EUSKARALDIAn BERRIA bizi

180.000 pertsonak hartu dute parte aurtengo Euskaraldian

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Pandemiak eragin dion arren, aurtengo Euskaraldiak parte hartze zabala izan du: guztira 179.780 lagunek eman dute izena, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketarekin bat egin dute. Duela bi urte 225.154 izan ziren. Hala ere, aurtengo aldi honetan parte hartu dutenen herenak ez ziren lehen aldi hartan ahobizi edo belarriprest rolean aritu. Hau da, 50.000 pertsona berri aritu dira 2020ko Euskaraldian.

Gainerakoan, aurreko aldiaren antzeko proportzioak izan ditu aurtengo Euskaraldiak ere: izena eman dutenen %77k ahobizi rola aukeratu dute, parte hartzaileen %62 emakumezkoak izan dira, eta, lurraldeen banaketari dagokionez, Euskaraldiarekin bat egin duten %44 gipuzkoarrak izan dira. Ariketa sozialarekin bat egin duen pertsonaren profila zein izan den, beraz, argi dago: emakumezko ahobizi gipuzkoarra.

Lurraldeen arteko orekari begira, Bizkaitik jaso ditu Euskaraldiak izen emateen %34, Nafarroatik %11, Arabatik %8,5, eta Iparraldetik %2,1. Adin tarteei dagokienez, bestalde, parte hartzerik handiena 30 eta 44 urteko tartean izan da: izen emateen %35. 16-29 urte artekoak %23 izan dira; 45-59 artekoak, %29; eta 60tik gorakoak, %12.

Parte hartze datu horiei gehitu behar zaie aurtengo Euskaraldiaren berritasuna: ariguneak. Hizkuntza aldaketa norbanakoek egiteaz gain kolektiboki egiteko eremuak izan dira, eta gisa horretako 25.091 eremu prestatu dira. 6.737 entitatek dituzten 8.174 egoitzetan sortu dituzte arigune horiek guztiak, Euskal Herri osoan.

Gaur amaituko da bigarren Euskaraldia, eta goizean agerraldia egingo dute ariketa sozialaren sustatzaileek, EHUk Bilbon duen Ingeniaritza Fakultatean. Han izango dira Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Euskaraldiaren ondorioak aletuko dituzte.

Manifestazioa Bilbon

Berbaizu euskara elkarteak manifestazioa egingo du gaur, 19:30ean ,Botikazaharreko parketik abiatuta, lelo honekin: Euskarak batzen gaituelako, har dezagun kalea. Eskatuko dute Euskaraldiko elkarlana «ez dadila puntuala izan», eta datorren hamarkadan pandemiak agerian utzitako ahulguneak konpontzeko pausoak elkarrekin emateko gonbita egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.