David Beriain Sinaloako kartelean murgildu da

DMAX katea astelehenean hasiko da ematen 'Clandestino' saioko erreportaje berriak. Kazetaria El Salvadorren ere ibili da, mara artean

David Beriain Nafarroako kazetaria, Sinaloako kartelean, Mexikon. DMAX.
urtzi urkizu
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
DMAX telebista kateak —lurreko telebista digitalean irekian ikus daiteke Hego Euskal Herrian— Clandestino saioaren denboraldi berria estreinatuko du astelehenean, 22:30ean. David Beriain kazetaria (Artaxoa, Nafarroa, 1977) da erreportaje programaren gidaria eta protagonista, eta datozen ataletan Mexikon eta El Salvadorren ibiliko da. Mexikon, Sinaloako kartelean sartuko da Nafarroako kazetaria. Munduko talde kriminal boteretsuenetakoa da hori, eta, 2016ko urtarrilean atxilotu zuten arte, Chapo Guzmanek gidatzen zuen. Kartelaren bihotzeraino joango da Beriain; tartean, sikarioak, narkoak, polizia ustelak, mulak eta drogekin lan egiten duten kimikariak daude. Buruzagien semeen festetan ere ibiliko da kazetaria. Hiru erreportajetan —hiru astelehenetan jarraian emango dute— jasoko du Beriainek Sinaloako kartelean ikusi eta grabatutakoa. «Kazetari gisa txundituta eta jakin-nahi handiarekin nago narkotrafikoaren munduarekin», azaldu du Beriainek.

Beriainek 93 Metros eta 7yAcción ekoizpen etxeekin egin ditu erreportajeak, DMAX katearekin elkarlanean. Nabarmendu du Sinaloako kartelari buruz erreportajeak egiteko ideia izan zutenean Guzman libre zegoela, eta prestaketetan zirela atxilotu zutenean. «Sinaloara joan ginenean konturatu ginen guretzat dena errazagoa izango zela Guzman aske egon izan balitz, hark bere istorioa kontatzeko borondatea baitauka». Guzmanen ama, Consuelo, elkarrizketatu zuten erreportajerako. Chaporen anaiak, El Guano-k, aukera eman zien droga ekoizten duten tokia ezagutzeko. Sinaloako kartelak munduko 50 herrialdetan funtzionatzen du, eta Ameriketako Estatu Batuetako droga merkatua kontrolatzen du. Droga ekoizten, garraiatzen eta zabaltzen du mundu osoan. Metanfetamina, kokaina, kalamua eta heroina dira kontrolatzen dituen drogetako batzuk.

Marak, bi ataletan

Mexikon grabatutako hiru erreportajeen ostean, El Salvadorrera joko du Beriainek. Urtean 6.000 hilketa egoten dira han, eta Latinoamerikan indarkeria kasu gehien dituen herrialdeetakoa da. Mara gazte talde bortitzen munduan barneratuko da kazetaria denboraldiko laugarren eta bosgarren ataletan. Grabaketak lortzea ez dela erraza izan nabarmendu du Beriainek: «Istorioetako sarbideak aurkitu behar dira, kontaktuak egin, ikusi, pazientzia izan, iritsi, huts egin, berriro hasi». Clandestino saioaren lanarekin harrapatuta dago kazetaria: «Saioa nire bizitzako ametsa da. Munduari begiratzeko nire modua da. Humanista izan nahi dut, inor epaitu gabe».

Clandestino iazko maiatzean estreinatu zuten, El ejército perdido de la CIA lanarekin —zinema aretoetan ere proiektatu zuten—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.