Euskal estatua «herritarren eskubideak» bermatzeko nahi du EH Bilduk

Koalizioak estatugintzaren inguruan antolaturiko jardunaldiak hasi dira Bilbon. Pello Urizarrek «berdinen arteko harremana» proposatu du

Maddalen Iriarte eta Pello Urizar, Bilboko jardunaldietan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hasi dira Bilbon EH Bilduk antolatu dituen jardunaldiak, Euskal estatuaren bidean: erronkak eta aukerak izenburupean, eta, hasiera ekitaldian, EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan du euskal estatuaren eginkizuna «herritarren eskubideak» bermatzea litzatekeela. «Zergatik estatua?», galdetu du Iriartek: «Libreak izateko. Estatu duina nahi dugulako, hezkuntzan eta zientzian oinarritutako gizartea nahi dugulako. Libre izan nahi dugulako, demokrazia nahi dugulako».

Iriartek ohartarazi du herritarrek izan behar dutela estatua eraikitzeko prozesuaren zutabe, eta «oso zaila» litzatekeela prozesu hori azken bururaino eramatea herritarren sostengurik gabe, baina «guztiz ezinezkoa» herritarrak kontra agertuz gero. Horregatik, kontrako jarrerak «desaktibatzearen» eta aldekoak sustatzearen alde azaldu da.

Pello Urizar legebiltzarkideak ere parte hartu du jardunaldietako hasiera ekitaldian, eta esan du azken urteotan autogobernua murriztuz joan dela. Horregatik, «berdinen arteko harremana» proposatu du Espainiako Estatuarekin izan beharreko harreman molde gisa.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean EH Bilduk aurkeztu duen estatus berrirako proposamena aletu du Urizarrek, eta esan du erabakitzeko eskubideak «printzipio demokratiko gisa» oinarri izan behar duela. Azaldu duenez, EH Bilduk proposatzen du botere legegile, judizial eta betearazlea ez ezik «herritarren laugarren boterea» ere ezartzea, politika publikoen fiskalizazio lana egiteko.

EH Bilduko Estatugintza idazkari Larraitz Ugartek aurkeztu ditu jardunaldiak, eta esan du horien helburua «euskal estatuaren aldeko diskurtsoa arrazoiz hornitzea» dela.

Jardunaldien lehenengo saioan Euskal Herriko egituratze instituzionala, harreman ekonomiko eta finantzarioak eta Europako Batasunaren argi-ilunak aztertu dituzte zenbait adituk.

Jardunaldiak gaur amaituko dira, eta amaiera ekitaldian Arnaldo Otegi, Robin McAlpine, Mairtin O'Muilleoir eta Elisenda Paluzie egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.