Itsasoko urak, harrotuta

Gipuzkoako Surf Federazioak surf eskolek izandako kontrolik gabeko hazkundea salatu du. Oro har, eskolak eta elkarteak ados daude sektorea arautzearekin, masifikazioak hondartzetako elkarbizitzari kalte egin aurretik. Bainua hartzen dutenek ere erregulatzea nahi dute.

Surflari asko ibiltzen dira Donostiako Groseko Zurriola hondartzan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Uda, askorentzat, hondartza garaia izaten da, erlaxatzeko garaia, eta nork bere modua izaten du uretan freskatzeko. Egun, baina, lasaitasuna topatzea zaila izan ohi da hondartzara doazenentzat. Azken urteetan, surf eskolek hazkunde azkarra eta kontrol txikikoa izan dutela salatu du Gipuzkoako Surf Federazioak, eta horretaz hitz egitearen garrantzia nabarmendu du, egoerari buelta emateko beranduegi izan baino lehen. «Imajinatu bainua hartzen ari zarela, burua atera eta surf ohol bat ikustea. Edo alderantziz. Martxa honetan, horretara goaz, segurtasuna gero eta beharrezkoagoa da», ohartarazi du Maialen Saezek, Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak.

Egoera horren aurrean, hondartzara joaten diren guztien interesak defendatzeko aritu da lanean federazioa. Asmo ekonomikorik gabe ari da lanean federazioa: «Azpimarratu nahi dugu Gipuzkoako Surf Federazioa onura gabeko entitate bat dela, eta gure interesak ez direla ekonomikoak, inondik inora ere. Nahi duguna da bai eskola pribatuak, bai surflariek —federatuek zein ez—, eta bai bainua hartzen dutenek hondartzaz gozatu ahal izatea, segurtasunez», azaldu du Saezek.

Erregulazioa dela eta, lehenagotik dauden eskolak beldur dira erregulazioak izan ditzakeen ondorioez. Saezek ulertzen du haien kezka, baina arazo bat ikusten du: «Gazteek ez al dute aukerarik? Non daude sektorera sartu nahi duten belaunaldi berri eta ekintzaileak?».

Tokian tokiko udalekin hitz egin behar dela uste du Saezek, zer egin daitekeen adosteko. «Badakigu denak gustura geratzea zaila dela, dena egitea ez baita posible. Hondartza bakoitzak bere baliabideak eta mugak ditu».

Konponbide horretan uste du denek dutela zerbait esateko: «Udalak, surflariak, surf eskolak eta bainua hartzen dutenak bildu behar lirateke, ados jartzen saiatzeko. Erdibideko bat egon behar da».

Zarautzen, esaterako, lehen neurriak orain dela hiru urte hasi ziren hartzen. Zortzi eskolarentzat eman zuen lizentzia udalak, eta ratio batzuk daude haientzat: monitore bakoitzeko, sei ikasle egon daitezke, adibidez. Eskola bakoitzari eremu bat ematen zaio, ordutegi batekin. Sorosleak hasten direnean sartzen dira eskolak, 10:30etik aurrera, 20:00 arte. Gainera, uretako jarduna kontrolatzeko ordenagailu bidezko aplikazio bat dute. Ikasle bakoitzeko tasa bat ordaintzen dute eskolek, eta ezin dute uretara nahi beste pertsona sartu.

Aurten neurriak nabaritu dituztela adierazi du Zarauzko Surf elkarteko lehendakari Lore Irulegik, nahiz eta oraindik ordu eta leku batzuetan kontrol handiagoa falta dela adierazi. Ikuskatzaileak ezarri dituzte, eta, ordutik, aldea nabaritu du Irulegik. Hala ere, eragozpen bat ikusten die ikuskatzaileei: «Ikuskatzaileak ez dira surflariak, eta surfaren inguruko ezagutza handiagoa izan beharko lukete, eskolek malgutasuna izateko. Adibidez, eskola bakoitzak eremu bat dauka hondartzan, eta eremu horretan itsaslaster handi bat egon daiteke. Hortaz, ezinbestean, lekualdatu beharra daukate bertan dabiltzanek. Itsasoaren ezagutza izatea garrantzitsua da, funtsezkoa», nabarmendu du Irulegik.

Hala ere, Gipuzkoan bakarrik ez, Lapurdin eta Bizkaian ere badira egoera horren jakitun. Lapurdin lehenago izan zuten egoera hori, eta Gipuzkoarentzat lezio izan daitekeela uste du Iñigo Zabalzak, Hendaiako (Lapurdi) Central surf eskolako sortzaileak: «Erregulatzeko erabakiak hartzen hasi zirenean, epe laburreko ondorioak nabaritu ziren», aitortu du Zabalzak.

Izan ere, 27 urte daramatza lanean Zabalzak, eta Lapurdin zegoen kontrol falta ezagutu du, Frantzia sektorea erregulatzen hasi eta eskolak Gipuzkoara mugitzen hasi ziren arte. «Hasieran ez zen arazorik, eskola gutxiago zeuden. Gerora, baina, Hossegorretik eskolak etortzen hasi ziren. Hendaiako hondartza luzea da, baina eskola kopurua etengabe hazten joan da, eta azkenerako, neurriak hartu behar izan dira», azaldu du Zabalzak.

Erregulazioaren aurretik zeuden desorekez ere hitz egin du: «Aurretik zeuden eskolei gauza asko eskatzen zitzaizkien: kontratuak eguneratuak izatea, begiraleak tituludunak izatea, seguruak... Ondoan hori guztia betetzen ez zuen norbait bazegoen,hori erregulatu beharra zegoen», azaldu du. Zabalzak masifikazioak hondartzan dabiltzanen segurtasunari eragin diola uste du, eta egunen batean zerbait gerta daitekeen beldur da.

Masifikazioa Lapurditik Gipuzkoara iritsi da, baina ez horren indar handiz, oraingoz, Bizkaira. Dena den, arazoa izaten hasi dela azaldu du Cesar Gonzalezek, Sopelako (Bizkaia) Salbaje surf eskolako langileak. Gonzalezek 2004an zabaldu zuen surf eskola, eta orain dela bost urte hasi zen arazoaz jabetzen. Neurriak lehenagotik hartu behar zirela kexatu da: «Gaizki eta berandu erregulatzen hasten direnean, urteak daramatzagun enpresei kalte egingo digute».

Udalak neurriak hartu behar lituzkeela uste du Gonzalezek, hondartzako, gehienez, hiru edo lau eskola onartuz, adibidez. Hala ere, beldur da udalak eskolei lizentziak banatzeko konkurtso bat atera eta kanpoan geratuko ote den. «Lizentziarik gabe geratzen banaiz, zer egingo dut, nire inbertsioa eta bezeroak sartu berri den bati eman? Edo okerrago, enkantera marka handi bat etorri eta denak kalera bota gaitzake», esan du kezkatuta.

Gonzalezek, dena den, sektorea erregulatzea nahi du, horrek lan gutxiago izatea ekarriko liokeen arren. Gonzalezentzat lehentasuna egungo desorekak ezabatzea da: «Eskola ibiltariek, adibidez, gure antzeko tasak ordainduz, zazpi hondartzatan egin dezakete lan, mugitzen diren hondartzetara abisurik eman gabe, eta honetan hasieratik gaudenok gure herrian bakarrik egin dezakegu lan. Ez da bidezkoa».

Kate efektuan mugitzen ari da masifikazioren arazoa, eta Euskal Herriko kostan lan egiten dutenen kalterako bihur daitekeela uste du Saezek: «Geroz eta jende gehiago Kantabriara [Espainia] ari da mugitzen, merkeagoa delako eta askoz leku gehiago dagoelako». Dena den, Saezentzat oraindik ez da berandu egoerari buelta emateko: «Momentua da», dio itxaropentsu.

Denon bizikidetza helburu

Masifikazioak eskola pribatuen arteko tirabiretan bakarrik ez, hondartzako erabiltzaileen egunerokoan ere eragin du bainua hartzeko garaian. Horren jakitun da Gonzalez: «Autobidez erraz hel zaitezke Arriatarako hondartzara, eta metroa ere Plentziara arte itxita dago orain. Horrek guztiak jende gehiago ekarri du».

Donostiako Zurriola hondartzan surf eskolak aritzen dira lanean, udan batez ere. Bertan bainua hartzen duen horietako bat da Leire Elices. Gros auzoan bizi da, eta, Elicesentzat, Donostiako Zurriola hondartzan surflari gehiegi dago. Horrelakoetan, Grosekoak izanda ere, askotan Kontxaraino joan behar izaten dutela kexatu da Elices. «Ez dakit bazterketa den, baina surflarien kopurua gehiegizkoa dela iruditzen zait».

Auzo berean bizi da Marijo Perez. Harentzat, ordea, arazoa surflarien eta surf eskolen artean dago, ez horrenbeste surflari eta bainua hartzen dutenen artean. «Ikastaro asko daude, batez ere uztailean. Jendea kanpotik etortzen da erreserba batekin, eta batzuetan jende asko elkartzen da eremu txiki batean. Hala ere, negozio bat dela ere ulertzen dut». Dena den, bainua hartzeko eragozpen gutxi dituela eta hondartzen antolaketa egokia dela azaldu du Perezek.

Asier Arzelus Sagues inguruan bizi da, eta askotan bainua hartzen dutenen alde gehiago egindaitekeela iruditzen zaio. «Askotan, etortzen garenean ez dakigu hemen bainatuko garen edo beste puntaraino joan beharko ote dugun». Alde batetik, surflarien interesak kontuan hartu behar direla iruditzen zaio, baina, haren iritziz, badaude bi banderak jar daitezkeen egun eta momentuak, eta batzuetan sorosleen alferkeria dela iruditzen zaio: «Errazena surf eta bainu gune bana jarri eta bakoitzean bi sorosle jartzea da», kexatu da Arzelus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.