«Ez dut aurreikusten AHTaren zatiak zaharberritu behar izatea»

JON URBE / FOKU.
xabier martin
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
AHTaren bukaera berriro atzeratuko dela ulertzera eman du Espainiako Gobernuak, eta Arantxa Tapiaren haserrea eragin du hamaikagarren atzerapen horrek.

2023rako ere ez da bukatuko AHTa, itxura batean. Inoiz bukatuko al da azpiegitura hori?

Zein proiektu lantzen ari diren kontuan hartu gabe data aldatzen hasteak haserretu egiten nau. 2024? 2025? Hitz egin dezagun proiektuez. Gure ardura da obra zibila bukatzea, eta bi zati gelditzen zaizkigu. Estatua ez doa hain azkar, baina azken esleipena Elorrioko loturarena da, eta hura 2021erako bukatuko dela aurreikusita dago. Gero, egia da: errailak jarri behar dira, argindarra eta abar. Baina hori, gehienez, hamabost hilabetean bukatzekoa da. Beraz, 2023rako buka daiteke AHTa.

Idoia Mendia baino baikorragoa zara...

Ba, esplikatuko diot nola den gauza. Hiriburuen sarrerak izan daitezke arazorik handienak. Baina estazioak erabat bukatu gabe ere trena martxan jar daiteke. 2023. urteko erdialdera irits gaitezke zorrotzak bagara. Gero, probak egin beharko dira, eta baimenak lortu. Beraz, 2023ko amaierarako izan dezakegu AHTa, baina zorrotzak izan beharko dugu epeekin.

Urte asko joan dira azpiegituraren zenbait zati eraiki zirenetik; tunel eta zubi batzuk, adibidez. Zaharberritu beharko dira segurtasun arrazoiengatik azpiegitura martxan jarri aurretik?

2006an sinatu zen proiektua, eta lehen obra 2010ean hasi zen. Egia da denbora pasatu dela eta Europatik gomendioak iritsi direla; tuneletan larrialdi irteerak egin behar direla esan dute, hain zuzen. Azterketa bat egin beharko da egin dena ondo egin dela jakiteko, baina ez da aurreikusten ezer berezirik egin beharra.

Ez dira zaharberrituko zenbait zati?

Ez dut aurreikusten, ez.

Entzungo zenuen munduko bidegorririk onena esaten diotela AHTari...

Ez dut hitzik horri buruz. Nahiago dut ez esan ezer.

«Ez dugu baztertzen Euskaltelen akzioak erostea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.