Arrauna. Kontxako Bandera. ARRANPLATIK

Gakoak

Niko Iurramendi - Donostiarra taldeko arraunlaria

2019ko irailak 10
Nagusitasun handia erakutsi zuten emakumezko oriotarrek herenegun, Kontxako estropaden egun handian. Urduritasun puntu bat izango zuten traineru barruan, baina, estropada hasi orduko, haien branka besteena baino azkarrago zebilela ikustean, estropada gozo askoa egingo zuten. Arraun ondo egiten den estropada gutxi horietako bat izango zen; gustura ariko nintzateke minutu horietan haien ontzian arraunean. Gizonezkoen estropadan, aldiz, herio batean ibili ziren berdeak eta horiak, biak ala biak elkarrengandik oso gertu. Haatik, bi talde horien estropadak ez zidan orduan traineru barruan egoteko gogorik eman.

Guk, Donostiarra klubekook, estropada biribila egin genuen. Helburu eta nahi jakin batzuk genituen, eta bete-betean asmatu genuen. Kontxako Banderako lehenengo asteburuan ia denekiko segundoak galdu genituen lekuetan, oraingoan segundoak irabazi. Hau marka.

Gako izan daitekeen leku horietako bat da, hain justu, heldu den asteburukoa. Zergatik? Kontxako estropadetan, itsaso eta haize handirik ez dagoenean, olatuek talka egiten dute bai Paseo Berrian, bai irlaren ipar aurpegian. Uhin horiek, aurkako noranzkoa hartu, eta itsaso zabalerako bidea hartzen dute olatu handiagoen artean ezkutaturik. Ikusi ,ez dira askorik ikusten, baina traineruaren txopa apur bat goratu eta ziztu bizian jartzeko gai dira. Eta herenegun ere horiek ondoen baliatu zituen taldea Hondarribia izan zen. Hala, bandera olatu horietan irabazi zutela esaten ausartuko naiz. Tira, olatu horietan soilik ez, estropada guztian zehar arraun egin beharra baitago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna