Urte berria. Prezio berriak

Etxebizitza berrien gaineko BEZa %4tik %10era igoko da

Zergaren igoerak are gehiago moteldu dezake merkatua; salneurrien jaitsierak ez du eteteko itxurarik

Maite Alustiza.
2012ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Etxebizitzen prezioek ez dute oraindik hondoa jo. Higiezinen burbuila lehertu zenetik sarritan iragarri dute etxebizitzen prezioak iritsi zirela gutxiengora, baina aurreikuspenek diote oraindik jaisten jarraituko dutela, eta ez gutxi. Prezioek behera egin arren, ordea, gutxitzen doaz salmentak eta hipotekak eskatzen dituztenen kopuruak. 2013. urteak dakarrenarekin, gainera, are gehiago jaitsi beharko dira prezioak, salmentak egoteko: urte berriarekin etxe bat erostea%20 garestiagoa izan daiteke, BEZaren igoerak eta etxebizitzagatiko kenkariak ezabatzeak baldintzatuta.

Hamabi kanpai hotsak entzun aurretik etxea erostea komeni. Etxe berrien gaineko BEZa %4tik %10era igoko da, eta, beraz, milaka euro aurreztu ahalko ditu erosketa aurreratzen duenak. Adibidez: 200.000 euroko etxe batengatik, 2012an 8.000 euro ordaindu beharko lirateke BEZagatik; urtarrilaren 1etik aurrera, 20.000 euro.

Etxebizitza kenkariaren gaineko aldaketak ere eragina izango du azken prezioan, baina horiek ez dira izango Hego Euskal Herri osoan. Ogasun administrazioek eskumena dute zuzeneko zergetan, eta, oraingoz, Nafarroak baino ez du aldaketarik baieztatu. 2013tik aurrera bakarrik urtean 20.000 eurotik beherako oinarri zergagarria dutenek —40.000 bikoteen kasuan— jasoko dute dirua bueltan. Etxea aurretik erosia dutenei mantendu egingo diete —132.000 lagun ingururi—, baina haietako batzuek diru gutxiago eskuratuko dute: gehienez 7.000 euroren gainean ezarriko zaie kenkaria (9.000 orain), 15.000 deklarazio partekatuen kasuan (21.000).

BEZarekin eta kenkarienarekin prezioetan espero den igoerak are gehiago zailduko du salmenta, orain arte prezioak jaisten aritu direla ikusita. Urteko hirugarren hiruhilekoan etxebizitzen salneurria %15 jaitsi da Hegoaldean, INEren arabera. Alokairuaren prezioak izandako jaitsiera ere nabarmen da EAEn: metro koadroko 10,2 euro dira orain; 2008ko abuztuan, berriz, 11,7 —orduan heldu zen garestien egotera—.

Burbuila lehertu zenetik bezainbeste jaitsiko dira prezioak bost urtean Espainian, gutxienez %30. Hala bildu du R. R. de Acuña & Asociados aholkularitza enpresak txosten batean. Haren arabera, bost urte igaro ondoren ere prezioek behera egiten jarraituko dute: hamar eta hamabost urte artean beharko dira bankuek eta sustatzaileek soberan dituzten etxeak saltzeko.

Prezioak jaitsi arren, etxebizitzen salmentak gutxitu egin dira. Espainiako Sustapen Ministerioak dio aurten 3.337 etxebizitza saldu dituztela Hegoaldean uztailetik irailera; iaz, berriz, 5.394. Etxebizitza berriak erosteko hipoteken sinadurak ere nabarmen ari dira gutxitzen; Nafarroan, batik bat. Urrian soilik 252 hipoteka sinatu ziren, iazko epe berean baino %40 gutxiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.085 sinadura egin ziren, %12,5 gutxiago. Eta euriborrak, hipotekak kalkulatzeko indize ohikoenak, beherantz jarraitzen du: inoizko maila baxuenean amaituko du urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.