Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa: lehen saria

Gata lurmuturretik, agata harribitxitik

Almeriako Gatako lurmuturrera aurtengo urrian eginiko bidaiaren kontakizuna egin du Lourdes Unzuetak. Erdi Aroan agata harribitxien lurmuturra zen, hortik bere izena.

Almeriako gotorlekuak hiriburu osoaren ikuspegia eskaintzen du. LOURDES UNZUETA.
Lourdes Unzueta
2012ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Txikitan, eskolan lehenengo, aitak gero etxean gogarazita abesten genuen leloa edo soinu jarraia datorkit burura: lurmuturrak eta euron izenak ikasteko leloa. Matxitxako Bizkaian, Ajo Santanderren, Peñas Asturiasen, Estaca de Bares, Ortegal eta Finisterre Coruñan, Tarifa Cadizen, Gata Almerian, Palos Murtzian, San Antonio, San Martin eta La Nao Alacanten, Creus Gironan. Aurreko guztiok, baina, gaztelera dotorean. Ez ginen ba alferrik frankismopeko eskola umeak. Ordukoan bai hizkuntzara, gaztelerara esan gura dut,murgiltze prozesua, orduan berba hori, murgiltzearena, ezagutu eta erabiltzen ez bazen ere. Eta ez ginenalferrik ere gure hobe beharrez ziharduten gurasoen seme-alabak, eskolakoa ondo ikasi behar zen gero.

Eta heldu zait aurtongo urria hasi berritan Gata lurmuturra eta bertako itsasargia ezagutzeko aukera. Geografiako klasea praktikara eramateko ordua. San Jose herria izan da nire oinarrizko kanpamentua, eta handik abiatu izan naiz oinez, bai iparralderantz, bai hegoalderantz, edo bertakoen esanetara, bai sartalderantz zein sortalderantz. Oinezkoak gutxitxo sasoi horretan, bizikletan zihoazenak gehiago bideetan. San Jose herria eta inguruok Gatako Parke Naturalaren eremuan kokatzen dira.

1987an izendatu zuten parke natural Gatakoa, eta 49.512 hektarea hartzen ditu. Europako paisaiarik idorrenetakoa da, eta arroka bolkanikoz osatutako parajeen artean, bera da babestuta dagoen bakarrenetakoa. Kostaldeko bere 63 kilometroek, Carboneras herrian hasi eta hiribururaino, edertu baino ez dute egiten ingurua. Harea finezko kaleek eta labarrek osatutako katearen kontrastea da gehien ederretsi nuena. Erdi Aroan agata harribitxien lurmuturra zen, hortik bere izena.

Gatako itsasargia eta Sirenas deritzen uharriak dira parkeko bandera-ontziak. Dagoen lekuan egonda, kostaldeak garrantzi estrategiko handia izan du, eta horren lekuko dira bidean aurki daitezkeen dorreak eta gotorlekuak, nahiko ondo mantenduta gaur egun. Izan ere, eta diotenez, Almeria izena al-Mirayatik ei dator; behatoki edo dorre zelatari esan nahi du al-Miraya izenak.

Idorra arren, bada uraren urritasunera eta tenperatura gorenetara egokitutako landarerik ere, eta landaretzan, sastraka da nagusi. Eta horretan palmitoak dira begietara ikusgarrienak. Behe lainoa eta garoa dira landaretzaren ur-iturria. Landare eta harea artean, sigi-sagaka dabiltza sugandilak eta salto-saltoka matxinsaltoak.

Klima idorra eta haizetsua

Klimari dagokionez, esan bezala, leku lehorra eta euri gutxikoa da (euriaren batez bestekoa 183 mm urteko; Bilbok, adibidez, 1.200 ditu); tenperatura, 18-20º batez beste urtean, eta hori bai, haizea indartsu dabil (urtean 307 egunetan dabil haizea, gehienetan sortalde-sartaldekoa, gutxiago iparralde eta hego-sortaldekoa). Haizearen eragina nabaria da orografia osoan, mendi zein itsaso aldean: Monsul hondartzako kolada bolkanikoak horren lekuko, baita, nire harridurarako, palmitoak jan eta gero uretara sartuko dela ematen duen saurio itxurako arroka ere, bidean aurkitu nuena.

Euriteek eta uholdeek Murtzian eta Almerian eragindako triskantzak eta handik lasterrera heldu nintzen. Egia izan, neu ibilitako lekuetatik ez zen ondorio larririk nabaritzen. Ez zegoen herri ez errepide kalteturik, bideak garbi eta libre zeuden, jendea hara eta hona. Hedabideetan ikusi eta entzuten genuen auzokoei gertatzen zitzaiena.

Eta hedabiderik onena eta hurrekoena, orduan, itsasoa bera zen. Ekaitzaren ostean barealdia dator, esan ohi da. Eguraldi ederra eta beroa zen egun haietan, sanmigeletako uda txikia ziotsoten hari bertakoek. Eguzkia zeruan eta itsaso bareazekusaten nire begiek. Eta adi eta begiak zabal ibiliz gero, itsasoak berak ematen zigun denboraleak eragindako hondamendiaren berri, hark sortutako hondakinak nondik nora zebiltzanen berri.

Izan ere, itsaso zabalera begiratu, eta han ikus genitzakeen lorratz eta arrasto batzuk, orban zabalak ur gainean, hasieran zer ziren igarri ezinik. Berriro begiratu, hobeto enfokatu eta aurreko egunetan jazotakoa akorduan, itsasoak, ur korronteen arabera, hara eta hona zeramatzan hondakinak zirela, horretaz jabetu nintzen. Hondakin orban zabal flotatzaileak ur gainean, baleak bailiran. Hondakinok hurrengo zein portu eta hondartzatara arribatu eta non lehorreratu, horixe zen larrialdi egoeraren beste zeinuetako bat, horixe ere itsasoak emana.

Gatako Parkean hainbat eta hainbat hondartza eta kala daude, ezinezkoa litzaidake denon izenak esatea. Hona hemen ibilitako baten batzuk: San Jose,Monsul, Barronal eta Media Luna hondartzak,Genoarrena (de los Genoveses), Esparto eta Arco hondartzak; eta kalatan beste horrenbeste: Raja, Carbon, Cala Chica, Higuera. Horrela zenbat gura, hondartzatan eta kalatan. Eurotako askotara oinez baino ezin da heldu,eta horrek euren hobe beharrerako baino ez du egiten. Harea finezkoak gehienak, badira, lekuari ondo dagokionez, legarrezkoak ere.

Aipatutako lekuotan adi eta agudo ibili behar zuen oinezko ibiltariak, itsasoak ekarritako hondakinok non lehorreratu, hondartzan lasai ibili eta uretan bainua hartzeko. Goizean goiz irten, nora jo eta, batzuetan seguru antzean, bestetzuetan ausaz eta zoriz, eguneroko ibilaldia disfrutatzeko asmoz beti. Eta asmoak, neureei zegokienez behintzat, osoro bete ziren.

Hondakinak arte bihurtuz

Gizakiak izadiaren gainetik dagoela eta dabilela pentsatzen du sarri, izadia baztertu eta desbideratu egin dezakeelako amets faltsuan bizi da sarritan. Hortik gero bere harridura eta ustebakoa, ura berriro bere betiko bidetik datorrela ikustean, bere bidean eta traban jarri zaion guztia aurrean harrapatu eta airean darabilenean. Kalteak eta hondakinak lekuko.

Gizakiak aurrera egingo badu, baina, ezbeharrari aurre egitea dagokio, horretatik hurrengorako ikastea, txarretik ona ateratzea eta hondoratzearen hondakinak salbatzea. Hondakinok erabili, eraldatu eta aprobetxatu. Baita, ahal bada, hondakinak arte bihurtu ere, barrukoaren eta ingurukoaren adierazpide.

Eta horrela egin zuen jendeak Gatako Parke Naturalean ere, itsasoak zekartzan hondakinak hartu, erabili, itxuraldatu, eta beste era batera geure begietara jarriz: zurezko eta kanaberazko enbor eta adarrak hartu, oihalak jarri eta eguzkitarako eta haizetarako babeslekuak egin; edo hondartzan bizikletak aparkatzeko erabili; edota eskulturak egin eta herriko kultur etxean erakusketa bat jarri. Egoera txarrenean ere, irudimena martxan jarri eta hondakinok artelan egin.

Ibili eta ibili, gosetu ere egiten da norbera. Eta jateko kontuetan, hango janariak ez dira paisaiaren aldean gutxiestekoak. Jakinekoa da kostaldean izanda eta bertako jendea arrantzan dabilena edo ibili izan dena, arraina erruz ibiliko dela uretan zein plateretan. Arraina nonahi: hegaluzea, bokarta, berdela, ganbak, arrainzuria, txitxarroa, ezpata-arraina, era guztietara preparatuta, plantxan erreta, frijituta. Atzamarrak miazkatzeko modukoa!

Horrez gain, lautada ez hain elkorrak antza, asko darabilte garia ere sukaldean. Jakirik ezagunena han gurullos izenekoa da, gari semolaz egindako pasta, gero untxiaz batera prestatzen dena; baita gari mamiak ere, tropiezoekin, hau da, arrain edo lekekin. Gozogintzan, eztia, almendra eta gari irina dira oinarrizko osagaiak. Gustura jan eta gero, plazeraz aparte, bidean jarraitzeko indarra ere neureganatzen nuen.

Oinezko bideak itxi, egun batean autobusa hartu eta Almeria hiriburura joan nintzen. Paisaia aldatuz zihoan. Herri txikiak eta zuriz margotuak bidaiaren hasieran: El Pozo de los Frailes, La Boca de los Frailes, Los Albaricoques; haize-errotaren bat edo beste han-hemen. Herriotako batzuen sarreretan, kartel handiak, zera iragarriz, 60ko eta 70eko hamarkadetan berton filmatu zirela spaghetti western delakoaren pelikulak; El bueno, el feo y el malo ezagunenetarikoa. Oraindik, pistolari famatuarena egin eta bizi nahi baduzu, tiroka ibili paisaia desolatuetan, bada aukerarik bazterrotan. Spaghetti western filmez aparte, badira han filmatu diren beste pelikula famatu batzuk ere: Lawrence de Arabia, Cleopatra, Patton, Indiana Jones y la última cruzada.

Hortxe bertan eta hortik aurrera gehiago, beste itsaso bat zabaltzen da, parkean eta itsasargirako bidean nekusanarekin zerikusirik batere ez zuena: plastikozko itsasoa hain zuzen ere. Entzunda eta argazkietan ikusita neukan, ez sekula baina neure begiokin. Eta hori El Egido famatutik urrun samar nenbilela. Plastikopeko negutegiz josita bide bazterrak, josita, xahututa. Plastikopeko tomatez beteta. Gogo gutxi entsaladarako. «Plastikoa salgai»iragarkiak hemen, «Plastiko zuria, garbigarria» iragarkiak han.Zerez garbituko ote ditugu tomateok.

Almeriako gotorlekua

Negutegion ondotxoan, etxeak, beharginentzako etxeak, sarritan, etxea esan eta esateko modua dela esan behar bada ere. Etxeak, etxetxoak, txabolak, teilapeak, karabanak. Denetarik, denetarik batzuentzat. Negutegiotan lanean diharduten gehien- gehienak magrebtarrak dira, etxeotako beharginak magrebtarrak gehien-gehienak. Baita autobuseko bidaiderik gehien- gehienak ere, plastikozko poltsaz beteta autobus geralekuetan igo eta jaitsi dabiltzanak.

Plastiko engainagarria gure begietara, inguruok ezagutu ez eta segun eta nora begiratu, itsaso benetakoaren iruzurra egin gura diguna. Eta horrela, halako batean, heldu nintzen hiriburura.

Almeria, bere alkazaba edo gotorlekua eta Jayrango harresia, bere medina edo almedina, bere portua eta itsasaldeko pasealekua, dena eguzki goritan egun horretan. Udaleko turismo gidari bati entzun nion esaten arabiarrak ez dakit zein urtetan etorri eta ez dakit zein urtetan joan zirela bertotik, ez dakit noiz etorri eta noiz kanporatu zituztela bertotik. Ingurura begiratu eta ez ote ziren berton gelditu neure kolkorako.

Gotorlekuan dauden arbolen gerizpea eskertzekoa da benetan, baita inguruotako lurraren idortasuna arren holako leku baten ugari dabilen uraren freskotasuna ere. Ura txorrota eta iturrietatik isurian borborka, kanaletatik arin-arinka, hankak, ibili eta ibili, uretan sartzeko gurariari ezin eutsiz.

Alkazabatik handik goitik ederto ikusten dira medinako etxeetako teilatuak eta terrazak, labirintoa ematen dute bai kaleok, bai teilatuok. Handik goitik ere itsas portua, transatlantiko erraldoiak itsasoratzeko zainprest itsasoz bestalde dagoen Afrikara edo urrunagora, batek daki. Handik goitik ere urrunago itsasoa bera, zauri zilarkara, eguerdiko eguzkiak jota begi minberentzat zaurgarria, ispilu islatzailea, itsasoa benetakoa handik goitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.