Huesca 0-1 Athletic

Putzutik urruntzen ari da

Athleticek ez du partida ona jokatu Huescan, baina etxekoek eginiko penalti inozoa baliatu du urrezko garaipena lortzeko. Jaitsiera postuak zazpi puntura ditu, eta Europakoak, seira
Chimy Avila Huescako jokalaria eta Yeray Alvarez Athleticekoa baloiarengatik lehian, atzoko partidako jokaldi batean.
Chimy Avila Huescako jokalaria eta Yeray Alvarez Athleticekoa baloiarengatik lehian, atzoko partidako jokaldi batean. JAVIER BLASCO / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 19
Gola. 0-1: Raul Garciak (Pen. 19. min.).

Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Huescako Miramon, Gomez, Herrera, Dieguez eta Gallegori; eta Athleticeko Capari. Bestela 6.000 ikusle inguru Alcorazen.

Ez dago garaipen itsusirik. Irabazten duenarentzat beti da polita hiru puntu biltzeko balio izan duen partida. Halere, badaude beste batzuk baino politagoak diren garaipenak, eta Athleticek atzo Huescan lorturikoarekin gozatzeko odol oso zuri-gorria izan behar da. Gaizka Garitano aulkian dagoenetik hobeto jokatzen ditu tankera honetako partida trabatuak. Ez zen lore jokorako eguna, bi taldeek indarka jokatu zuten eta eta huts batek erabaki zuen. Huescak egin zuen hutsa, penalti bat oparituz, eta hari esker Athleticek sakon hartu du arnasa. Jaitsiera postuetatik zazpi puntura dago orain, eta Europakoetatik seira. Helburua, dena den, putzutik aldentzea da.

Athletic oso gaizki sartu zen partidan. Horren eredu, Beñat bere atean gola sartzeko zorian egon zen lehen minutuan. Erdilariak, trakets antzean, berarengan ohikoak ez diren hainbat zehaztasun huts egin zituen. Huesca gehiago izan zen lehen hogei minutuetan, goian presionatuz eta Athletic itoz. Zuri-gorriek sufritu egin zuten, eta Huescak arrisku itxura barreiatu zuen. Erremate pare bat izan zituen, baita jokoz kanpo sarturiko gol bat ere. Athleticek, baina, okerren zegoenean jaso zuen oparia. Falta jaurtiketa batean Dieguezek penalti argi bezain inozoa egin zion Iñigo Martinezi (19.min.). Ez zegoen premiarik, ondarrutarra ez da hain arriskutsua area barruan, baina lurrera bidali zuen. Raul Garciak, lasai, sareetara bidali zuen baloia.

Golak min egin zion Huescari. Aztoratu egin zuen. Athletici, aldiz, mesede handia. Patxadaz jokatu ahal izan zuen, jabetzak luzatuz, eta Huescak gorago joatera behartu zuen. Etxekoek partida hasierako gidoia aldatu behar izan zuten, eta ezinak faltak egitera eraman zituen. Partida hasierako arrisku sentipena desagertu egin zen, eta atsedenaldian Athletic lasai abiatu zen aldagelara.

Lehen zatian ez bezala, Athleticek ondo jokatu zuen bigarren zatiaren hasieran. Oso goian presionatuz Huesca ezustean harrapatu zuen, eta lehen ordu laurdenean ezer ez pasa ez zedin lortu zuen. Tira, ia ezer ez, Williams izan baitzen erritmo motelarekin hautsi zuena korrikaldi bizi batekin. Raul Garciak lerro artean sarturiko pasea kontrolatu eta atera jaurti zuen (60. min.). Santamariaren aurrean bakarrik gelditu zen eta hark urrundu zuen errematea.

Amaiera, sufrikarioa

Azken txanpan Huescak gora egin zuen. Dena galduta zuenean Franciscok eskema aldatu eta ausartago jokatu zuen. Ferreiro zelairatzeak mesede egin zion, eta aurrelariak suspertu zuen taldea. Herrerrinek geldiketa bikain batekin erantzun zuen hark area barrutik eginiko jaurtiketa batean (77.min.). Azken ordu laurdena setioa izan zen, eta Athleticek, urduri, ipurdia atepean sartu zuen. Zuri-gorriak desagertu egin ziren, eta taldeak gehien behar zuenean agertu zen Herrerin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna