Gamesak Adwen osoa bereganatu du, Siemensekin bat egitea lotzeko

Indiako Bill Forge erosi du CIEk, 178 milioigatik. CAFek Amsterdamgo 63 tranbia egingo ditu

Itsaso Baltikoko ur sakoneko parke eoliko handiena eraikitzeko kontratua dauka lotua Adwenek, Alemanian. I. WAGNER / EFE.
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Siemensen adar eolikoarekin bat egiteko prozesua mantsotu zuen korapiloa askatu du Bizkaiko Gamesa multinazionalak: oso-osorik bereganatu du itsasoko energia eolikoa garatze aldera Areva frantziarrarekin erdibana abiatutako Adwen konpainia. 60 milioiren truke erosi dizkio enpresaren erabateko kontrola izateko falta zitzaizkion akzioak, eta gainditutzat jo du bat egitea lotzeko oztopo nagusia. Europako lehia arduradunen baiezkoa behar du itunak.

Itsasoko haizeen energiak batu zituen Gamesa eta Areva, 2014an. Offshore-an zeramatzaten atzerapenei aurre egiteko bateratu zituzten negozioak, eta hortik aurrerako ekintzak Adwen enpresaren bidez egitea hitzartu zuten, hari «esklusibotasuna» emanda. Siemensen agerpenak, nolanahi ere, hankaz gora ipini zuen konpromiso hori. Alemaniako etxeak akzioen %59 izango ditu enpresa berrian, eta hura kentzeko exijitu zuen negoziazioetan, merkatuan hedatzeko muga bat zela iritzita.

Frantziako Estatuak Arevaren akzioen %87 izateak trabatu zuen irtenbidea, estrategikotzat jo baitzuen offshore teknologia. Azkenean, Gamesa eta Areva ados jarri ziren esklusibotasun hori eten eta hiru hilean irtenbide bat topatzeko. Iragarpenak lehiakideen interesa piztu zuen —tartean, AEBetako General Electricena—, baina Arevak azkenean bidelagun izandakoari saldu dio bere zatia: %50.

Etorkizuneko arriskuak eragotzi nahi ditu hala Arevak; nagusiki, Itsaso Baltikoko Alemaniako uretan egitekoa duten parke eoliko erraldoirako. Arriskuak, dena dela, ez dira desagertu. Energia eolikoan 600 milioi inbertitu ditu jada Arevak, eta zail du zulotik irtetea. Munduko lider izateko sortu bazuten ere, fabrika bakarra du gaur egun: Alemania iparraldean.

Erosketarekin batera, Frantziako hiru kontratu garrantzitsurekin egin du topo Gamesak Adwenen saskian, Engie eta Iberdrolari hitzemandakoak: 1.500 megawatteko potentziako 186 haize errotaz hornituko dituzte, orotara. Frantzian eutsiko dio ekoizpenari, baina kolokan dago Le Havre eskualdean (Normandia Garaia) sortzea aurreikusitako 700 lanpostu.

Bezero pilaketa saihesteko

CIE Automotive Bizkaiko enpresaren Indiako Mahindra adarrak, berriz, Bill Forge osoa bereganatu du, 178 milioiren truke. Bi zatitan egingo du ordainketa Mahindrak: %51 eskudirutan pagatuko du haren diru zorroko funts propioekin —CIEk 60 milioi euro jarriko ditu, kapitala handituta—, eta gainontzekoa Mahindrako akzioetan jasoko dute orain arte Bill Forgeren akziodun izandakoek; akzio bakoitzak 2,67 euroko balioa dauka.

Bill Forge 1985ean Indian sortutako familia enpresa da. Bangalore hirian dauka egoitza nagusia, baina Coimbatoren, Haridwarren eta Mexikon ere baditu fabrikak. Askotariko osagaiak egiten ditu bi eta lau gurpildun ibilgailuetarako; bereziki, mekanizatuetan eta beroan zein hotzean ari diren forja teknologietan dago espezializatuta. Azken urtean —martxoaren 31era arte—, 78 milioi fakturatu zituen, eta, egun, 2.000 langile ditu.

Dibertsifikatze komertziala da Bill Forgeren indargune nagusia, eta, erosketari esker, Indiako taldeko «bezeroen pilaketa» eragotzi nahi duela zehaztu du CIE Automotivek. Mahindrako akziodunek urrian emango diote oniritzia erosketari. Iaz, 129 milioi euro irabazi zituen Bilboko multinazionalak, 2014an baino %59 gehiago.

CAF trengileak ere giharra erakutsita jarraitzen du. Urtea Europan inoiz lortutako kontratu handienarekin hasita, beste kontratu garrantzitsu bat erdietsi du Herbehereetako hiriburua Urbos plataformako 63 tranbiarekin hornitzeko; bi norabidetan erabiltzeko solairu baxuko tranbiak dira. Luzera begira, orobat, lan bolumena handitzeko aukera du Beasaingo etxeak (Gipuzkoa), irekia baitago beste 60 tranbia eraikitzeko atea.

Europako gune ekonomiko eta turistiko nagusietako bat da Amsterdam, eta tranbia sare indartsua dauka: 490 geltoki eta hamasei linearekin, 213,3 kilometro luze da. CAFenak dira, hain justu ere, han dabiltzan tranbia batzuk: 1994an, 37 egiteko kontratua irabazi zuen.

Erresuma Batuan, Australian, Mexikon, Italian, AEBetan, Belgikan... Kontratu mamitsuak lortu ditu aurten ere CAFek, 2.500 milioi ingururenak, eta, horiei esker, 6.500 milioitik gorako eskari zorroa osatu du. Halere, motz geratzen ari da etekinetan. Irabazi tarteak murriztu dira sektorean, eta horrek kalte egin dio CAFi: ekainera arte, esaterako, 13 milioi irabazi ditu, iaz baino %54 gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.