Jaka horiak. Haserrearen arrazoiak

Sumina piztu duten erabakiak

Agintaldiaren hasieratik, Macronen zerga politikak aurkakotasun handia aurkitu du. Baliteke defizitak erabaki gehiago behartzea

Irune Lasa.
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Sumina baretzeko neurri sorta bat aurkeztu zuen atzo Edouard Phillippe Frantziako lehen ministroak. Energiaren prezioaren eta ibilgailuen erabileraren kostuen ingurukoak dira neurriak, baina horiek suminaren atal bat baizik ez dira. Frantziarren haserrea ez baita atzo goizekoa; Nicolas Sarkozy eta François Hollande presidente ohiei galde diezaietela bestela. Dena den, Emmanuel Macronen sinadura dute azken hilabeteetan herritarrak are gehiago asaldatu dituzten zenbait neurrik eta keinuk.

Frantziako Errepublikako presidentearen lehen erabakietako bat oraindik ere ondo gogoan dute frantziarrek: joan den urteko irailean desagertu zen Frantzian aberastasunaren gaineko ISF zerga —1,3 milioi eurotik gorako sarrerei ezartzen zitzaien—. Solidaritaterako aberastasunaren gaineko zerga hori beste zerga batekin ordezkatu zuten, aberastasun higiezinen gainekoarekin. Hori bai, azken horrek ez ditu finantza ondasunak zergapetzen. Zerga desagertuko zen, baina ISF akronimoa maiz agertzen da Jaka Horien afixetan, gobernua aberatsen mesedetan eta jende xehearen kontra ari delako salaketa indartzeko.

CSGren igoera

ISF zerga desagerrarazi zuen garai bertsuan azaldu zuen gobernuak CSG zerga —gizarte kontribuzio hedatua— %1,7 handitzeko asmoa. 2018arekin batera ezarri zen igoera, eta, batez ere, erretiratuei eragin die; 1.289 eurotik gorako pentsioa dutenei, zehazki. Teorian, diru horrek langile aktiboen kotizazioak jaisteko balio behar du. Argi dagoena da, balio, CSGaren igoerak erretreta jasotzen duten herritar asko sumintzeko balio izan duela.

Ibilgailuen eta erregaien ingurukoak dira herritarrak zapuztu dituzten beste neurri handiak. 2017. urteko uztailean, jada, lehen frustrazio zantzuak agertu ziren, Philippe lehen ministroak landa eremuko errepideetan abiadura orduko 90 kilometrotik 80 kilometrora murriztea bultzatu zuenean.

Trantsizio energetikoaren izenean erregaien gaineko zergetan egindako igoerak izan dira dinamitaren soka piztu duten txinparta. Urte hasieratik, diesel litroaren gaineko zerga 7,6 zentimo handiagoa da Frantzian, eta gasolina litroaren gainekoa, 3,9 zentimo handiagoa. Petrolioaren prezioa ere emendatu denez,erregaien garestitzea nabarmena izan da. Gainera, Parisko gobernuak igoera gehiago zituen iragarriak: datorren urtarrilaren lehenetik, zerga horiek igo egin behar zituzten berriz: sei zentimo diesel litroa, eta hiru gasolinarena.

Gehiegi, bost langiletik lauk lanerako joan-etorrietarako autoa behar duten herrialdean. Horietatik heren batek, gainera, 60 kilometrotik gorako joan-etorriak egiten dituzte.

Etorkizuneko erabakiak

Baina badira etorkizunak behartu ditzakeen erabakiak ere. Philippek iragarritako luzapenek kostu zehatza dute estatuaren diru kutxarentzat: aurreikusi baino 2.000 milioi euro gutxiago bilduko dituzte zergatan. Kopuru hori nahikoa izango da herritarren sumina baretzeko? Edo zerga bilketa murriztuko duten neurri gehiago hartzera behartuta egongo da Macronen gobernua?

Frantziako presidenteak, Europako Batasunetik datorkion %3ko defizit helburua beteko badu, ezin ditzake kontzesio askoz gehiago egin. Bildu gabekoak gastu murrizketarekin konpentsatzea izan daiteke helburu hori betetzeko beste modu bat. Baina zail du hori herritarrak sumindu gabe egitea.

Beste aukera bat izan daiteke defizit helburua ez betetzea. Hori bai, horrek Europan eredu izateko Macronen gurariari larri eragingo lioke.

Presidenteak aldarrikatu du bere gobernuaren asmo nagusia erreformak egitea dela. Behin horiek eginda, langile xumeen mesederako zerga jaitsierak eta politikak iritsiko direla dio; denbora behar duela erreformak egiteko, 30 urtean gaizki egin direnak ezin direla urte bakarrean aldatu.

Baina, horretarako, denbora eta ziklo ekonomikoa bera ere kontra ditu Macronek, Europara motelaldia iristen ari baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.