Penak arintzeko erarik onena

Lopezek irabazi du Vueltako 18. etapa, Gamoniteirun. Roglicek arazorik gabe eutsi dio lidergoari

Miguel Angel Lopez, erasoa jotzen atzoko etapan. Kolonbiarra gailendu zen Gamoniteiruko gainean. TIM DE WAELE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Miguel Angel Lopezek garaipen handia eman zion atzo Movistarri; noiz, eta taldeak gehien behar zuenean; non, eta jokalekurik ikusgarrienean. Estreinaldia zuen Gamoniteiruk Espainiako Vueltan, eta kolonbiarrak bere zigilua jarri zion koloso asturiarrari, bezperan bera eta Enric Mas (Movistar) taldekidea lasterketa irabazteko ia aukerarik gabe gelditu ondoren. Primoz Roglic (Jumbo) izan zuten borrero, eta esloveniarrak tinko eutsi zion atzo lidergoari, erakustaldia egiteko beharrik gabe. Lopezen atzetik helmugaratu zen, 14 segundo eskaseko atzerapenarekin. Mas hirugarren izan zen, 20 segundora.

Oso etapa gogorra izan zen, Gamoniteiruz landa bigarren mailako mendate bat eta lehen mailako bi igo baitzituzten. Hasi berritan, tropel itxurako ihesaldia osatu zuten 32 lagunek. Euskal herritarrak ziren horietatik bost: Gorka Izagirre (Astana), Gotzon Martin (Euskaltel), Imanol Erbiti (Movistar), Aritz Bagues (Caja Rural) eta Ander Okamika (Burgos). Michael Storer (DSM), Rein Taraamae (Wanrty) eta Rafal Majka (UAE) etapa irabazleak ere iheslarien artean zeuden. Multzo jendetsua eta indartsua zen, baina Bahrain taldeak ez zion nahieran aritzeko baimenik eman.

San Llaurienzu zen eguneko aurreneko mendatea, eta, han, apenas aldatu zen egoera. Cobertorian, ordea, tokitatik eraso egitea deliberatu zuen Storerrek. Bi kilometro gelditzen ziren gainerako, eta 70 helmugarako. Alabaina, konfiantzaz gainezka zegoen, aurrez bi etapa irabazi ondoren. Azkar batean, minutu bateko tartea atera zien beste iheslariei. Tropela, berriz, bost minutura zeukan.

Ordekan kilometro asko egin behar ziren Cordalera iristeko. Zaila zen bakarka bidea egitea. Gainera, Movistarrek lekukoa hartu zion Bahraini. Albiste txarrak Storerrentzat: 2.40ra hurbildu zitzaizkion. UAEk beste estutu bat eman nahi izan zuen Cordalen, baina gutxi iraun zion joak. Storerrentzat mesede. Australiarrak oso sendo eutsi zion buruan, eta 2.30eko errentarekin iritsi zen Gamoniteirura.

Mikel Bizkarra (Euskaltel) azken mendatearen aurretik ihes egiten saiatu zen, baina saialdi laburra izan zen. Behin Gamoniteirun, eraso gogorragoa jo zuen David De la Cruzek (UAE). Zazpi kilometroren faltan harrapatu zuen Storer. Oilarrak, ordea, ez ziren urruti, Wanty taldeak gidatuta. Zatirik gogorrenean hasi ziren mokoka: Egan Bernal (Ineos) izan zen berriz aurkariei erasotzen lehena, eta haren segidan abiatu zen Lopez. 30 segundoko tartea zabaldu zuen, eta inork ezin izan zuen itxi. Roglicek erritmoz aldatu zuen behin baino gehiagotan, eta, azken estutuarekin, atzean utzi zituen Mas eta Bernal. Etapak ihes egin zion; Vuelta, ordea, zakuan dauka. Gaurkoa tramite itxurako etapa izango da liderrarentzat; ihesaldian egongo da borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.