Arrauna

Oriok gaur irabaz dezake Euskotren liga lehen aldiz

Nahikoa izango du gaur Hondarribian Arraunen aurretik egitea, atzo Ondarroan bederatzigarren bandera irabazi eta gero

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Orioko emakumezkoen trainerua historia egitear dago, ia ontzi barruan duelako aurtengo Euskotren liga. Lehen aldiz irabaztear da lehiaketa entzutetsu hori. Izan ere, atzo Ondarroan bederatzigarren bandera irabazi zuen, eta bederatzi punturen aldea ateratzen dio Arrauni, bigarrenari. Gaur Hondarribian (11:40, ETB1) donostiarren aurretik egiten badu, liga Oriora joango da, gaurkoaren ondoren Zarauzko bi estropadak baino ez direlako geratuko.

Atzo beste pauso bat eman zuen historian arrastoa uzteko osatzen ari den bidean. Nahiz eta ez zion ondo ekin lanari. Laugarren kaletik zen Orio, eta Arraunek lehendabizikotik eta Hondarribiak bigarrenetik aurrea hartu zioten hasierako txanpan eta horren segidan. Pare bat segundo atzetik ere ibili zen Txiki trainerua. Bizi atera ziren Arraun eta Hondarribia, eta estropadaren lehen laurdenean Hondarribikoak gai izan ziren ligako bi indartsuenen parean ibiltzeko. Aldiz, Donostiarra hasieratik zebilen atzean geratuta, eta ez zuen bururik jaso.

Pixkanaka joan zen esnatzen Orio, eta behin nagiak kendu zituenean, estropada burua hartu eta ez zuen askatu egoera preziatu hori. Ziaboga bakarrean aurretik zen, hiru segundora utzia zeukan Arraun, eta laura Hondarribia. Donostiarra hamabira zen.

Iristear zen estropada hausteko garaia, poparean hautsi zuelako Oriok atzoko jarduna. Itsasoa ez zegoen uste bezain harro, metro eskasera ez zirelako iristen traineruak albotik jotzen zituzten olatuak. Ondoen Orio moldatu zen, itzeleko lana eginez.

Aldeak azkar asko zabaldu zizkien atzeko aurkariei, eta konturatzerako, ziabogako aldeak bikoiztu egin zituen. Gozatzeko luzea egiteko aukera irabazten hasi zen Orio, eta lortu zuen estropadaren azken laurdenean, bakar-bakarrik etorri zelako, arraunean luze eginez eta ontziari behar zuen norabidea emanez, olatuei segika. Arrauni hamabi segundo atera zizkion, 24 Hondarribiari, eta 37 Donostiarrari. Bi talde hauen arteko aldea puntu batekoa da orain donostiarren alde.

Zumaiak bandera etxean

Zumaiako emakumezkoen taldeak etxeko estropada irabazi zuen atzo ETE ligan. Bide batez, baita lehen postua sendotu ere, orain bi punturen aldea duelako atzo bigarren egin zuen Hibaikarekiko. Estu joan zen estropada, bi talde horiek eta bigarren txandako garailea, San Juan, segundo baten azpitik sartu zirelako. Zumaiak Hibaikari 46 ehunen atera zizkion, bosgarren bandera lortzeko. Gaur Ondarroan ariko dira, 12:00etan hasiko den lehian.

KAE 2 ligan, atzo Orio B-k bandera atera zuen Hondarribian,eta lider sendoa da. KAE 1ekoek gaur dute estropada, 12:00etan, Zumaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.