Elkarren babesa izatearen beharra

Beldurra zabaldu da usu zaharren artean. Hala ere, bakartzeek sortutako sentimenduari gizarte sareen babesa gainjarri diote askok, neurriek baimendu duten heinean. Eta hori dute salbazio.

Maria Ortega Zubiate
Markina-Xemein
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Urtarrila zen. Markina-Xemein (Bizkaia) pandemiaren goraldi betean zegoen: Euskal Herri osoan intzidentzia tasa handienetakoa zuen herria zen: hiru aldiz gainditzen zuen 500 kasuen mugarria. Eta ostalaritzak itxita zeramatzan aste dezente. Baina horiek ez ziren muga Miren Olkotz eta Amaia Muniozgurenentzat. Lea Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ren ale bana eta kafea eskuan, taberna pareko bankuan eseri ohi ziren, eta hantxe ematen zuten goiza. Udaltzaina etortzen zitzaien sarri, erdi brometan erdi serio beste lagun bi baino bildu ezin zitzaizkiela abisatzera. Beraiek barre egiten zuten, eurak biak egotearekin ere konformatzen zirelako: elkarri konpainia egiten.

«Kafea hartzeko bilduko ez bagina, lur jota geundeke», gogora ekarri du Olkotzek. Orain ere, kafearen bueltan daude biak, baina, oraingoan, terrazan. Erretiratuak dira, koinatuak. Bakarrik bizi da bata; alabarekin bestea. Baina eguneko lehen orduak bata bestearentzat dauzkate gordeta; astelehena edo domeka izan, herriko terraza batean edo bestean biltzen dira, kuadrillan.

Mahai horren bueltan hitz egiten dute familiaz, herriko kontuez, albiste berrienez... Pandemiak antzaldatu egin du giroa. «Beldur» direla onartu dute. Birusa harrapatu etagainditu ezinak kezkatzen ditu. Jaso dituzten mezu guztiek oroitarazten diete oso kalteberak direla birusaren aurrean, eta horrek ezinegona sortzen die. «Ni orain arte ez naiz inoiz zaharra sentitu, baina, zaurgarriak garela diotenez, sinisten hasi naiz. Eta beldur naiz», adierazi du Olkotzek.

Baina dena ez da beldur, dena ez da murrizketa. Jendearekin egoteko ahalegina egiten dute. Horinabaritzen da, esaterako, beldurrez bada ere, lagunen bat beren mahaira esertzera doanean aulki hutsetatik erosketen poltsak kentzeko duten prestutasunean. «Batzuek ez zuten igarriko: kalera joateko hainbesteko gogorik ez duen jendeak, esaterako. Baina etxetik irten nahi eta ezinda egon den adineko askok gaizki pasatu du», azaldu du mahaira batu zaien lagun batek, hirugarren pertsonan, berari kalterik egin izan ez balio bezala.

Urtea bete berri du konfinamenduak, eta ordutik hona gorabeheratsua izan da bidea. Etxean emandako hiru hilabeteak gogorrak izan direla diote, eta egoera ez ulertzeak zaildu duela guztia. «Internetetik erositako paketeak etxera heltzen zitzaizkigunean, guztiak goitik behera garbitzen nituen, zoroen pare», gogora ekarri du Muniozgurenek. Ezjakintasunari eta beldurrari zirrara bildu zitzaion bi hilabete etxean egon eta gero kalera lehen aldiz irten zirenean. «Etxetik irten nintzen lehen egunean, Markina-Xemeinek New York zirudien», oroitu du, barrez, Olkotzek. Orduan ere koinatuarekin batzeko bidean egongo zen, ziur: «Honek bizitzeko gogoa ematen digu».

Kafea joan, ardoa etorri joan zaie goiza ere. Mahaira hurbildu zaizkien lagunek etxerako bidea hartua dute jada, eta beraiek ere altxatu dira. Bebarrura lagundu dio batak besteari, eta agur esan diote elkarri. Bihar ikusiko dute berriz elkar, larunbatez. «Bueno, koinatu, bihar arte» , esan dio Olkotzek. «Bihar arte, bai. Gogoratu: bihar hamaiketan zelai parean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.