Bide luze baten lehen geltokia

Baskoniak Granger eta Stauskas faltako ditu gaur, Zalgirisen aurkako lehian. Perasovicek Euroliga gogorra dela nabarmendu du

Shavon Shields, aurreko sasoian Kaunasen jokatutako lehian. VALDA KALNINA / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko sasoiko leku berean ekingo dio gaur Kirolbet Baskoniak Euroligari. Zalgirio Arena pabiloian, Lituaniako Zalgiris Kaunasen aurka neurtuko ditu indarrak (19:00, Dazn). Emaitza orduko bera izatea espero dute, arabarrek garaipena lortu baitzuten: 79-87. Ondoren datorrena, ordea, desberdina izan dadin ahaleginduko dira Velimir Perasovicek zuzentzen dituen jokalariak. Izan ere, lau porrot eta garaipen bakarra pilatu zituen ondorengo bost neurketetan. Horrek kondenatu zuen Pedro Martinez. Antzeko hasiera izan zuen Baskoniak Euroligan duela bi sasoi, eta orduan ere entrenatzailea kargugabetzeko erabakia hartu zuen Joxean Kerejetak: Pablo Prigioni.

Luzea da berez txapelketa, eta, sasoi honetan, are gehiago. Bi talde gehiago daude ligaxkan; horrenbestez, lau jardunaldi gehiago egongo dira: 34. Baina Baskoniari hasieratik komeni zaio goiko postuetan kokatzea, lasaitasuna izateko eta kontrakarrean ibili behar ez izateko.

Lehen neurketa horretarako bi jokalari faltako ditu Velimir Perasovic Baskoniako entrenatzaileak. Jayson Grangerri astelehenean egin zioten ebakuntza orpazurdan, eta ia sasoi guztia emango du jokatu ezinik. Granger izan zen, hain zuzen ere, taldeko saskiratzailerik onena Kaunasen: hamabost puntu sartu zituen. Nik Stauskasek ere min hartuta segitzen du, eta ez da Kaunaserako hegazkinera igo. Pierria Henry, berriz, kili-kolo ibili da, eta, hori dela eta, Lautaro Lopez deitu du Perasovicek.

Hortik harago, Euroligan estreinako partida jokatuko dute Baskoniarekin taldeko fitxaketa berriek: Pierria Henryk, Youssoupha Fallek, Achille Polonaraketa Micheal Ericek.

Zalgirisek ere taldea eraberritu du. Nigel Hayes, Jock Landale, Alex Perez, Martinas Geben eta Karolis Lukosiunas fitxatu ditu. Aldatu ez dutena, ordea, entrenatzailea da: Sarunas Jasikeviciusek segitzen du taldea zuzentzen. Bosgarren denboraldia du, eta hura da arima. Lituaniarrek izan ohi duten jokatzeko era ikusgarria du taldeak, eta batez ere kanpoko jokoan dira indartsuak.

Perasovicek honela aztertu du gaurko partida eta, oro har, txapelketa: «Taldeek duten maila kontuan hartuta, inoizko Euroligarik gogorrenetako bat da hau. 12-14 taldek dugu kanporaketak jokatzeko helburua. Partida zaila izango da gaurkoa, eurek beti osatzen baitute talde on bat».

Perasovic Granger ordezkatzeko fitxaketa bat egitearen aldekoa da: «Baina itxaron egin behar dugu ikusteko taldea nola dagoen Stauskas osatzen denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.