Igandekoa albo batera utzita

Realak eta Athleticek Kopako final-laurdenetako joanekoa jokatuko dute gaur, Zubietan

Claudia Zornotza Realekoa, baloiarekin, inguruan Lucia Cordoba eta Eunate Arraiza Athleticekkoak dituela. J. C. RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko emakumeen futbolak festa handia ospatu zuen aurreko igandean. EstreinakozRealak eta Athleticek derbia jokatu zuten Anoetan, 21.500 zaleren aurrean. Futbola, ordea, bizkor doa. Apenas ematen duen atzera begiratzeko aukerarik, eta zelaian eta harmailetan bizi izandakoaz ahaztu, eta beste derbi bati heldu beharko diote gaur, nor baino nor ariko baitira Espainiako Kopako final-laurdenetako joanekoan, Zubietan. Itzulerakoa asteazkenean jokatuko da, Lezaman.

Ane Etxezarreta Realeko jokalariak eta Garazi Murua Athleticekoak, oso bestelako partida espero dute, eta uste dute kanporaketa parekatua izango dela. «Oso polita da berriro ere derbi bat jokatzeko aukera izatea, bai guretzat, baita zaleentzat ere», nabarmendu dute biek.Bi taldeentzat erronka handia da Kopa. Txuri-urdinek behin bakarrik gainditu dute final-laurdenetako langa, eta Athleticek bi aldiz galdu du finala.

Ligan Atletico Madril eta Bartzelona mendean hartzea osoa zaila dela kontuan hartuta, Muruak uste du titulu bat lortzeko duten aukera «zuzenena» dela: «Ezustekoak izaten diren txapelketa bat da. Kanporaketa bakoitzean izaten diren momentu eta ñabardurak ondoen kudeatzen dituenak irabazteko aukera asko dauzka. Ilusioz gaude».

Etxezarretak gogorarazi du, lehen zazpi partidak galdu ostean, kontrakarrean jardun behar izan dutela sailkatzeko, eta ez dutela Kopa jokatzeko saria lehen aukeran galdu nahi: «Denboraldia oso gogorra izan da, batez ere psikologikoki. Azken partidetan antzeman dugu egindako ahalegin hori. Baina Kopa pizgarri handia da, eta ez dut uste neke hori antzemango dugunik».

Erdilariak onartu du igandean bizi izandakoa «oso berezia» izan zela, baina bai partida aurretik, baita bitartean ere «sentipen nahasketa handia eta urduritasun apur bat» nabaritu zutela. «Saiatu ginen hori ondo kudeatzen, baina batzuetan zaila zen. Orain, Zubietan jokatuta, lasaiago arituko gara». Hala uste du Muruak ere, eta ez da fio Gonzalo Arconadaren taldeaz: «Igandean irten ginen indar berberarekin atera behar dugu. Partida guztietan da garrantzitsua hori, baina derbietan are gehiago. Oker geundeke, 1-4 irabazi genuelako gehiegizko konfiantzarekin aterako bagina. Bizi aterako gara. Izan ere, guretzat oso inportantea da gutxienez gol bat sartzea. Baina kontuan hartuta itzulerakoa etxean izango dugula».

Zuri-gorriek partidari hobeto ekin ziotela onartu du Etxezarretak, eta hor egon zela Athleticen garaipenaren gakoetako bat. «Athleticen kontra beti kostatzen zaigu partidan sartzea, eta bitxia da, gainontzean, nahiko partida hasiera onak egiten ditugulako. Hori aldatzen saiatuko gara, betiere jakinda 180 minutuko kanporaketa dela, eta galtzen edo irabazten hasi arren, ezin dugula burua galdu».

Lerroak batuago jokatzen ere ahalegindu dira txuri-urdinak, erdilariak azaldu duenez: «Erasoko jokaldiak hobeto lotzeko, eta defentsan lan eraginkorragoa egiteko funtsekoa da hori. Izan ere, zelai erditik aurrera haiek jokalari osoko bizkorrak dituzte, eta abiadurara baliatuz oso ondo aprobetxatzen dituzte lerro artean aurkariek uzten dituzten zuloak. Urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen, eta primeran ezagutzen dute elkar».

Athleticen kasuan, berriro ere Nahikari ondo zaintzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio Muruari.«Erasoan askotan bilatzen dute, eta hari baloia ez bazaio iristen gehiago kostako zaie aukerak sortzea», ondorioztatu du atzeko erdilariak. Hortik harago, aurreko igandean egindako lanari segida ematen saiatuko dira.

Irabaziz gero, Bartzelona edo Levante izango lukete aurkari finalerdietan. Talde indartsuak dira biak, baina denboraldi honetan Athleticek eta Realak erakutsi dute gai direla bi talde horiek estu hartzeko. Dena den, biek, oraingoz arreta osoa jarria dute final-laurdenetan.

Gustura, lanarekin

Pozik daude egindako sasoiarekin. Etxezarretak ondorengo hausnarketa egin du: «Hamaikakotik sartu eta irten aritu naiz. Baina asko ikasi dut. Gonzalok gauza asko erakutsi dizkigu taktikoki eta teknikoki. Uste dut baloiarekin lasaiago aritzea lortu dudala, eta ausartagoa izatea».

Muruaren kasuan, ere «disfrutatu» egin du denboraldiarekin: «Eskarmentuak sasoiekin gozatzen erakutsi dit. Ia dena jokatu dut, eta ezin naiz kexatu. Taldea ondo ikusi dut. Gazteak eskarmentua hartu ahala asko hazten segituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.