RIO16. IPANEMAKO MUTILA

'Mozal legea', olinpiar erara

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Lasai doaz Olinpiar Jokoak, ezta? Hala dirudi. Rio de Janeiron ez da sekulako istilurik izaten ari. Izateko moduan, hirian 85.000 militar eta polizia barreiatuta baitaude. Olinpiar guneetan ez da ageri protestarik, eta inaugurazio eguneko manifestazio deialdirik handiena hasi baino ere lehenago zapuztu-kontrolatu-erreprimitu zuen Brasilgo Poliziak. Bide batez, egun hartan, bi pertsona hil zituzten Maracana inguruan. Bata polizia militarrak hil zuen, «lapur» bat, eta bestea, 51 urteko emakumezko bat, autoa lapurtzen saiatu zitzaizkion lapurrek tirokatua. Kasu horiek, dena den, ez zuten izan oihartzun handirik.

Ez dago protestarik, hein handi batean, legez kanpokoak direlako. Olinpiar Jokoen Lege Orokorrak (2016ko 13.284 Legea) debekatu egiten ditu. Olinpiar mozal legea dela esatea da hura laburbiltzeko modurik errazena. Hainbat eragilek, eta sindikatuk-eta, helegiteak jarri dizkiote, eta baita zirrikituak aurkitu ere. Hala ere, olinpiar guneetan ez dago pankartarik. Legeak, besteak beste, manifestazioak debekatzen ditu, eta egin daitezkeenak «jai kutsu eta abegitsukoak» izatera behartu. Era berean, hiritarrek olinpiar sinboloak erabil ditzatela galarazten du, baita haiekin parodiak egitea ere. Nabarmendu behar da olinpiar uztaiak babesturiko irudi marka komertzial bat direla.

Zorrotzenak, dena den, mugikortasun legeak dira. Olinpiar guneetan ez dago eskalerik, ez kaleko saltzailerik, ez kaleko umerik, ezta oso txiro izatearen itxura duen inor ere. Legezkoa da jendea kalean gelditu eta pasatzen ez uztea. Rio de Janeiron eskale asko daude, baina Poliziak zorrotz egiten du bere lana, eta ez dira pasatzen. Gero eta garbiago dut guneen militarizazioaren helburua ez dela terrorismoa eragoztea, pobreziaren biktimak urrezko kaiolatik urruntzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.