Usue Molina.

Gazitik gozora

2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Ametsetan gaude Lugañene baserrian. Bi egun pasatu dira Euskotren ligako koroa etxera ekarri genuenetik, eta aparretan gabiltza oraindik.

 

Asteburuari begira, aitortu behar dugu ez dela gure onena izan. Emozio eta sentimenduz betetako asteburua izan da: Donostia eta kluba arraunaren historian sartu nahi genituen. Larunbateko estropada ez zitzaigun nahi bezala atera; ez genuen asmatu arraunkerarekin. Bigarren aukera izan genuen igandean, eta, burua hotz izanda, koroa preziatua etxera ekartzea lortu genuen.

Asteburu honek ikasteko eta kirolaren gordintasuna gertutik ikusi eta bizitzeko balio izan digu. Edonork nahiko lukeen egoeran ginen, liga jokoan zela, etxera txapeldun itzultzeko egoeran. Gozamena, presioa, arraunkera hartzeko zailtasunak, hamar segundo atzetik geratu, etxera zalantzaz beterik itzuli, baina burua altxatu eta hurrengo estropadari zerotik ekiteko prest. Zaila da ulertzen ligako unerik gozoenean kirolari batek izan dezakeen tentsioa, hilabeteetan eginiko lanaren aurpegi gordinena erakutsiz. Kirolak eta lehiak alderdi asko elkartzen ditu, eta denen arteko lotura fina eta sendoa izatea ezinbestekoa da: egoera fisikoa, buruarena, taldekideen arteko harremana, nekea, konfiantza... Talde gaztea gara, eta horrelako asteburuak ikaskuntza pertsonalerako aurrerapauso izugarriak dira.

Ikaragarri hunkigarria izan da gertukoek baserrian egin diguten harrera. Emozioz beteriko hitzak jaso genituen klubeko beste kideen ahoetatik. Begirada atzera bota, klubaren lehen urteak gogoratu, eta gaurdaino egindako lana. Izugarrizko ibilbidea! Eta gu harro gaude ibilbide horren parte garelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.