Hogei kate pribatuetatik hamahiru, bi talderen esku

Espainiako Gobernuak LTDko lizentzia bana eman die Atresmediari, Mediaseti, Real Madrid TVri, 13 TVri, Secuoya taldeari eta Kiss TVri

urtzi urkizu
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen lurreko telebista digitaleko sei lizentzia berriren adjudikazioa: goi bereizmeneko kate bana Atresmedia, Mediaset eta Real Madrid TVrentzat, eta kalitate estandarreko kate bana Secuoya taldearentzat, 13tvrentzat eta Kiss FMrentzat. Banaketa horren ostean, Espainiako LTDko kate pribatuen %65 Mediaset (Tele5) eta Atresmedia (Antena3) taldeen esku geldituko dira; iaz telebistako publizitatearen %95 bi taldeentzat izan zen.

Lizentzia lortu duten enpresek sei hilabeteko epea dute emititzen hasteko. Horrenbestez, kate berriek 2016ko apirilerako ekin beharko diete emisioei.

Secuoya taldeak —Tu al Norte y Yo al Sur saioa egiten du ETBrako— abenduan hasiko ditu probako emisioak. Raul Berdones presidenteak iragarri du bost eta zazpi minutu arteko albistegi boletinak emango dituela kateak. «Ideia da telebista zuria egitea, zentroko editorial batekin, oso orekatua», gaineratu du. Prime-time-a 20:30ean hasiko du.

Bestetik, ElDiario.es-ek Industria Ministerioaren barne txosten bat filtratu du. Txosten horrek jasotzen du nola PPren gobernuak bide orri bat ezarri zuen, ikus-entzunezko mapa bere interes politikoen arabera egokitzeko. Txostenak araudia aldatzeko beharra aipatzen du, Mediasetek eta Atresmediak lizentzia kopuru bera izan dezaten. Telebista kate komunitarioak eta auzoetakoak desagerrarazteko nahia ere ageri da testuan.

Prisa taldeak auzitara jo du, lizentzien adjudikazioaren aurka—lehiaketara aurkeztu zen eta ez du lizentziarik lortu—.

PSOEk PPri leporatu dio telebista mapa «ondo lotuta» utzi izana, hauteskundeen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.