Azken zenbakia argitaratuko du 'New Musical Express'-ek, gaur

Erresuma Batuko aldizkariak Interneteko bertsioarekin jarraituko du. 1970eko hamarkadan 300.000 ale saltzen zituen astero

urtzi urkizu
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Musika aldizkarien artean erreferente garrantzitsua izan da urteetan New Musical Express, bereziki 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Baina paperak jada ez du dirurik ematen, Time Inc UK enpresako zuzendari kudeatzaile Paul Chealek aitortu duen moduan. «Zoritxarrez, iritsi gara momentu batera non doako aldizkari bat astero argitaratzea ez den bideragarria». Eta gaur argitaratuko dute azkeneko zenbakia, 66 urteren ostean. «Indarrak eremu digitalean jarriko ditugu, eta inbertsioak markaren etorkizun indartsua ziurtatzeko bideratuko dira», esan du kudeatzaileak. Noizean behin paperezko zenbaki bereziak argitaratuko dituzte, NME Gold edizio berezietan.

New Musical Express 1952ko martxoaren 7an argitaratu zen aurreneko aldiz. Londresko musika sustatzaile Maurice Kinnek Accordion Times and Musical Express aldizkaria erosi zuen mila liberaren truke, eta izen berriarekin atera zuen —egunkari paperarekin, garai hartan—. Urte bereko azaroan, AEBetako Billboard aldizkariaren estrategia kopiatuz, Erresuma Batuko lehen single zerrenda sortu zuen; disko dendetako salmenten arabera, Top12-a ateratzen zuen aldizkariak. Harrera beroa izan zuen.

1960ko hamarkadan, The Beatles eta The Rolling Stones makina bat azaletan agertzen ziren. Aldizkariak Erresuma Batuko musikaren estilo berriei eman zien oihartzuna: psikodelikoaren lehen pausoak, rockaren garapena... 1972. urtean, aldizkaria ixteko zorian egon zen. Baina Alan Smith editore berriak haize freskoa eman zion, eta irakurleak kateatzeko funtsezkoa izan zen hainbat idazleren ekarpena: Charles Shaar Murray, Nick Kent, Tony Tyler eta Ian McDonald. Gorantz egin zuten salmentek, eta 1973an 300.000 ale saltzen zituen astero. Urte horretan, Nick Logan izendatu zuten editore.

Punkaren eztandari berandu heldu zion astekariak, baina Tony Parsonsek eta Julie Burchillek astindu bat eman zioten NME-ri. Kritika gogorrak jasotzetik musika talde askoren kutuna izatera pasatu zen. Punkaren garai horretan, gazteriaren intereseko gaiak lantzeari ekin zion, eta alderdi politiko arrazisten aurka argi azaldu zen.

1980ko hamarkadaren hasieran, Erresuma Batuko musika aldizkari garrantzitsuena zen NME. 1985. urtean, ixteko arriskuan egon zen berriz. Baina aurrera egin zuen orduan ere. 1990ko hamarkadan, Erresuma Batuko taldeak alboratu eta AEBetako indie bandei egin zien tokia.

2006an, aldizkariaren bertsio irlandarra sortu zuten: NME Ireland.

2015eko irailean, astekaria doakoa bihurtu zen. Unibertsitateetan, dendetan eta garraio publikoko sarean banatzeari ekin zioten, pop musikari lehentasuna emanda. Baina doako estrategiarekin ez dute esperotako errentagarritasuna lortu.

Egunotan hainbat musikarik eta musikazalek azal kutunenak zabaldu dituzte sare sozialetan, #RIPNME traola erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.