Lekeition desagertutako urpekariaren bila jarraitzen dute

Igande arratsaldean desagertu zen, Santa Katalina itsasargiaren parean. Zarauzkoa da urpeko arrantzalea, eta 24 urte ditu

Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Oraindik ez dute topatu igande arratsaldean Lekeitio (Bizkaia) inguruan desagertu zen urpeko arrantzalea, eta hura bilatzeko lanek jarraitzen dute.

Bi lagun zebiltzan arrantzan Santa Katalina itsasargiaren parean, eta batek bestearen arrastoa galdu zuen. Ertzaintzari abisua eman zion, 17:45 aldera, eta martxan jarri ziren hura bilatzeko lanak. Atzo jakinarazi zutenez, Zarauzkoa (Gipuzkoa) da desagertua, eta 24 urte ditu. Bi lagunak adituak dira urpeko arrantzan, eta urteak daramatzate horretan.

Berehala jarri ziren abian urpekaria bilatzeko lanak, baina oraindik ez dute topatu. Igande gauean bilatzeari utzita, atzo goizean heldu zieten berriz lanei, 08:30ean, baina emaitzarik gabe. Gaur goizean ekingo diote berriro bilaketari.

Ertzaintza, Larrialdi Zerbitzuak, Ondarroako Gurutze Gorriaren Itsas Salbamenduko zerbitzua eta Lekeitioko sorosleak dabiltza lanean, helikoptero batekin eta urpekariekin, 25 metro inguruko sakoneran; gainera, Eusko Jaurlaritzako larrialdietako teknikari bat ari da lanak koordinatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.