Ekialdera begira

Sei Nazioen Torneoa gaur hasiko da, eta Irlanda da faborito nagusia. Grand Slam bi urtez jarraian irabazten duen lehen selekzioa izan nahi du. Irailean, Munduko Kopa jokatuko da Japonian, eta selekzio guztientzat probaleku ere izango da.

Sei Nazioetan ariko diren selekzioetako kapitainak elkarren alboan eserita, torneoaren aurkezpen ekitaldian. SEI NAZIOAK.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Lau urtean behin, gizonezkoen Sei Nazioen Torneoak kutsu berezia hartzen du. Munduko Txapelketa jokatzen den urteetan izaten da, torneoa, berez duen garrantziaz gain, errugbiaren ekitaldi handienerako probaleku apropos bihurtzen baita. Aurtengoa Munduko Txapelketaren urtea da; Japonian jokatuko da, irail-azaroetan, eta begi bat han jarrita ariko dira selekzioak; ekialdera begira.

IRLANDA

Irlandako errugbi selekzioak inoizko boladarik gozoena bizi du egun. Eta talde batek 144 urteko historia duenean, hori asko esatea da. Hitz potoloak dira, baino ondo argudiatuak, eta Munduko Txapelketan bide luzea egiteko itxaropena du. Hasteko, bigarren dago Nazioarteko Errugbi Federazioaren sailkapenean, eta azken lagunartekoetan lorturiko emaitzek herrialdearen konfiantza zerura eraman dute. Iragan azaroan, 16-9 irabazi zion Zeelanda Berriari Dublinen, eta, ekainean, Australiaren aurka Australian jokaturiko hiru partidetatik bi irabazi zituen. Hori gutxi balitz bezala, klub mailan, Irlandako hiru taldeak Europako Txapelketako final-laurdenetan dira. Zer gehiago eska daiteke?

Sei Nazioak irabazteko faborito handia da Irlanda. Iaz Grand Slam lortu zuen —bost partidak irabaztea—, azken partida Londresen irabazita, gainera, eta aurten hori du helburua. Bi urtez jarraian Grand Slam irabazten duen lehen selekzioa izan nahi du Irlanda honek. Egutegia ere alde du, Ingalaterra —bihar— eta Frantzia hartuko baititu etxean. Erne Jacob Stockdale hegaleko gaztearekin.

INGALATERRA

Iazko torneoa aspaldiko gogorrena izan zen Ingalaterrarentzat. Lesio pila bat izan zituen, eta bosgarren bukatu zuen, hiru partida galduta. Joko sendoa egiten du, baina ez distiratsua, eta, galdu arren (15-16), neguan estu hartu zuen Zeelanda Berria lagunarteko partida batean —Australiari irabazi egin zion—. Ingalaterraren harrobiak beti ematen ditu ale onak, baina Eddie Jones hautatzaileak ondo egin du mezu zentzudun hau zabalduz: «Helburua Irlandaren aurkako lehen partida irabaztea da, eta gero gerokoak».

FRANTZIA

«Gure helburua konfiantza hartzea da». Esaldia da Jacques Brunel Frantziako hautatzailearena da. Sei Nazioak garai oso txarrean iritsi zaizkio Frantziari, 2018a urte oso gogorra izan baitzen. Sei Nazioetan bi partida irabazi zituen bakarrik, eta urtean jokaturiko 11 partidetatik zortzi galdu zituen. Azken porrota historikoa izan zen gainera, Fijiren aurka, Parisen (14-21). Hautatzaileak Japonian du burua, eta jende gazte asko sartu du deialdian zailduz joan daitezen. Egutegia ere ez du lagun, Ingalaterra eta Irlandara joan beharko baitu. Selekzioan bi euskal herritar daude: Camille Lopez joko irekitzaile zuberotarra eta Arthur Iturria hirugarren lerroko baionarra. Biak hasieratik ariko dira gaur Galesen aurka.

GALES

«Irlandaren aurka etxean jokatuko dugun partida erabakigarria izan daiteke txapelduna nor izango den argitzeko», azaldu du Warren Gatland Galesko hautatzaileak azken astean. Eta zergatik ez ezustea eman? Iaz bigarren izan zen, eta aurten anbizioz dabil. Egutegia ere aldekoa du: Irlanda ez ezik, Ingalaterra ere etxean hartuko duelako. Galesek DNAn darama txertatuta joko ikusgarria egiteko joera, eta egun ona badu, edozein utz dezake hankaz gora. 2018an bederatzi partida irabazi zituen jarraian, tartean Australiari (9-6) eta Hegoafrikari (20-11). Nazioarteko Federazioko sailkapenean hirugarren dago, eta ez da kasualitatea.

ESKOZIA

Hazten ari den selekzio bat da Eskozia. Edinburgo eta Glasgowko taldeak Europako Txapelketako final-laurdenetan daude, eta haien hobekuntzak elikatu egin du selekzioa. Prestaketan denetariko emaitzak lortu zituen Eskoziak, baina iazko Sei Nazioetan Ingalaterraren (25-16) eta Frantziaren (32-26) aurka irabazi zuen, eta horrek bultzada eman zien. Torneo hain orekatu batean, ezustekoren bat eman dezakete etxean, baina tituluak langa altuegia dirudi. Talde gaztea da, eta Japonia du buruan.

ITALIA

Hamazazpi aldiz hartu du parte Sei Nazioetan, eta 11 aldiz izan da azken sailkatua. Azken bi aldietan ez du partidarik irabazi, eta ez dirudi urte egokia denik bolada txar hori eteteko. Aurkariak ondo daude, oreka handia dago eta Italiak hutsune garrantzitsuak ditu: Minozzi, Palledri, Violi, Bellini... Etxeko hiru partidetan lehiakorrak izatearekin, pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.