Realaren belar-hockey taldea

Isiltasunean, zarata sortzaile

Bigarren egin du Realaren emakumezko taldeak Europako Txapeldunen Kopan, Amsterdam talde indartsuaren aurka finala galdu eta gero (7-0). Klubeko taldeen historian inork lortu gabea lortu dute: Europako final nagusi bat jokatzea.

REALA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Final bat galduta ere izan daiteke irabazle, eta txapelik gabe baina txapeldunen pare amaitu zuen atzo Realeko belar hockeyko emakumezkoen taldeak Europako Txapeldunen Kopa. Astindua eman zion finalean AH&BC Amsterdamek, etxeko taldeak (7-0), baina inor ez zuen harritu emaitzak, Herbehereetako hockeyaren eta Euskal Herrikoaren artean koska asko baitaude tartean. Europako txapelketa nagusiko finalerako sailkatzea izan da historikoa Realarentzat, inork inoiz lortu gabea baitzen klubaren kirol sekzio ugarietako taldeen artean, eta horrek egiten ditu txapeldun. Urrearen balioa dauka atzo lorturiko zilarrezko dominak, oraindik jabetzen ez badira ere, Patri Maraña jokalariak zioen bezala: «Ikaragarria egin dugu, eta oraindik ez gara konturatzen noraino heldu garen».

Beste behin ere historia egile da talde hau, Realaren sail hau. Historia oparoa dauka, 1932an sortu zutenetik. Marita Abrisketa Bartzelonara joan zen, Polo taldearen zelaira, eta makila bat erosi zuen. Donostiara bueltan, lagun batzuekin elkartu, eta jolas moduan ekin zioten belar hockeyari. Jolasa joko bihurtuz joan zen, lagunartea talde, eta lagunarteko partidak lehiaketa bilakatu ziren.

Palmares ikusgarria du Realak historia luzean. Zazpi bider irabazia dauka Ohorezko Maila, eta hamabi aldiz izan da bigarren. Kopan hirutan lortu du txapeldun izatea, eta seitan azpitxapeldun. Europako txapelketetan ere jokatua da hainbat aldiz. Baina isiltasunera kondenatuta egon da, kirol hau kirol txikia delako Euskal Herrian eta Gipuzkoan, eta emakumeen kirolari apenas eman izan zaiolako oihartzunik orain gutxi arte; orain ere, balentria handiren batek jiratzen du arreta haiengana. Isil-isilik lanean, zarata handia eragiten du Realeko talde honek, eta historia loriatsua segida ari da izaten. Hor daude aurreko denboraldiko Liga titulua, eta haren ondorioz Europako Txapeldunen Kopa hau jokatu eta finalera heltzea.

Abrisketak eman zion hasiera kateari aspaldi, beste batzuek eman zioten segida gero, eta hor bada izen nagusi bat: Mari Aiestaran. Urteetan taldeko entrenatzaile izanak hor jarraitzen du oraindik beste lan batzuetan, eta haren fruituak izan ziren euskal kirolaren historian leku berezia duten hauek, beste batzuen artean: Teresa Motos, Nagore Gavellanes eta Maider Telleria, lau Olinpiar Jokotan parte hartu duen euskal herritar bakarra. Kate segida horren adierazle egokia da Realaren webgunean dagoen argazkia, atzo bertan ateratakoa Amsterdamden, finala jokatu berritan: lehengo jokalari batzuk ageri dira (Motos, Begoña Lartzabal, Mari Aiestaran eta Maite Azkoaga), eta oraingoak ere bai, denak elkarrekin, Jokin Aperribai taldeko presidentea ere bertan zela. Guzti-guztiak izan zituen gogoan Ainhoa Belzunegi jokalariak, finalaren ondotik: «Urte askoko lana dago hemen; jokalari asko pasatu dira talde honetatik historian, eta zilarrezko domina hau haiena ere bada».

Horiek guztiak eta oraingoak antzeko baldintzetan dabiltza hainbeste maite duten kirola egiten. Marañak ondo azaldu zuen: «Zelai bakarra dugu oraindik hockeyan jokatzeko Donostian». Hala eta guztiz ere, eta horrekin bakarrik lorpen handiak lortu izan bazituzten eta orain ere lortzen jarraitzen badute, beharrezkoa bultzada batekin zer ez lukete lortuko? Jokalariek izango dute egunotan beste hamaika argazkitan ateratzeko aukera, han eta hemen, honekin eta harekin, eta ea argazki soil batean ez den geratzen Realeko emakumezkoen beste balentria handi hau ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.