Parke naturaleko jagoleak

Armañongo parke naturalean barrena ibiliko gara Jorrios eta Armañongo tontorrez gain, XX. mendearen hasieran egindako Cuetoko kanala ezagutzeko.

Parke naturaleko jagoleak.
Josean Gil-Garcia.
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Armañon natur parkea Bizkaiko mendebaldean dago, Enkarterriko eskualdean. Parkeak 3.000 hektarea inguru ditu, eta 2006tik mendigune babestua da. Mendizaleontzat aski ezaguna da, inguralde menditsu horretan sona handiko gainak altxatzen baitira: Armañon, Jorrios eta Ranero, beste askoren artean. Paraje karstikoa nagusitzen dela konturatuko gara, eremu babestuaren zidorrak korritzen hasteaz batera. Hala ere, basoz eta larre zabalaz estalita agertuko zaizkigu hainbat interesgune.

Gehien bisitaturiko tokiak, akaso, Pozalaguako haitzuloa eta haren gainean dagoen Karlistaren leize zuloa izan ohi dira. Edonola ere, atentzioa erakarriko duten elementu gehiago dira Armañongo babes eremuan, Juncal urtegira doazen XX. mendean irekitako aspaldiko ubideak, esaterako. Edota han-hemen sakabanaturik dauden monumentu megalitikoak. Natura oparotasun horrek kontserbaziorako ahaleginak metatzea ekarri baitu, 2016tik KBE Kontserbazio Bereziko Eremua izendaturik dago.

Turtziozen (Bizkaia) emango diogu hasiera ibilbideari. Guriezotik (Kantabria) hurbilduz gero, Turtzioz herria zeharkatu, eta, eliza eta zezen plaza atzean utzita, eskuinera egin, eta Cueto auzora doan errepide estuari jarraituko diogu. Aguera ibaia igaro, eta asfaltoan gora 1,7 kilometro egingo ditugu, auzora iritsi arte. Auzoko ermitaren aurrean autoa uzteko lekua egokitu da. Armañon natur parkearen inguruko xehetasunak irakurriko ditugu han.

Cuetoko kanalean barrena

Oinez jada, errepidean aurrera jarraituko dugu, eta, lauzpabost minutu egin ostean, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean—bankutxo bat dago erdian—. Jorrios mendigune karstikoaren irudi idilikoak guztiz liluraturik, goratasuna hartuz joango gara. Bidea porlanez jantziko da, eta, arin-arin, hiru bideko bidegurutze bateraino lagunduko digu. Erdiko bideari ekingo diogu han, hots, gehien igotzen den basabideari. Malda amaitzean, Las Casillas etxola multzora iritsiko gara. Lehen txabola eskuinaldean dago lizar, arte eta intxaurrondo eder batzuen babesean. Herritik inguru horretaraino ekarri gaituen GR 123 Bizkaiko Bira zidorrari dagozkion bide seinaleek eskuinetik maldan gora egiteko agindu arren, aukera hori itzultzeko utziko dugu. Pintura arrastoei jaramon egin gabe, beraz, pista behinenetik jarraituko dugu.

Bidearen ondoan beste etxola bat utzirik, porlan bideari segituko diogu, betiere malda pikuari aurre egitearen kariaz. Horma berdeak dituen etxolara helduko gara. Beherago utzitako GR zidorreko markak agertuko zaizkigu. Ahalegin xumea egin ostean, Posadero atakara iritsiko gara. Ezkerrera egin, eta, kaltzitaz jantzitako bidea bazter eginda, bide nagusitik segituko dugu. Metalezko langa batera helduko gara; noiz, eta Cuetoko ubidearen gainean gauden une berean. Goratasuna hartzeari utzita han, eskuineko langa zeharkatu, eta, sestra kurbari men eginez, mendebalderantz abiatuko gara. Kanala lehor joanda ere, urez betetzen dela ikusiko dugu, batik bat Jorriosko leporantz metroak egin ahala. Hainbat minutu emango ditugu kanalaren paretik, mendigune karstiko alderik alde zeharkatzen duen aho ilunera iritsi arte.

Tunelean sartu gabe, ordea, mazelan gora egiten duen bideari oratu eta Las Cardinchas lepora igoko gara. Lepotik 20 minutu baino ez dira Jorrios tontorreraino. Lepora berriz jaitsita, Jorrios mendiari bizkar eman eta lerrotik jarraituko dugu. Armañon aldera goazela, Campapedrero izeneko lepora helduko gara. Lurrean jarritako burdina zeharkatu, eta lerroan gora egiteari eutsiko diogu. Ilso de la Bandera eta Berezal muinoetatik igaro ondoren, Parapetos tontorraren oinaldeko lepora helduko gara. Hemen ere aukera paregabea dago Arma ñongo tontorrera igotzeko. Alanbrearen ondotik doan zidorrak lagunduta, Parapetosera igoko gara. Gero, natur parkeari izena eman dion gailur sonatura.

Gailurretik lepora jaitsiko gara berriz, eta, eskuinera joz, Parapetos magala zeharkatuko dugu Cuetora bidea harturik. Ubidearekin topo egingo dugu. Posaderoko atakatik hurbil ikusitako etxola berdera iritsita, GR zidorra ri jarraitu, eta, igoerako bideari oratuta, auzoan amaituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.