Beti dago zerbait jokoan

Athleticek gertu ikusten du Europa Ligan sartzea, baina Realarentzat ere garrantzitsua da derbia, haserre antzean dauden zaleak baretzeko.Bi taldeen joko maila eskasa da

Beti dago zerbait jokoan.
Haritz Gallastegi-Jon Eskudero
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Derbia lasai hartzeko aukerarik ez dago. Ez Athleticeko zaleek, ez eta Realekoak ere ez lukete onartuko. Jokalari bakoitzak daukan guztia eman behar du hiru puntu baino gehiago jokoan egoten den partida irabazten ahalegintzeko. Kontrakoa akats larria litzateke. Jarraitzaileen haserrea eragingo luke. Beraz, inork ez dezala uste San Mameseko partida gatz eta piperrik gabekoa izango denik: tentsioa, intentsitatea eta irabazteko gogoa ez dira faltako. Hori bai, sailkapenari begiratuz gero, Athleticentzat askoz gehiago balio dute puntuek. Zuri-gorriek Europa Ligan sartzea dute jokoan. Reala, berriz, sailkapenaren erdian dago. Ez gora, ez behera. Lasai.

Bi taldeen artean zazpi punturen aldea dago. Baina jokoan ez dago horrenbesteren aldea. Zuri-gorriei zein txuri-urdinei freskotasuna falta zaie. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak sasoi hasieratik izan duen gaitza da. Sormen arazo larriak izan ditu. Baina lehen itzulian ez bezala, bigarrenean lehiakorrago agertu da. Banakako akats gutxiago egin ditu atzealdean, eta horrek puntu gehiago irabazteko aukera eman dio. Denboraldiaren bigarren zatian 27 puntu irabazi ditu. Hau da, txapelketako talde onenen artean dago Athletic. Horren ondorioz, duela bizpahiru hilabete ezinezkoa zena gertu dauka: Malaga gainditu eta zazpigarren postua lortzea. Horretarako, gutxienez bederatzi puntu behar ditu liga amaitzeko geratzen diren bost partidetan. Hortaz, Reala mendean hartzea ezinbestekoa da.

Bolada txarrari amaitzeko nahitaez egin beharko ditu aldaketak teknikari zuri-gorriak. Defentsan, Gurpegi eta Balentziaga izan daitezke berritasunak. Kapitainak Etxeitaren lekua hartuko du, hura zigortua baitago. Ezker hegalekoa, berriz, ostatu da eta prest dago taldera itzultzeko. Aurrean, berriz, Ibai Gomezen hutsunea bete beharko du Valverdek. Susaeta eta Vigueraren artean aukeratu beharko du.

Estatistika, Realaren alde

Athletic ez bezala, konfiantzarik gabe helduko da Reala. Vila-realen aurka erakutsitako itxura kaskarraren ondorioz, kritika batzuk entzun behar izan ditu David Moyesek, eta zauriak ixteko partida egokia izan daitekeela uste du entrenatzaileak. Besteak beste, azken hamabi puntuetatik soilik bi poltsikoratu ditu, eta baikor dago bolada txarra amaitzeko. «Derbiak beti dira bereziak, eta plaza egokia izan daiteke gure zaleei poz txiki bat emateko. Zaleekin zorretan gaude». Hori bai, galduz gero sasoia are tristeago amaituko dutela badaki.

Estatistikak alde ditu talde txuri-urdinak. Zenbakiek diotenez, Realak neurria hartua baitio Athletici. Azken bost derbietatik hiru irabazi egin ditu, eta beste biak berdindu. Jokalariei dagokienez, Chory Castro da arazoekin dabilen bakarra. Beste guztiak bere aginduetara izango ditu Moyesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.