Arrauna

San Juanek biribildu egin du liga Zarautzen ere garaipena lortuta

San Juaneko arraunlariak, Euskotren ligako koparekin. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
San Juanek Euskotren liga bosgarren aldiz segidan irabazteaz gain, Zarauzko estropada ere bosgarren aldiz erreskadan lortu du aurten. Larunbatean, 2,36 segundoren alde txikia atera zion Oriori, baina igandean, hasi orduko erakutsi zuen ez zuela sustorik txikiena ere nahi. Bigarren kalea lehenengoa baino hobea zela baliatuz kanpora joateko aurreneko metroetan, berehala egin zen errentaren jabe. Luze erdirako hiruzpalau segundora zeukan Orio.

Ziabogan, oriotarrak sei segundo atzetik ziren. Bigarren luzean, Orio gerturatu egin zitzaion pixka bat, baina ez pasaitarrak kezkatzeko hainbeste, eta, azkenean, 10,82 segundoren aldea egon zen bien artean. Atzetik, Arraun Lagunak sartu zen hirugarren, 22,88ra, eta Hondarribiak 38,40 galdu zituen. Hondarribiarrek jokatuko dute jaitsierako kanporaketa, lau asteburu barru.

Euskotren liga honek zenbaki hauek utzi ditu: San Juanek 11 bandera irabazi ditu, hamalautik hamahiru estropada irabazi ondoren. Beste bandera Arraunentzat izan zen, bere historiako aurrenekoa, eta Oriok bigarren egin du hamalau estropadetan.

Deusturen egun historikoa

Igandean bukatu zen KAE 1 liga, Bilboko erlojupekoarekin, eta Deustuk irabazi zuen. Liga Astillerok lortu du, eta Isuntzarekin batera, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du, iraileko hirugarren asteburuan. Portugalete joan da KAE 2 ligara, eta Hibaika eta San Juan kanporaketan ariko dira KAE 2ko Camargo eta Santoñarekin —larunbatean, Colindresen; igandean, Pasaian—. Donostiarra B-k irabazi du KAE 2 liga, eta igo egin da KAE 1 ligara. Igandean, azken estropada puntuagarria, Santoñakoa, Orio B-k irabazi zuen.

ETE ligan, Bilbon, Deustuk sasoiko lehen bandera irabazi zuen. Egun historikoa izan zen klubarentzat, etxeko bi estropadak etxean geratu baitziren: gizonezkoena KAE 1ekoa eta emakumezkoen hau. 2012an, Oriok egin zuen gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.