Komunikazio tailerrak egingo dituzte Gasteizen

Hala Bediren eskutik, apirilaren 16tik maiatzaren 7ra izango dira tailerrak. Bihar, 'Generoa komunikabideetan' mahai ingurua egingo dute

Gasteizko Hala Bedi irrati libreko kideak, komunikazio tailerrak aurkezten. BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Izan Media herri komunikazioko tailerrak antolatu ditu Gasteizko Hala Bedi irrati libreak datozen asteetarako. Hilaren 16an, 23an eta maiatzaren 7an egingo dituzte tailerrak, Oihaneder euskararen etxean, goizez eta arratsaldez.

Tailerrei hasiera emateko, gainera, Hala Bedik mahai inguru bat antolatu du biharko. Generoa komunikabideetan. Badugu betaurreko morerik? izenburupean, Gasteizko Aldabe gizarte etxean, 19:00etatik aurrera hiru hizlari ariko dira: Eider Olazar, Info7 irratiko esatari eta Azti Begia elkarteko lehendakaria; Jasone Agirre, EITBko kazetaria; eta Malen Aldalur, Klitto! atari digital feministako kazetaria. Moderatzailea Hala Bediko kide Aitziber Perez de Karkamo izango da.

Hala Bediko kide Erlantz Andak azaldu duenez, komunikabide nagusiak jabe gutxi batzuen esku daude gaur egun, eta, «bestelako gizarte eredu baten alde» lanean ari direnentzat, «ezinbestekoa» da egiten dutena behar bezala komunikatzea. «Horretarako, eskura ditugun tresnak ahalik eta ondoen erabili behar ditugu». Hori da Hala Bedik antolatutako tailerren helburu nagusia.

Larunbat honetan ekingo diete tailerrei: goizean, irratigintza- ahozkotasuna eta argazkilaritza praktikoa landuko dituzte, eta, arratsaldean, irratigintza-audio edizioa eta bideo grabaketa. Hilaren 23an, kartelgintza eta bideo edizioa landuko dituzte. Maiatzaren 7an, berriz, lehen gaia herri mugimenduak, prentsa eta Interneteko sare sozialak izango da. Bideo edizioan pauso bat aurrerago egin nahi dutenentzako tailerra ere egingo dute, After effects izenburupean. Eta azkeneko tailerra segurtasun digitalaren hastapena izango da; tailer horretan, egunerokoan erabiltzen diren teknologien —posta elektronikoa, Whatsapp...— azterketa kritiko bat egiteko lehen urratsak egingo dituzte, eta komunikaziorako teknologia seguruagoak ezagutuko dituzte.

Gai bakoitzean adituak direnak ariko dira irakasle: Imanol Manterola, Raul Choren, Mikel Gartzia, Juan Arrosagarai, Arantzazu Alonso, Aimar Cordero, Albaro Anta, Eneritz Arzallus, Iñaki Landa, Eneko Martinez de Albeniz eta Dabid Martinez.

Hala Bedi bideogintzan hasia da, irratigintzaz harago ari da jarduera zabaltzen. Tailerren edukiak horren erakusgarri dira. «Azkeneko bost urteotan irratiaren inguruko formazio tailerrak egitera mugatu bagara ere, aurten eskaintza zabaltzea erabaki dugu, eta ikus-entzunezko beste diziplina batzuen inguruko tailerrak ere eskainiko ditugu», azaldu du Andak.

Izena emateko, helbide elektroniko hra idatzi behar da: [email protected]. Tailer bakoitza 20 pertsona ingurukoa izango da. Tailer batean parte hartzeagatik hamar euro ordaindu beharko da. Dena den, tailer batean baino gehiagotan eman daiteke izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.