tratamendua. Honela ondorioztatu du historialariak —Afrikako historian eta argazkian aditua da—: «Bere historiaren zati handienean, National Geographic-ek hierarkia arraziala erreproduzitu zuen, beltzak beheko partean jarriz, eta zuriak goikoan. Hitzetan eta iruditan islatu zen hori». Masonek editoreei azaldu die hamarkada askoan beltzak pertsona «estatiko, primitibo eta teknologiatik aldendu gisa» azaldu zirela, eta sarri arroparik gabe ageri zirela, «basatiak balira bezala».

Adibide bat 1916an argitaratutako erreportaje batean aurkitu du: Australiako aborigenak basatitzat jo ziren, eta «gizaki guztien artean inteligentzia mailarik txikienean» kokatzen zirela argitaratu zuen aldizkariak. AEBetako beltzak, bestalde, 1970eko hamarkadara arte ez zirela kontuan hartu ondorioztatu du Masonek: «Etxeko lanetatik harago, aldizkariak oso-oso gutxitan aitortzen zituen AEBetako beltzak». Historialariaren ustez, National Geographic-ek ezer gutxi egin zuen AEBetako kultura zurian errotuta zeuden estereotipoetatik harago joateko.

Aldizkariaren autokritikak zer esana eman du; Splinter eta The Root hedabide digitalek «lehen pausotzat» jo dute erabakia. Bada, hala ere, kontraesanik aurkitu duenik: Brent Lewis The Undefeated atariko argazki editoreak etsigarritzat jo du arrazari eskainitako azal batean argazkilaria gizon zuri bat izatea —erreportaje nagusiko bederatzi argazkilarietatik lau dira beltzak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.