EMAKUME BOTERETSU BATZUK

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina  Nafarroako presidente ohia
Yolanda Barcina (Burgos, Espainia, 1960) UPNko kidea Nafarroako Gobernuko presidentea izan zen 2011 eta 2015 artean. Lehenagotik ere egona da gobernuan: Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza kontseilaria izan zen 1991-1995 eta 1996-1999 artean. Gobernuan egon ez zen tartean (1999-2011), Iruñeko alkatea izan zen. Iaz, kargua uztean,esan zuen unibertsitatera itzuliko zela, politikan sartu zen ate beretik irtengo zela; hilabete eskasean, ordea, Telefonicaren filial batek fitxatu zuen.

Michele Alliot-Marie Frantziako Atzerri ministro ohia
Frantziako Legebiltzarreko diputatua izan zen Michele Alliot-Marie (Villeneuve-le-Roi, Frantzia, 1946) 1986-2012an, eta PR alderdiaren buru 1999tik 2002ra (egun, LR Errepublikanoak). Parisen egon zen luzaroen: 2002tik 2011ra ministerio garrantzitsuen buru izan zen (Defentsa, Barne Ministerioa, Justizia eta Atzerri Ministerioa). Artean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) alkatea ere bazen, jardun ez arren. 2017ko presidentetzarako hautagaia da, zentro eta eskuinaren primarioetatik pasatu gabe.

Margaret Thatcher  Erresuma Batuko lehen ministro ohia
Burdinazko dama ezizenez ezaguna da Margaret Thatcher (Erresuma Batua, 1925-2013). 1979tik 1990era Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen. 1970etik aurrera aritu zen gobernuan, Edward Heath lehen ministroak Hezkuntza idazkari izendatuta. Eskuindarra zen ideologiaz, eta jauntxokeriaz gobernatu zuen, gobernuko kideekin eta kanpokoekin. G7ko eta Europako Batasuneko Kontseiluko presidentea izan zen aldi berean: historiako lehen andrea izan zen bi karguak batera betetzen.

Christine Lagarde  NDFren zuzendaria
NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria da Christine Lagarde (Paris, 1956) 2011. urteaz geroztik: kargu hori betetzen duen lehen emakumea da. Forbes aldizkariak hainbatetan sartu du munduko emakumerik boteretsuenen zerrendan. Lehenagotik ere kargu garrantzitsuak izan zituen Frantzian: besteak beste, Merkataritza eta Industria ministroa izan zen, (2005-2007), baita Finantza ministroa ere (2007-2011). G8an parte hartu zuen lehen Ekonomia ministro emakumezkoa izan zen.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra
Angela Merkel (Hanburgo, Alemania, 1954) Alemaniako kantzilerra da 2005az geroztik. Forbes aldizkariaren arabera, 2015eko emakumerik boteretsuena denak hainbat aginte kargu izan ditu. CDU alderdi kristau-demokrataren presidentea da 2000tik. Thatcher bezala, G8ko eta Europako Batasuneko Kontseiluko presidentea izan zen aldi berean —historian, hori egiten bigarrena—. 1990eko hamarkadan bitan izan zen ministro: Emakume eta Gazteriarena (1991-1994) eta Ingurumenekoa (1994-1998).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.