Girona 0-0 Reala

Gatzik gabeko ogia bezala

Hutsean berdindu du Realak, eta Europako postuetan sartzeko aukera galdu du. Azken unean gola egitear izan da Girona

Jon Ander De la Hoz.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Gironako Stuaniri, Lozanori, Douglas Luizi, Granelli; eta Realeko Merinori. Bestelakoak. 10. 170 ikusle Montillivin; tartean, txuri-urdinen 100 zale inguru.

Elikagaia, baina ez gustukoa. Halakoxea izan zen atzo Realak Girona eskuratu zuen puntua. Hutsa betetzen lagundu arren besterik ez dagoelako jaten den gatzik gabeko ogiaren traza izan zuen berdinketak. Horixe falta izan baitzuen norgehiagokak, futbolaren gatza. Golak, alegia.

Urtea hasi zenetik galdu gabe segitzen dute txuri-urdinek, eta etxetik kanpora puntu bat eskuratzea ez du kalterako, baina garaitzeko moduko partida izan zuen atzo. Are, arerioari irabaztea kosta egiten zaiola jakinda.

Bizitik ekin zion lehendabiziko zatiak. Etxekoak gose gehiagorekin hasi ziren, eta arriskua sortu zuten neurketa hasi orduko. Stuanik 3. minutuan atera zuzendu zuen baloia, buruz, eta geldiketa on batekin urrundu zuen arriskua Geronimo Rullik. Lehen ordu laurdenean sarritan aldendu behar izan zuen baloia atezain argentinarrak; esaterako, Lozanok Gironaren bigarren abisua eman zuenean, 14. minutuan.

Ordutik aurrera, Reala bere tokia bilatzen hasi zen zelaian. Ezker hegaletik ekinda urrats bat aurrera egin zuen. Aihen Muñozek, Sandro Ramirezek eta Juanmi Jimenezek egin zituzten saiakera gehienak. Aspaldiko partez zelaira itzuli ziren hirurak, eta beren balioa erakutsi nahi izan zuten. Saiakera hutsalak izan ziren, ordea.

Joan-etorriko jokoa izan zen lehen zatikoa. 35. minutuan izan zuten etxekoek aukerarik garbiena, baina Rullik hankarekin aldendu zuen Lozanoren jaurtiketa gurutzatua.

Bi taldeak paperak aldatuta itzuli ziren atsedenalditik. Hasieran Reala gehiago izan zen, baina, minutuek aurrera egin ahala, jokalari garrantzitsuenen nekeak erasan egin zituen donostiarrak. Gironak hartu zuen partidaren pisua, eta kataluniarrek izan zituzten aukerarik argienak.

Borja Garciak gertu izan zuen garaipenaren gola 84. minutuan. Estutasun galanta izan zuten txuri-urdinek, Garciaren jaurtiketa gutxigatik joan baitzen kanpora.

Zaildu egin zitzaion partida Realari, eta ontzat eman zuen puntua. Alabaina, zapore gutxikoa izan zen saria. Europako postuetan sartzeko aukera galdu zuten Imanol Alguacilen jokalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.