Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Erantzukizuna

2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Gaur ere esan dizuegu. —Zuek euskaraz egiezue. Zuek ez badiezue euskaraz egiten, ez die inork egingo.

Eta zuek euskaraz egin diezue, zintzo asko, oraindik txikiak baitzarete. Oraindik aintzat hartzen baitituzue gure hitzak.

Alabaina, batzuetan zalantzak izaten ditut. Batzuetan iruditzen zait zama handiegia jartzen dugula zuen bizkarren gainean. Ikastolako motxilatzarra nahikoa ez, eta orain zuen lehengusu-lehengusina guztien euskalduntzearen ardura zamatu behar duzue familia mahai baten inguruan elkartzen den bakoitzean.

Eta batzuetan iruditzen zait ez dela bidezkoa.

Azken batean, ez da zuen erantzukizuna.

Gauzak diren bezalakoak dira. Zuen lehenengusu-lehengusinek dena ulertzen dizuete, baina ez dira gai zuekin euskaraz egiteko. Hamar kilometroren bueltan bizi arren mundu zeharo ezberdinak bizi dituzue. Zuek bezalaxe, haiek ere euskaraz ikasten dute, baina, zuek ez bezala, haiek ez dute euskara bizi.

Zuentzat naturala dena haientzat sufrikarioa da.

Egunen batean euskaltegiren batetik pasatu beharko dute euskaldunak izango badira, edo, bestela, ez dira izango.

Baina, ez, hori ez da zuen erantzukizuna.

Hizkuntza-politika egitean politikaz arduratu eta hizkuntzaz ahaztu zirenena —eta ahazten direnena— da.

Ez, azken hitz hauek ez dituzue zertan aintzat hartu. Agian etorkizunean bai, baina orain ez.

Orain segi jolastera lehengusu-lehengusinekin.

Eta euskaraz egiezue…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.