RIO16. IPANEMAKO MUTILA

Xanpaina hegazkinean

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bueno, Iñaki, uste dut honezkero konta dezakegula xanpainarena, ezta? Iñaki, Iñaki Chourraut da, eta anekdotaren beste hanka Txelo Iurramendirena da. Maialen Chourrauten gurasoak bikote ezin atseginagoa dira, eta BERRIAko kazetariok haiekin egin genuen Riorako bidea. Gure aurrean egokitu zitzaien eserlekua, eta euskara entzuteak eman zigun elkarren berri. Bazkaltzeko garaia ere iritsi zitzaigun, «oilaskoa edo bakailaoa?». Bakoitzak berea. Eta edateko, xanpaina. Laurok eskatu genuen, baita topa egin ere:«Ez dadila esan, demontre!»; eta, gero, iragarpena goiko argazkikoak: «Iñaki, xanpainarekin hasiko duzue bidaia, eta xanpainarekin bukatuko!».

Ez zien grazia handirik egin, ez baitute gustuko irabazi gabe ospakizunik egitea. Kirolari baten guraso izatea ez da erraza. «Irabazten duen kirolari bakoitzeko galtzen duten asko daude. Eta zuek hori ez duzue ikusten», zioen atzo Txelok, zentzu handiz, anekdota oroitzean. 22 ordu eta hiru hegazkineko bidaia egin genuen elkarrekin, gutako bakoitzaren biziak kontatzeko nahi beste denbora. Eurek alabaren atzetik eginiko milaka kilometroak azaldu zizkiguten, pozak, atsekabeak, bidaiak... Bizitzeko modu bat, azken finean. Kirolari batek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da haren ingurukoen babesa, eta hark ere helburuaren alde apustu egin dezala.

Maialen Chourrautek domina irabazi zuenean, parez pare egin nuen topo Txelo eta Iñakirekin, eta musu handi bana eman nien, eta haiek gustura hartu. Poz ikaragarria hartu nuen, haiei entzunikoen ondoren garbi nuelako familia horrek merezi zuela domina. «Askok merezi dute, baina irabazi egin behar da», Txelok, berriz ere, zentzua jarri zion egoerari. Merezi eta irabazi. Gaur, itzulerako hegazkinean, egin ezazue topa berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.