EUSKAL PRESOAK

«Bakartzea bakartzearen baitan da presook bizi duguna»

Honakoa Curtiseko euskal presoek espetxean bizi duten egoeraren testigantza zuzena da

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
DONOSTIA
2003ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bakartzearen adibiderik larrienetakoa Curtis espetxean Galizian dutena da. Horregatik, honako galdetegia igorri zitzaien hango presoei bakartzea nola bizi duten zehazteko. Galdetegia, burutu duten azken itxialdia amaitzear zela igorri zen. Hona hemen erantzunak.

Kolektibo gisa, protesta bat amaitu berri duzue. Zein helburu zuen?

Euskal Herrian bizi den salbuespen egoeraren salaketa egin nahi izan dugu, eta sakabanaketa eta bakartze politika ere salatu nahi izan dugu.

Bestalde, kolektiboarekin harremanak izateko, hark bere ordezkariak, alegia, mintzaideak badituela gogoratzea zen helburua.

Curtis-eko espetxeko presoak zarete, Algecirasekoekin batera, protesta gisa itxialdian denbora gehien daramazuenak. Nola bizi izan dituzue hilabete hauek guztiak?

Ziegan denbora luzez itxialdian egotea oso gogorra egiten da. Pertsonalki bakartzeak blokea ez zaitzan egitarau zorrotza segitzea ezinbestekoa da. Ahal den moduan kirola egitea eta ikastea, esate baterako, orain ikasteko eragozpenak sortzen dituzten arren.

Bisitak izaten dira errutina hausten dutenak, baina arazoak ez dira falta hor ere. Duela gutxi, adibidez, bisitak galdu dituzte gure kide batzuk kartzelako ordenagailuan bisitara zetoztenen izenak ez zirelako agertzen. Itxialdietan, miaketa zorrotzak egiten zituzten. Halaber,deiak egitea debekatzen ziguten eta gauzak kentzen zizkiguten ziegetatik. Parte edo zigor erabat justifikaezinak ezartzen zizkiguten, nolabait bakartze erregimena justifikatu ahal izateko. Elkarren artean ikusteko aukerarik ez dugu, preso arruntekin elkar ikusteko aukerarik ere ez.Gogorrena da itxialdia bezalako borrokan, norbera bere baitan ixten joaten dela, eta horri uneoro aurre egin behar zaiola.

Lau lagun ez zaudete, legez hala dagokizuen arren, lehen graduari dagokion moduloan; horren ondorioz bakartze ziega berezietan zaudete. Kartzela bereko presoak elkarren artean geroz eta bakartuagoak zaudete? Zergaitik bultzatzen dute hori?

Zuzendariak esaten du ezin gaitzakela elkartu, denak elkarrekin arazo larriak sor ditzakegulako. Hala, indarrak zatitzen ditu, eta gure artean ere erregimen desberdinak aplikatzen dizkigute desberdintasunak sortzeko. Sakabanaketa bizi dugu sakabanaketaren baitan, eta bakartzea bakartzearen baitan. Gure arteko eztabaidak eta hausnarketak ahal duten heinean izorratzen saiatzen dira. Zure baitan itxi zaitezen nahi dute eta bakartzeaz gain, kartzelarekiko ere bakartzen saiatzen dira hemen.

Funtzionarioekin ika-mikak izan dituzue, salatu izan duzuenez, zuen eskubideak ez dituztelako errespetatu. Jipoiak ere salatu izan dituzue. Zein giro bizi da Curtis-eko kartzelan?

Orain hasieran baino lasaixeago gaude. Hau zigor kartzela bat da.Etengabeko probokazioa dago hemen. Ez preso politikoontzat bakarrik, baita preso arruntentzat ere. Azken garaietan lasaixeago dabiltzala diogu, kontziente direlako dugun babesaz, eta egiten ditugun salaketek oihartzuna dutela badakitelako. Babes hori ez duten preso arruntekiko tratua izugarri bortitza da. Baina, denetarik ikusi dugu haiekiko tratuan.

Hilabeteak igaro ahala espetxe barruko bizi baldintzak okerrera egin dute. Gainera, protestak areagotzen diren heinean areagotzen dira zuen kontrako neurriak. Esaterako, orain protesta egiteagatik zigortu egingo zaituztete gero. Non du muga gurpil horrek?

Borroka hauek ez dira akzioak, erreakzioak baizik. Erreakzioak, kartzelak burutzen dituen eskubide murrizketekiko. Beraien legeak etengabe urratzen dituzte, presooi dagozkigun oinarrizko eskubideak zangopilatzen dituzte. Eta eskubide urraketei erantzutea jasangaitza egiten zaie. Borrokatzen duzu, eta ondoren mendekua dator, eskubide urraketa berriekin.



Noiz bukatzen den gurpil zoroa? Dagozkigun eskubideak errespetatzen dituztenean. Hemengoak, preso gisa dagozkigunak, eta herri gisa dagozkigunak, horrexegatik gaude eta gauden tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.