Tarteka, bada halakoren bat

Euskal kostaldean hainbat itsasontzik jo dute hondoa azkeneko hamabost urteetan. Tokitik ateratzeko edo desegiteko, gorabeherak izan dira.

urtzi urkizu
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ez da Luno euskal kostaldean azkeneko hamarkadetan hondoa jo duen ontzi bakarra. Euskal Herrian eragina izan zuen hondoratze entzutetsu bat Prestige petroliontziarena izan zen. 2002ko azaroaren 19an hondoratu zen, Galizian. Isuritako petrolioaren arrastoak abenduaren 6an agertu ziren euskal kostaldean lehenengoz. Hona hemen euskal kostaldean hondoa jotako ontzi batzuk:

'Rilos'

1999ko abenduaren 27an, denborale batek Rilos merkataritza ontzia Santurtziko kaitik Getxoko Ereaga hondartzara eraman zuen. Maltako bandera zuen. Ontzia ateratzeko hainbat ahaleginek huts egin zuten. Baina gasolio karga ia guztia ateratzea lortu zuten. 27 egun beranduago, bi atoiontzik atera zuten ontzia.

'Primauguet'

2001eko irailean, Primauguet arrasteontzi frantziarrak Txingudiko badian jo zuen hondoa, Hondarribian.

'Nenominee'

2003ko maiatzaren 6an, Norvegiako Nenominee zamaontzia Pasaiako portuan gelditu zen harrapatuta. 154 metroko luzera zuen. Makina bat ontziren bidea oztopatu zuen.

'Diana Uno'

2004ko urtarrilaren 17an, denborale gogor baten eraginez, Portugalgo Diana Uno merkataritza ontziak hondoa jo zuen Punta Luceroko arroketan, Zierbenan. Handik gutxira hiru zatitan puskatu zen. Haitzetatik ateratzeko ahaleginetan atoiontziek hainbat matxura izan zituzten. 41 egunen ostean, Sicar de Ceeko ontziolara (Galizia) eramatea lortu zuten.

'Maro'

2008ko martxoaren 7an, Jaizkibelgo itsaslabarretan hondoa jota geratu zen Maro merkantzia ontzia, Hondarribia eta Pasaia artean. 96 metroko luzera zuen. 54 tona gasolio isuri zituen. Hondoa jo eta hiru egunera, hiru zatitan puskatu zen. Bizkaiko BAM enpresa arduratu zen ontzia ur azpian puskaz puska desegiteaz. Ikerketak 2010ean ondorioztatu zuen tripulazioa deskuidatu egin zela itsasontziaren zaintzan.

'Motxo'

2010eko azaroaren 4an, Bermeoko Motxo arrantzontziak Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretan jo zuen hondoa, olatuen kolpeen ondorioz. Hamabost tona gasolio zituen barruan. Hurrengo bi egunetan itsasontzia ateratzeko ahaleginek huts egin zuten, eta azaroaren 6an irauli egin zen. Hamabi tona erregai isuri ziren itsasora. Hidrokarburo «arina» zela esan zuten Itsas Salbamendukoek. «Ingurumenean ez du kalte handirik eragin», esan zuen bi asteren bueltan Gipuzkoako Ingurumen diputatu Rafael Uribarrenek. Natur taldeek, aldiz, putzuetan erregaia zegoela salatu zuten. Abenduaren 9an lortu zuten garabi batekin itsaslabarreko haitzetatik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.