Deustu izan da branka sartzen aurrenekoa

KAE 1 ligako lehen saioan azkarrena izan da, Portugaleteko erlojupekoan. Lan hori ez zen puntuagarria; gaurtik banatuko dira puntuak

Deustu atzoko estropadan, Bizkaiko Zubiaren azpitik pasatzen, Portugaleteko uretan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Deustu izan da traineru denboraldi ofizialeko aurreneko garailea, atzo eguerdian azkarrena izan baitzen KAE 1 ligako lehen estropadan. Portugaleten aritu ziren hamabi taldeetako arraunlariak, ibaian, erlojuaren aurka, eta marea jaisteko ordubete eskas falta zela.

Puntuagarria ez zen ligarako, horrela erabaki zutelako elkarteek egutegia zehaztu zuten garaian. Gaurtik hasiko dira puntuak banatzen, atzoko eremu berean jokatuko duten estropadan (12:20, ETB 1). Hiru txandatan banatuko dituzte taldeak, atzoko sailkapenaren arabera, eta Portugaleteko bandera irabazteko bi egunetako denborak hartuko dituzte kontuan.

Deustuk du aukera handienabandera irabazteko, atzoko azkarrena izateagatik, baina aldeakez dira handiak. Astillero lau segundo eta laurogeita sei ehunenera du, Isuntza sei eta laurogeita zortzira, eta Pedreña zazpi eta laurogeita hamalaura. Lau talde horiek ariko dira gaurko azken txandan.

Bigarren txandan joango direnak atzerago geratu zitzaizkion atzo Deusturi denbora tarteari dagokionez. Zarautz eta Getaria hamaika eta hamabi segundo atzetik ditu, eta Lapurdiri 34 segundoko aldea ateratzen dio, San Juani 40koa ateratzen dion bitartean. Azken lau sailkatuak ariko dira lehen txandan: Arkote, Zumaia, Hibaika eta Portugalete. 21 minututik gorako lana egin zuten lau taldeek, eta datu esanguratsua da, hasiera baino ez bada ere.

Atzokoan, seina taldeko bi multzotan banatu zituzten hamabi traineruak, eta Deustuk bigarrengotik aterata irabazi zuen estropada. Aise menderatu zituen erlojuaren aurka txandako aurkariak, eta lehia aurreneko multzokoekin izan zuen. Lehen seikote horretan Astillero izan zen azkarrena.

Deustuk hirugarren eta azken ziaboga eman zuenean, aurretik zituen Astillero eta Pedreña, baina azken luzean, sekulako lana egin zuten Jon Elortegiren arraunlariek, garaipena lortuz.

Kontuan hartzekoa da Deusturen lana, bigarren multzoko taldeek aurrenengokoek baino ur gutxiago izan zutelako arraun egiteko. Indarra baduela erakutsi zuen Deustuk. Gaurkoari begira, aldea egongo da txandatik txandara eta kaletik kalera, Portugaleten ohikoa den bezala.

ETE liga, gaur, Portugaleten

Emakumeen Traineru Elkarte eratu berriak gaur izango du estreinaldia, Portugaleten bertan (12:00, ETB 1); hiru txandatan banatuta ariko dira hamabi taldeak. Aurrenekoan joango dira Lea Artibai, Tolosaldea, Lapurdi eta Colindres; bigarrengoan, Donostiarra, Hondarribia, Deustu eta Kaiku, eta hirugarrengoan, Arraun Lagunak, Orio, Hibaika eta San Juan. Ez da puntuagarria izango.

Pasai Donibanen, 12:00etan, prestakuntza estropada izango dute Eusko Label ligako talde hauek, binakako txandetan banatuta, erlojuaren aurka: Orio-Donostiarra; Hondarribia-Urdaibai; eta San Pedro-San Juan. Gaur zortzi ekingo diote ligari Bilbon jokatuko duten erlojupekoan. Orduan hasiko da benetako lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.